GAUR8 - mila leiho zabalik

Eskualde burbuila


Egunotan etorkizuneko aurreikuspen ilun eta beltz askoren irudikapenak iristen zaizkigu, inoiz baino ozenago eta iturri arras antagonikoetatik zabalduak. Klima aldaketaren ondorioz kostaldea desitxuratzea, elektrizitaterik gabeko asteak, lurraldeak kimikoz kutsatzen dituzten hegaldiak, pasaporte bat lurraldeen arteko mugak zorrozten eta mugimenduak kontrolatzen, produktu eta elikagaien eskasia supermerkatu eta dendetan, ginebrarik gabeko Gabonak... Eszenario beldurgarri posible horiek, benetakoak izan ala ez –egiazkotasun edo gezurra nondik eta nola eraikitzen den beste kapitulu baterako emango luke–, bizi garen errealitate zaurgarriaz gogoeta egitera eramaten gaituzte ezinbestean. Pronostiko posibleak beldur eragileak dira gure bizimodua eta egunerokoa ez daudelako inolaz ere prestaturik eszenario horiei aurre egiteko. Norbaitek esan lezake salbuespenetik kanpoko egoeraren aurrean ez dela posible prest egotea, eta egia bada ere, kaos itzelean erortzeko erraztasunak zer pentsa ematen du. Krisialdia ekiditea ez da posible izango, baina daramagun bizimoduaren erokeriaz gogoeta egiteko parada ematen du sikiera.

Norbanakoaren bizimoduan pentsatzeko adina ematen dute pronostikoek. Nolakoa den bakoitzak daraman bizimodua eta norberaren erabakiek zenbateraino kokatzen gaituzten, ala ez, bizimodu zaurgarri baten aurrean. Nola kudeatzen dugun mugitzeko beharra eta leku batetik bestera joateko mugitzeko moduaren aukeraketa; gure despentsa zer produktuz dagoen beterik eta zenbat elikagaiz osatzen den, nondik datozen eta zer osagai dituzten; gure egunerokoa burutzeko zenbatean behar dugun elektrizitatea edo bestelako erregaiak; nolakoa den gure osasuna eta zer egiten dugun osasuna zaintzeko... Segituan ohartuko gara erantzukizun indibiduala eta kolektiboa estuki loturik daudela.

Hirigile eta arkitekto bezala, herri eta lurraldeen egokitasunean pentsatzera eramaten gaituzte katastrofeek. Konfinamendu garaian etxea bilakatu zen babesleku –balkoien aldarria ekarriz–, eta konfinatze ondorengoko bizitzak argitara utzi du gure babeslekua auzoak eta eskualdeak izan beharko lukeela. Hau da, egunerokoa egiteko beharrak auzoak eskaintzea eta bizitzaren oinarrizko beharrak eskualdeak asetzea dela zentzuzkoena. Eskualdeak energia eta elikadura hornitzailea izan beharko luke, eta auzoak kilometro zeroko lagunak, maitaleak, eskola, jantzi-denda, berdegunea eta baso zuzkitzailea beharko luke. Zenbat eta independentzia gehiago lortu autoarekiko, urrutiko elikadurarekiko, energia gastuarekiko, orduan eta indartsuago egongo gara etor litekeenaren aurrean.

Bizitzarentzat oinarrizkoak diren gaien deslokalizaziorako biderantz jo genuen aspaldi. Desoreka handi hari neurri egokia hartzeko unea iritsiko ote da. Biraketa ez da erraza eta katastrofe batek bakarrik bultzatuko lukeelako ziurtasuna daukat. •