GAUR8 - mila leiho zabalik
PANTAILA TXIKIAN

Hego Korea, txipiroiez harago

Denok entzun dugu jada –nazkatu arte– mundu mailako fenomeno bilakatzen ari den Netflixeko «Squid Game» telesailari buruz. Azken egunotan aldiz, Apple tv+ plataformak «Dr. Brain» telesail hegokorear interesgarria ere estreinatu berri du. Nazioarteko erakusleiho lehiakorrean kokatzea lortu duten izenburu horiek aitzakiatzat erabili nahiko nituzke, ekialdeko zinemaren itsaso zabal horretan, oso gustuko dudan uharte bat aurkezteko: thriller korearra. Ezagunak dira indarkeria esplizituki agertzeko duten zaletasunagatik, baina baita umore beltzarekin nahasteko duten ahalmenagatik ere. Teknikoki bikainak, gidoi sendodun istorio ilunak, indarkeria esplizitua gainezka duten sekuentzia bortitzak eta interpretazio paregabeak.


Mendebaldeko narratibarekiko antzekotasun handia dutela esan daiteke, bai. Baita zinema komertzialaren antzeko arauak jarraitzen dituztela ere, ados. Baina Hollywoodeko film batek zeharkatuko ez lituzkeen muga horiek hausteak thriller korearra azpigenero bilakatu duela pentsatu izan dut beti. Istorio gehienetan loratzen den kodiziaren eta mendekuaren bilaketa horrek sen ona traizionatu daitekeela erakusten duelako. Pertsonaien portaera irrazional horrek gure mundua zeharo suntsitu duela, alegia.

Filmon erakargarritasunaren gakoa bizi ditugun garai kezkagarri honekiko duten loturan aurki dezakegu. Gizarte korear horren ikuspegi iluna, planteatzen diren gai gehienen hazkuntza-likidoa baita. Mitologia fantastikotik eta mamu mendekarietatik haratago, benetako beldurra errealitatean bertan topa daitekeelako. Horixe da thriller korearrek maiz jariatzen duten indarkeriaren eta basakeriaren zergatia.

Herrialde nordikoetatik datozen Nordic Noir filmekin gertatzen den bezalaxe. Danimarka, Suedia, Islandia ala Norvegia arrakasta handiz ari dira euren ekoizpenak mundu osora esportatzen. Gu guztiok idealizaturik dugun gizarte horrek miseriak ere badituela nabarmentzen duten istorioak jorratuz, batik bat. Eta benetako beldurra, gure lasaitasuna eten dezakeen beldurra, bizi ditugun garai latzetan topa dezakegulako. Gidoiaren barneko pertsonaia eta kokalekuak lantzeko orduan, ikuslearengan enpatia sortzea da gakoa, identifikatuta sentitzea. Horretarako, ezinbestekoa izaten da polizia tramaren azpian, bahiketa kasuaren tartean ala beldurrezko pasarteen muinean, gizarte gaiak lantzea. Azken batean, modu sotilean herrialde jakin horren erradiografia erakustea. Eta hori da, hain zuzen, thriller korearretan topatuko duguna. Thrillerra bai, baita akzioa, beldurra, odola eta umorea ere. Baina batez ere, gizarte korearraren eskaner txiki bat. Hauxe nire ustez “Squid Game” telesailaren alderdirik interesgarrienetarikoa.

Dena den, esan beharra dut generozko film korearrak ez direla inoiz ikusle korearraren gustukoenak izan. Beldurra, fantasia eta thrillerrak azken postuetara baztertu ohi dituzte –animazioa eta zinema erotikoaren gainetik soilik, beraz, pentsa–. Lehen postuetan, nola ez, melodramak, zinta erromantikoak, komediak… aurki ditzakegu. Baina tira, sasi-intelektual jaka esekitokian zintzilikatuko dut behingoz eta matraka hau alde batera utziko, film zein telesailak ikusteko gonbidapena luzatzea baita egin dezakedan gauzarik onena. Emandako argudio guztiak ahul geratzen direlako izenburuok duten indarren aurrean. Argudio sendoenak pantailan topatuko dituzue. Hortik aurrera, bakoitzak atera ditzala bere ondorioak.

