GAUR8 - mila leiho zabalik

Galtzen goaz...


Gaurkoan zertxobait pedante jartzeko arriskua hartuko dut. Izan ere, azken asteotan nabaritu dut familiarteko elkarrizketetan, ikasleekin hartu-emanetan eta tabernan aldamenekoei entzuten diedanetan, eskuineranzko lerratze indartsua eman duela iritzi publikoak. Nire ikasleen arabera (berdin familia euskalduna, gazteleraduna edo magrebtar hiztuna duten...), Gibraltar espainiarra omen da eta hori ozen esan behar dute. Bestalde, beste gazte batzuei entzundakoaren arabera, trans zarela esaten baduzu epaiketa batean, ziur arrazoia emango dizula epaileak. Lehenari buruz, ya tal... Bigarrenaren kasuan, esango nuke gazte horiek ez dutela izan espainiar epaileak ezagutzeko zorterik. Torturen aurrean literalki beste aldera begiratzen zuten horiekin, egunkariak eta irratiak ixteko argudio legalik gabeko mordoiloak onartzen zituzten haiekin.

Jakin badakigu, frankismoaren osteko depuraziorik ezak erraztu egin zuela, zalantza sortuz gero, espainiar epaileek legearen interpretaziorik atzerakoiena egitea. Kataluniako estatutuarekin egin zuten bezala eta ezker abertzalearen ilegalizazioarekin egin bezala. Galdetu Puigdemonti, delitu larria burutu omen zuena, zer eta lau segundo iraun zuen Errepublika Katalana sinbolikoki aldarrikatzea. Nire ikasleek ere gorroto dute, merezi baitu kartzela, egin omen du-eta delitu larriren bat Espainiaren aurka.

Pedante jarriz, orain bai, Gramscik azaldu zuen, marxista orok ulertzen duen eran, sistemak berak sortzen dituela sistema hori bera ezbaian jarriko duten kontraesanak eta etorkizunean mundu berria aldeztuko duen subjektu politikoa. Bere ikuspegian, iraultzaileoi dagokigu subjektu hori ideologikoki elikatzea, mundu zaharrarekin apurtu eta berria eraiki dezan.

Pentsatzekoa da, eliteak berekoikeriak, itsukeriak eta nazkak gidatuta agintzen badu, horien mendean gaudenon artean elkartasuna, ikuspegi irekiak eta maitasuna hedatuko direla, sistema aldatu nahi bada. Baina hori gertatu beharrean, elitearen balioak gero eta hedatuago daude azken hilabeteetan, gainera, bere bertsiorik kasposo eta kutreenean.

Sistemako galtzaileek, mundu berria aldarrikatu beharrean, mundurik zaharrenetan itsusiena, faxismoa, hurbilago sentitzen dute iraultzaren nahia baino. Elkartasuna eta borroka kolektiboa, gure gorputzen eta eskubideen defentsa, urrun geratzen ari zaizkio langileon arteko zati handi bati. Eta ez du balio esatearekin elite pijo baten diskurtso bera baldin baduzu kokoloa, matxista eta arrazista zarela. Hori Ingalaterran egin zuten Brexitaren erreferendumaren garaian eta gero gerokoak... Esan izan da faxismoa kapitalari bere sistema mantentzeko geratzen zaion azken bala dela. Nik ez dakit hori hala den baina azken bala bada, gure estrategian asmatu beharra dugu eta, bigarren zatia hasterako, galtzen ari garela barneratu... Erremontada martxan jarri beharra dugu berandu baino lehen. •