GAUR8 - mila leiho zabalik

Aurrerantz ihes


Eginez ebazten zen pasa den egunean buruan bueltaka izan nuen asmakizuna. Sua ezkerretik eskuinerantz zabaltzen ari den irla batean zaude, oraindik erre gabeko zatian, baina haizeak zugana darama sua. Suak erreta ez hiltzeko irtenbidea erraza da, baina intuizioaren aurkakoa. Hain zuzen ere, sua piztu beharko genuke gauden lekuan, lerro oso bat, haizeak eskuinerantz erre dezan. Suaren atzetik lasai ibil gaitezke gu, atzetik datorren suak ez baitu izango zer erre hara iristean, eta hala amatatuko baita...

Inpresioa dut antzerako pentsaera dutela Lurreko baliabideak ustiatzen dituztenek edo, hobeto esanda, antzerako logika duela kapitalismoak. Ikasleekin taula periodikoa jorratzen ari garen honetan, zer eta hain maite dituzten mugikorretan topa daitezkeen elementuen urritasuna aztertzen hasi berri gara... izan zitekeen une tragiko bat, baina ez, oso arin banalizatu dute mineralen kolapsoaren mezua, azken urteetan hamaika aldiz alarma bera entzuten (eta ikasten) ari baitira, egoera aldatzeko helduek ezer egiten ez dugun bitartean. Oso azkarrak dira gaztetxoak.

Hala ere, sartu gara elementuek lurzoruan duten ugaritasuna aztertzera eta irudira ekarri dugun taula polit hau antzeman dugu. Elementu bakoitzaren gelatxoa ugaritasunaren arabera deformatu zaigu eta, paperean asko igarriko ez den arren, kolorez lagundu dute urritasunaren urgentzia: gorriz daude heldu den 100 urteetan galtzeko arrisku larrian direnak, laranjaz erabilera handitzen ari delako arriskuan direnak eta horiz eskuragarritasun mugatua dutenak. Horrez gain, grisez markatu dituzte gatazka lekuetatik heldu diren mineraletatik –“ageriko gatazka” apika zuzenagoa– eta mugikorraren iruditxo bat jarri diete gailu hauetan topa daitezkeen elementuei.

Ikusten denez, ugariak dira mugikorretan topa daitezkeen elementu kritikoak. Pantailetan ukipena ahalbidetzen dute eztainu (Sn) oxidoak eta indioak (In), eta elementu ezohikoak erabiltzen dira koloreak sortzen laguntzeko. Baterietan ezaguna zaigun litio (Li) kobaltoaren (Co) oxidoa erabili ohi da elektrodo positibo gisa. Elektronikari dagokionez, txipak dira elementu aniztasun handiena dutenak. Silizio (Si) puruz eginda daude txipak, silizio oxido geruza fin bat egiten zaielarik, baina silizioa ez denez elektrizitate eroale, beste elementu batzuekin bonbardatu behar dute bere funtzio erdieroalea bete dezan, hala nola fosforo (P), antimonio (Sb), artseniko (As), boro (B), indio (In) eta galioarekin (Ga). Osagai mikroelektroniko eta kableei dagokienez, sareak nagusiki kobrez (Cu), urrez (Au) eta zilarrez (Ag) eginak dira. Azkenik, bozgorailu eta bibratzaileek funtziona dezaten imanak behar dira eta hauek neodimio (Nd), burdina (Fe) eta boro (B) aleazioak dituzte.

Sutan dagoen irlaren antzekoa da gure planeta eta, piromano inteligenteok ez gara suak erreta hilko, ez, baina eta nola biziraungo dugu zeharo erretako irla batean? Suak erreta hiltzea goseak jota hiltzea baino okerragoa al da? Beharbada hori argitzea soilik falta dugu ihes betea lortzeko... •