2021 URR. 16 Ikasgaiz beterik datorren hamargarren urteurrena Iñaki Altuna Aieteko Konferentziaren eta ETAren borroka armatuaren amaieraren hamargarren urteurrena dugu egunotan. Arreta piztu du gaiak berriro ere. Egoera hura ekarri zuten faktore nagusiak eta gertaera haiek sortutako ondorio garrantzitsuenak aztertzeko une egokia izan daiteke, eskematikoki bada ere: – Duela hamar urte gertatutakoa ez litzateke ulertuko aurretik ezker abertzaleak erabakitako estrategia aldaketa egin izan ez balitz. – Aieteko Konferentzia zein Adierazpena eta, haiei erantzunez, ETAk ekinbide armatuaren amaiera iragartzeko zabaldutako adierazpena aldez aurretik adostutako akordio baten parte ziren. Nazioarteko bitartekariek egin zuten, alde batetik ETArekin eta beste batetik Espainiako Gobernuarekin hitz egiten. Zeharkako negoziazioa izan zela esan daiteke. «Hoja de ruta resultante» deitu zioten adostutakoari. – Aieteko Adierazpenak izaera integrala zuen, gatazkaren ondorioei ez ezik gatazkaren muin politikoari ere erantzun zion. – Deigarria izan zen Espainiako Gobernuari ez ezik elkarrizketarako Frantziakoari ere deia egin izana. – Borroka armatuaren amaiera akordio horretan jasota egon arren, borroka armatua uzteko erabakia aipatu estrategiaren aldaketak ekarri zuen. Ez zuen atzera bueltarik, edozein zela ere aipatu bide orriaren garapena. Beste garaiko negoziazio ereduak gaindituta ziren eta helburua ziklo aldaketa abiaraztea zen. – Ezker abertzaleak, ETAk eta nazioarteko eragileek, Norvegiako Gobernua barne, hitza erabat bete zuten; Espainiako Gobernuak, ez. – Ezker abertzaleak eta, zehazki, ETAk adostutako bide orria ahal bezainbeste garatzea zuten helburu. Espainiako Gobernua onartutako Aieteko Konferentziari indarra kentzen saiatu zen lehen unetik (horregatik ez zen Patxi Lopez lehendakaria bertan izan). Azken finean, Rubalcabaren taldearen helburua partziala zen, borroka armatua indargabetzea. – Hilabete baten buruan, 2011ko azaroaren 20an, PPk hauteskundeak irabazi zituen. Ordurako Aiete eta ETAren adierazpena eginak izatea garrantzitsua zen; bestela, ez zen urratsik egingo. Rajoyk ilegalizazio ziklo berri bat iragarrita zuen. Gobernura iritsita ez zuen halakorik egin, eta ez zuen Norvegiako eremua desegin. ETAren ordezkaritza 16 hilabete egon zen Oslon zain. Egoera usteltzen utzi zuen PPk, ordea; eta inboluziorako joera indartu zen. PPk eta PSOEk EAJrekin ebazpena adostu zuten Espainiako Kongresuan. – Bake prozesu bat izan behar zuenak beste izaera bat hartuko zuen, nazioarteko eragileen eta, batez ere, euskal herritarren inplikazioari esker. Hortik etorriko zen armagabetzea (2017) eta ETAren desegitea (2018). – Politikoki, Aieteren ostean, ezkerreko subiranismoa indartu egin zen Euskal Herrian, eta Estatu espainolaren eskaintza politikoak gero eta babes gutxiago izan du. Horrek, halere, ez du oraingoz burujabetza eskuratzeko prozesu trinkorik ekarri. – Presoen zauria zabalik geratu zen. Azken urteetan urratsak egin diren arren, gaiari ez zaio oraindik behar bezalako konponbidea eman. – Hamargarren urteurrenean hainbat ekitaldi, adierazpen eta balorazio izaten ari da, egindakoaz eta egin gabe geratutakoaz. Aieteko Adierazpenaren izaera integrala erreferentzia baliagarria da, oraintxe gatazka politikori nola heldu ahal zaion baita gako nagusia. • Lo que debía ser un proceso de paz adquiriría otro carácter gracias a la implicación de agentes internacionales y, sobre todo, de la ciudadanía vasca