GAUR8 - mila leiho zabalik

Irudi medikoen garrantzia minbiziaren erradioterapia teknika berrien sorreran


Orain dela 100 urte baino gehiago erradiologiak erabateko eraldaketa ekarri zuen medikuntza arloan eta gaur egun erabaki medikoen %90 baino gehiago erradiologo baten menpe daude. Erradiologia irudi medikoetan oinarritzen den espezialitate medikoa da. Minbiziaren kasuan ere, irudietatik atera daitezkeen ondorioek gaixoaren eboluzioan eragin handia daukate. Eta are gehiago, gaur egun, ebakuntzarik jasan ez dezaketen minbizia duten gaixoen artean, jakina da erradioterapia dela tumorea desagerrarazteko bide bat. Kanpo erradioterapiari buruz hitz egiten dugunean, argi dago irudiek ere sekulako garrantzia dutela tratamenduak izan dezakeen arrakastan.

Teknologiak aurrera egin du eta honekin batera kanpo erradioterapia teknika berriak sortu dira. Teknika berri hauen artean SBRT teknika aurkitzen da. SBRT siglak ingelesezko Stereotactic Body Radiation Therapy hitzetatik datoz, euskaraz «gorputzeko erradioterapia estereotaktiko» bezala itzultzen dena. Teknika honetan gaixoek jasotzen duten irradiazio dosia saio bakoitzeko nahiko altua da, erradioterapia konbentzionalarekin alderatzen baldin badugu 10 bat aldiz handiagoa izatera heldu daiteke. Baina beste aldetik, SBRT-ren kasuan tratamendua 5 bat saiotara mugatzen da.

Jar dezagun adibide bat: erradioterapia konbentzionalean 1,5-2 Gy-ko dosia jasotzen da saio bakoitzeko eta SBRT teknikarekin, berriz, 15-20 Gy-ko dosiak jaso daitezke. SBRT teknikaren tratamenduaren kasuan, 3-5 saio izan ohi ditu, 2 astetan zehar ematen direnak; aldiz, erradioterapia konbentzionalean 5 bat saio izan daitezke astero eta 5 bat astetara luzatu daiteke tratamendua.

Teknologiaren aurrerapenaren ondorioz, immobilizazio teknika berriak agertu dira. Hauek, sabelaldea konprimitzeko eta nodulu edo tumorearen mugimendua minimizatzeko aukera ematen digute. Beste aldetik, irudien bidez gidatu daiteke irradiazio prozesua eta honen ondorioz, irradiazioa ematen den bitartean noduluaren jarraipena egin daiteke. Beraz, irradiatu beharreko tumorearen bolumena txikiagoa izatea lortzen da, zehaztasun handiagoarekin ezagutzen delako honen kokapena. Horrek hain irradiazio dosi altuak erabiltzea ahalbidetu du eta hau izan da SBRT teknikaren sorreraren hazia.

Hala ere, irradiazio dosi hain altuak erabiltzeak ere bere ondorioak ditu: tumorearen eboluzioa aztertzeko hurrengo hilabeteetan pazienteari ateratzen zaizkion irudietan erradiologoek ezin dute tumorea eta irradiazioaren ondorioz sortutako orbaina bereizi. Ondorioz, erradiologoak ez dira gai zehazteko tumorea hazi edo txikitu den hurrengo azterketetan. Argi dago, sendagileek badituztela beste datu kliniko batzuk eboluzio horren joera ikusteko eta ondorioak ateratzeko.

Epe laburrera sendagileen taldeetan oinarrizkoa bilakatuko den beste espezialista bat sartuko da: adimen artifiziala. Adimen artifizial horren bidez aldi berean milaka irudi mediko aztertzea posible izango da eta datu klinikoen arteko elkarrekintzak aurkitzeko abiapuntuak finkatuko dira. Erradiologiak orain dela 100 urte baino gehiago ekarri zuen iraultza bezala, adimen artifizialak ere bere iraultza ekarriko du hurrengo urteetan medikuntza arloan. •