GAUR8 - mila leiho zabalik

Kontakizun on bat, bisio zorrotza eta misio zehatza


Bihoa lehendabizi aitorpena: ez ditut azken garaiko eztabaida politikoak pasioz jarraitzen. Zapore gozotik baino gazitik gehiago dute niretzat. Ohiko erritual eta liturgietan ez baitut antzematen euskal herritarrak entzuteko zain eta irrikan den kontakizunik, emozioarekin kontatua den egitasmorik, politikaren substantzia eta musika bere forma gorenean adierazten dituenik, politikaren helburu bikainenak lortzen –hots, sendatzea, edukatzea eta lideratzea– saiatzen denik. Euskal Herrian politikaren fantasia eta indarra plaza publikotik urrun dabiltza, garaiak ez direlako aproposenak agian, gauzak dauden bezala daudelako. Baina aldatu daitezke, bai horixe.

Politikan kontakizunek garrantzi handia daukate, haur ginenean kontatzen zizkigutenak bezainbeste. Orientatu ahal gaituzte, mundu ikuskeraz eta balio nobleenez informatu. Kontakizuna izan da ezagutza eta balioak transmititzeko bidea. Haurrek loaren aurretik erreguka kontakizunak eskatzen dituzte. Hiru erlijio monoteisten liburu sakratuak paraboletan idatziak dira. Are, adibidez, zientzia kognitiboak erakutsi duen legez, botoa programaren azterketa arrazional eta hotz batek baino gehiago kontakizunak sortzen duen emozioak zehazten du.

Faltan sumatzen dut kontakizun on hori. Eta uste dut euskal jendearen umore politikoa aldatuko bada, pasioa berreskuratu eta arrazoi puruak baino gehiago asmo emozionalek argitu beharko dutela gure bidea.

Sinistu nahi dut elkarrizketa heldua, egiazkoa, ahalbidetuko duen kontakizuna eta kultura politikoa eskuratzeko gai izango garela. Sinistu, Euskal Herri berri baten etorkizuna pentsatu, imajinatu eta bizitzeko gai izango garela. Euskal herritarrentzat autodeterminazioaren ekologia bat, bere espazio eta tresnekin sortzeko gai izango garela. Ideologiari garrantzia eman eta esperantzari bitartekoak emango zaizkiola, jendeari ahotsa eta boterea, umoreari eta ametsaren ildoari merezi duten errespetua.

Euskal Herriaren etorkizuna orain ari dela forma hartzen sinisten dut. Izango dituen balio eta lehentasunak jokoan daudela eta aukera paregabea dugula zein oinarriren gainean eraikiko den erabakitzeko. Unea hau dela, momentu hau elkarrizketa serio eta elkarrekiko errespetuan egitekoa dela. Eta alderdi-uniformea daramaten soldaduei gogorarazi behar zaiela, igual zait jelkideak diren edo paleokomunistak, ideien borroka dela hau, ez kontrolerako edo higadura pertsonalerako guda bat.

Sinisten dut, sinisten dudanez, estrategia eta taktika kalapitetan trabatu ordez, txikikerietan kateatu ordez, gure herria asko hazi dela eta bere buruarekin elkarrizketa inteligentea, kategoriazkoa eta edukatua egiteko gai dela. Estrategia baino lehenago horizontea, ikuspegia, bisioa dagoela sinisten dut. Eta, taktikak baino gehiago, ikusten dugun horrek ematen diola zentzua misioari, zertarako eta zer egin galderei erantzuna.

Euskal Herriaren garapen ekonomiko eta soziala marrazteko bisioa behar da. Gehiago eta hobeto eraikitzeko gehiago banatzea, irabazleak dena hartuko ez duen joko politikoa taxutzea, produktiboagoa, sozialki berdinagoa, berritzaileagoa, konpetitiboagoa, herritarrak zoriontsuago nola egin erakutsiko duen bisioa. Urrutiko gogomira, post-it-etako zereginetatik haragokoa, txikimundu eta politikakeria oroz gaindikoa. •