GAUR8 - mila leiho zabalik

Fikzioa, oroitzapenak eta istorioak


Zergatik irakurtzen dugu fikzioa? Zergatik gustatzen zaigu gertatu ez diren istorioak irakurtzea? Ikasten al dugu ezer munduari buruz, geure buruei buruz, fikzioa irakurriz? Zenbait fikzio-genero errealitateari leialagoak zaizkio. Nobela historikoekin, adibidez, ikasten dugu zerbait lurralde bati buruz, aro bati buruz, benetan gertatu zen pasadizoren bati buruz, egiaz existitu zen pertsonaiaren bati buruz. Ez naiz ni fikzio mota horren oso zalea. Beste muturrean dira, seguru asko, zientzia-fikzio lanak. Errealitateari arrotz zaizkion lurraldeak, izan ez diren garaiak, inoiz lurrik zapaldu ezingo luketen pertsonaiak. Fikzio-lan horiek ere ez daude nire gustukoenen artean. Esango nuke, gertatu ez diren baina gerta zitezkeen istorioak irakurtzea gustatzen zaidala gehien.

Ez zait zientzia-fikzioa gustatzen eta ezin ditut kontraesanak jasan. Eta azkenaldian gehien gustatu zaidan liburua Ted Chiangen “Exhalation” da.

Liburuko bederatzi ipuinetatik batek zera kontatzen du: gizakioi burmuinean txertatzeko teknologia berri bat asmatu dela eta, horri esker, jaio ginenetik bizi izan dugun guztia gogoratzeko gai izan gaitezkeela. Teknologia modu hori txertatua duenak, film bat berrikusten duen gisan berrikus dezake bost urte zituenean amonaren gonapean bizi izan zuen arratsalde polit hura; giltzak ezin aurkitu baldin badabil, egin dezake bi ordu atzera eta bere buruan berrikusi non utzi dituen giltzak etxera sartu denean; lankidearekin gaizki-ulerturen bat baldin badu, egin dezake atzera eta hari erakutsi zer erabaki zuten azken bileran. Badirudi, teknologia honi esker, gizaki hauek den-dena gogora dezaketela.

Baina, hori al da ba zerbait gogoratzea? Ezetz esango nuke. Chiangen fantasiazko munduetatik kanpo bizi garen gizaki erreal tristeok ez dugu horrela gogoratzen, bizitakoak gogoratzen ditugunean. Gogoratzea ez da hori. Ipuinean ere iradokitzen zaigu badela alderik: pertsonaia nagusiak baditu oroitzapenak teknologia berria erabiltzen hasi aurretik ere, eta horietako batzuk argi eta garbi gogoratzen ditu. Bat, bereziki: duela zenbait urte alabarekin izandako eztabaida. Hitzez hitz gogoratzen du, hasi eta buka. Ez hori bakarrik: gogoan du nola sentitu zen entzundakoak entzundakoan, eta alabak nolako aldartez esan zizkion esan zizkionak. Elkarrizketa hark dena aldatu zuen, nola ez du ba gogoratuko. Orain, teknologia berriari esker, urteak atzera egin dezake, eta une hura berrikustea egin du lehenengo gauza. Berrikusi, behin eta berriz. Eta, hara: ez da hori berak gogoan zuen eztabaida. Beste batzuk dira hitzak, bestelakoak dira sentimenduak, beste bat dirudi berak.

Ez gaizki ulertu: ipuinak erakusten duena ez da batzuetan erratu egiten garela, eta gauza batzuk oker gogoratzen ditugula. Ipuinak erakusten diguna da gogoratzea ez dela film batean atzera egin eta pasarte bat berriro ikustea, kanpotik, irudiak pantailan nola. Oroitzapenak ez direla argazkiak, kanpotik egiten direnak eta urteetan hortxe dirautenak, hotz eta arnasgabe. Oroitzapenak ez dira gertaera disekatuak. Gehiago dira bizi izan dugun zerbaiten gainean marrazten ditugun koadroak. Eta, beraz, gogoratzea ez da argazki-album bat ikustea; gehiago da gertatu zaizkigunen gainean marraztu ditugun koadro horiek jostea, lotzea, batzea, gainjartzea. Gure istorioari “zentzua” ematea. Eta, zentzu horren bila, egokitu, moldatu, zuzendu edo osatu egiten ditugu etengabe koadroak, eta horien arteko lotura eta garrantzia eta jarraikortasuna. Zerbait kontatzen duten arte, gutaz zerbait esaten duten arte. Eta, azkenean, inporta digun bakarra ez ote den orain garen horrek zentzuren bat izatea. Eta zergatik inporta ote digun ba horrek.

Esango nuke horregatik (ere) irakurtzen dugula fikzioa. Gertatu ez diren istorioak irakurtzeak lagundu egiten digulako gure istorio propioa josten. Beste esku batek ez diren bizitzen koadroak nola margotzen dituen ikusteak lagundu egiten digula guk gureak hobeto margotzen. •