Pantaila txikiko izenburu batekin hasiz –aipaturiko “Squid Game” eta “Dr Brain” ikustea ere interesgarria iruditzen zait, noski–, “Kingdom” generozko proposamena gomendatu nahi dizuet. Erdi Aroan girotua, Joseon samuraiaren dinastiaren aroan, apokalipsi zonbi ezohiko bat erakusten duen izenburua da. “The Walking Dead” telesailaren zalea bazara eta azpigenero honen beste ikuspegi berri bat ikusi nahi izanez gero, apuntatu izen hau.

Pantaila handira jauzi eginez gero, aldiz, asko daudela esatea nabaria denez, «ezinbestekoak» aipatzen saiatuko naiz. “Memories of murder” zerrenda horretako filmen artean ezinbestekoena litzateke. “Zodiac” eta “Seven” filmen ukituak dituen istorio indartsuak 2003ko Donostiako Zinemaldian zuzendari onenaren saria eman zion Bong Joon-hoo zinemagileari. 1986ko Hego Korean girotutako filma da. Neska gazte bat bortxatu eta erail egin dute. Bi hilabete geroago, modus operandi berarekin akabatutako biktima gehiago azalduko dira. Serieko hiltzaile horren kasua ikertu bitartean, elkarren artean oso desberdinak diren bi poliziaren istorioa ikusi ahal izango dugu. Interesgarriena, 80ko hamarkadako Korean girotua dagoela, eta diktadura militarraren kiratsa nabari dela airean. Horrek guztiak, pertsonaia bitxi horiek sakontasun mamitsuz eraikitzea ahalbidetzen du. Istorio gogorra, iluna, nahasia, itsaskorra eta umore beltz ukitu zoragarriduna. Gidoia, interpretazioak, argazkia, musika… ezin trabarik jarri film paregabe honi. Thriller bat dela argi dago, baina baita drama politiko-sozial bat, eta zergatik ez, beldurrezko film bat ere.

Oraindik gosez? Iluntasun horren barruan galtzeko irrikaz bazaudete, ez galdu orduan izkina guztietatik zinema beltza jariatzen duen “A bittersweet life” (Dalkomhan insaeng, Kim Jee-woon, 2005) bikaina. Basatia eta zoragarria era berean.

Ala zergatik ez duzue tentsioz beteriko “The Chaser” (Chugyeogja, Na Hong-jin, 2008) thriller gupidagabea ikusten, sabelean ukabilkada lehor eta mingarria sentitzen duzuen bitartean? Dasta ezazue bestela Park Chan-wook zuzendariaren “The Vengeance trilogy” ezaguna. “Oldboy” (2003) zalantzarik gabe, trilogiako beste bi lanen gainetik dago. Borroka sekuentzia ikusgarriak, gordinak eta urduritasun ukitu batekin errodatuak. Dena den, gomendagarria da beste biak ere ikustea: “Sympathy for Mr Vengeance” (2002) eta “Sympathy for Lady Vengeance” (2005). Beldur ukituak dituen thriller poliziako baten bila zabiltzatela? “I saw the devil” (Akmareul boattda, Byung-hun Lee, 2010) duzue aukera onena. Bortitza, gogorra, odoltsua eta gordina. Gogoangarria bi protagonisten arteko duelua. Erokeriari, mendekuari eta heriotzari buruzko ezinbesteko filma.

“The Yellow Sea” (Hwanghae, Na Hong-jin, 2010), “Ddongpari” (Breathless, Yang Ik-june, 2008), “A Dirty Carnival” (Biyeolhan Geori, Yoo Ha, 2004), “The Man from Nowhere” (Ajeossi, Lee Jeong-beom, 2010), “Mother” (Madeo, Joon Ho Bong, 2009) eta abar. Asko dira ezinbestean ikusi beharrekoak. Ez izan, beraz, beldurrik aurreiritzi horien hesiak hausteko, eta ausartu ekoizpen hauek ezagutzen.