2021 AZA. 20 AEB-EN GOTORLEKUA KOREAN Camp Humphreys base erraldoia, Ipar Korearen aurrean AEBek kanpoko lurretan duten base militar handiena Ipar Koreatik 100 kilometrora dago. Oraindik bukatzeko dago Camp Humphreys basea, baina prest dagoenean, datozen asteetan, 40.000 lagun baino gehiago biziko dira eta lan egingo dute bertan. Pentagonoak Seul inguruan dituen base guztiak lekualdatzeko eraiki zen base erraldoi hori eta, gerra oraindik teknikoki ez dela bukatu gogorarazten badu ere, AEBetako soldaduek gogoko duten destinoa da. Andres Sanchez Braun (Efe) AEBek kanpoko lurretan duten base militar handiena, Camp Humphreys, 2018. urtean inauguratu zen Hego Korean, eta gaur egun, osatzear badago ere, penintsula oraindik teknikoki gerran dagoela gogorarazten duen oroigarri indartsua da. «Fight tonight» irakur daiteke letra beltz handitan Humphreysen han-hemenka agertzen diren ur dorreetako batean. AEBetako herri txikiak gogorarazten ditu, tankera horretako biltegiak baitituzte. Lelo hori –«Gaur gauean borroka» esan nahi du– Infanteriako Bigarren Dibisioaren leloa da, Ameriketako Estatu Batuetako Zortzigarren Armadako atal nagusiarena. Bertan dauka, hain zuzen, bere kuartel nagusia, eta bere eginkizun behinena Hego Koreako lurraldea defendatzea da, Ipar Korearen «inbasioaren» aurrean. Defentsa horrek, leloak adierazten duen bezala, etengabeko prestakuntza eta zaintza eskatzen du, Piongiangen posizioak iparralderantz 100 kilometro eskasera daudelako. Horretarako, Humphreysek bere 14,3 kilometro koadroetan aktibo motordunentzako entrenamendu eremu balioaniztun bat du, Asian lurreko armada estatubatuarraren jarduera handiena duen aerodromoan. «Disuasio militar sinesgarria ematen dugu eskualdean edozein mehatxu edo arerioren aurrean», zehaztu du Lee Peters koronelak, Koreako Estatu Batuetako Indarren (USFK) bozeramaileak, aste honetan Efe agentziak basera egindako bisitaren hasieran. «Camp Humphreys ia osatuta dago, %85ean bukatuta, eta urte amaierarako %90etik gertu egotea espero da», gehitu du Petersek, eta gaur egun 32.000 pertsona inguru bizi direla eta bertan lan egiten dutela adierazi du. Bukatuta dagoenerako 40.000 edo 45.000 izatea espero da, Camp Humphreys zaharretik oso urrun, Pyeongtaek herriaren ondoan (Hego Koreako hiriburutik 60 kilometro hegoaldera). Seulek eta Washingtonek gaur egungo basea bertan ezartzea adostu zuten 2004an. Helburua zen Seulgo iparraldean edo hiriaren bihotzean bertan zeuden instalazio militarrak lekualdatzea eta biltzea, Piongiangek mugan dituen artilleria unitateen tiramenean geratzen zirelako. Horixe da Yongsan kanpalekuaren kasua, orduan USFKren kuartel nagusia eta Nazio Batuen Komandoa (UNC) zena, eta hori itzultzeak 2 kilometro koadroko espazioa berreskuratzea ekarriko dio Seuli. Urtegiari tokia kendu Humphreys zaharra ipar-mendebalderantz hedatzeko, Ansong ibaiaren deltaren ondoko zingira handi bati tokia kendu behar izan zioten. «Hondarrezko bi mendilerroren baliokidea behar izan zen», azaldu du Stuart Mayer Australiako almiranteordeak. 2019tik UNCko komandanteordea da. UNC da Koreako Gerran (1950-53) hegoaldeari babesa eman zion AEBek gidatutako koalizioa –gaur egun 17 herrialdek osatua–, eta oraindik konpondu gabe dagoen gatazka hau bertan behera utzi zuen su-etena sinatu zuten hiru aldeetako bat da (beste biak Ipar Koreako tropak eta Txinako Boluntarioen Armada dira). Bake adierazpen bat sinatzea, duela gutxi Hego Koreako Gobernuak berriro bultzatu duen proposamena, lehen urratsa izan liteke UNCren existentziari amaiera emateko. «Ez ginen sekula komando iraungiezin bat bezala ezarriak izan; helburu argi batekin eratua baizik: eskualdean bakea eta segurtasuna berrezartzea, eta behin hori lortuta, agintaldia desagertu egingo litzateke», dio Mayerrek. Australiako militarrak argitu du bake itun bat beharko litzatekeela (juridikoki loteslea, adierazpen bat ez bezala) UNC desegiteko, eta azpimarratu du garrantzitsua dela Washingtonek eta Seulek adierazpen horrek izango lukeen esanahia eztabaidatzen jarraitzea. Humphreysen sarrera nagusian bisitariari harrera egiten dioten Patriot misil bateria ilarak pentsarazten du penintsulan bakea ofizial egitea oraindik aukera urruna dela. «Ez dago zalantzarik Ipar Korea misilen ahalmena indartzen ari dela», adierazi du almiranteordeak. Piongiangek basera iritsi zenetik 32 jaurtiketa egin dituela azaltzen du eta horietatik bost irailean eta urrian egin dituela. Basean bizi eta lan egiten dutenentzat paradoxikoa da Humphreys berria 2018an zabaldu zenean –14 urteko garapenaren ondoren–, Ipar Koreako artilleria dagoeneko bigarren mailako mehatxua zela. Izan ere, epe horretan Piongiangek kuartela jotzeko ahalmena duten misilak egin ditu. «Ahalmen militarren handitzea ikusten ari gara mundu osoan, eta baita eskualde honetan ere», adierazi du Petersek. Hala ere, bere ustez, base hau «ezkutatutako altxorra» da, soldaduek eta haien familiek nahi duten destinoa. Ezinezkoa da Chinook edo Apache helikopteroen zaratari entzungor egitea Humphreysen, edo ibilbideen izenak Armadaren dibisio ezberdinen ezizenak direla ez konturatzea. Hala ere, etxebizitzen dorreek, eskolek, 27 zuloko golf zelaiak, gimnasioak, janari azkarreko jatetxeek, parke akuatikoak edo zinema aretoek oso bestelako bizimodua irudikatzen dute, «american suburbia» delakoa edo, basean esaten duten bezala, «etxea etxetik urrun». AMERIKETAKO ESTATU BATUEN BASEAK ITZULTZEKKO PROZESUA ABIAN DA BERRIRO AEBek lau base militar itzuli dizkiote Hego Koreari: Wonjuko Eagle eta Long kanpamentuak; Bupyeongeko Market kanpamentuko lursailak, eta Dongducheongo Hovey kanpamentuko Shea tiro eremuaren lursaila. Denak 2009-2011 aldian itxiak. Humphreys base erraldoian joan den abenduan adostu zuten itzulketak egiteko prozesua berriro abian jartzea, urteetan geldirik egon baita deskontaminazioaren eta inguruaren garapenaren aldetik zituzten desadostasunak zirela-eta. Seulen erdialdean dagoen Yongsan basea itzultzeko prozesua ere hasi da. Base hau garai batean Korean Estatu Batuetako Indar Armatuen (USFK) egoitza nagusia izan zen. Haren tokian parke nazional bat eraikitzeko egitasmo erraldoia prestatu dute agintari korearrek. Pentagonoak baseak itzuli baditu ere, oraindik deskontaminazioaren ardurari buruz eta instalazioen ingurumen kudeaketari buruz eztabaidatzen jarraituko dute bi aldeek. Seulek AEBen 26 instalazio militar entregatzeko prozesua bizkortu nahi du, gehiago atzeratzeak dagoeneko hutsik dauden baseak deskontaminatzeko ahaleginak eta eskualde garapenaren aurreikuspenak zaildu ditzakeelako. Azken hitzarmenaren ondorioz, hegokorear askok Yongsan lurralde osoa berreskuratzea espero dute. Inguru hau atzerriko indarrek menderatu izan dute historian zehar, baita Japoniak ere, penintsulan Tokiok ezarritako erregimen kolonialean. USFK-k 1957an kokatu zuen kuartel nagusia Yongsanen, Koreako Gerra bukatu ondoren. Camp Humphreysen, gaur egun, 32.000 pertsona inguru bizi dira eta hantxe lan egiten dute. Bukatuta dagoenerako 40.000 edo 45.000 lagun izatea espero da Base berria eraikitzeko helburua zen Seulgo iparraldean edo hiriaren bihotzean bertan zeuden instalazio militarrak lekualdatzea eta haien baliabide guztiak biltzea