2021 ABEN. 04 Hilotza Mantxako kanalean, migrante bat Panteoian Maite Ubiria Ur nahasiak izanen dira ezinbestean ondoko hilabeteetan frantses Estatuan. Presidentetzarako hauteskundeetarako bost hilabete eskas falta direnean, lehiakide guztien izenak ez ezagututa ere, eztabaidaren ardatz ilunak dagoeneko mahai gainean daude. Aste honetan bertan ezustekorik gabe azkeneko hilabeteetan eztabaida politika lokaztu duen eskuin-muturreko predikatzaile ikonoklastak bere hautagaitza ofiziala egin du. Aldez aurretik egutegian finkaturik zuen data horretara, ordea, espero baino egoera zaurgarriagoan heldu da Eric Zemmour. Marra gorri gehienak zapaldu ostean, Bataclanetik Marseillara, amildegiari gertutik begiratu dio lehen aldiz telebista platoetatik etengabe hauspotu duten pertsonaiak. Hala, ubelduraren bat edo beste jaso du barneak astintzeko dohaina duen hizlariak, iritzi inkestetan estropezu eginez. Horregatik, marketinetik harago, Paris inguruetan biharko antolaturiko ekitaldiak bestelako zentzua hartu du. Neurri batean, apoteosia irudikatzeko asmaturiko mitina gainbehera egiteko beldur soilak eragin dezakeen uxaldia saihesteko ekimen bilakatu da. Ur bizietan sartuta dagoen kanpainaurrearekin jarraituz, eskuin klasikoak zer jokalarirekin lehiatuko den soilik ez zer joko eginen duen behar du, gaur bertan, hautatu. Duda-mudatan ibili den eremu politikoak zirt edo zart egin eta biharamunean hautagai bezala lehenengo meza ospatuko du, hain zuzen, Zemmourrek. Baten batek zalantza bazuen, eskuinaren eremuan zalaparta sortzea lehentasun du polemistak kosta ahala kosta iparrorratza zorabioan duen hautesleria kontserbadore netoak bere alde egin dezan premia baitu. Izan ere, zarata neurgailuak sabaia jo ondoren sinesgarritasuna eraikitzeko abagune berria markatu behar zuen «gertaera», bat-batean, zertxobait desitxuratu da. Lanbroaz, beraz lanjeraz, beteriko kanalaren itxura hartu du eguzkiak goiena jo behar zuen mitinak. Mantxako itsasartean izandako gertakari lazgarriak antibalioen gaineko eztabaidaren antzukeria biluztu du. Ahoberoak mututu egin dira, une batez, ur hotzetatik heldutako garrasia hain da dardaragarria. 27 bat migrante hil ziren beren txalupak hondoa jo ondoren demokrazia liberalen iruditegian odolez ordaindutako askatasunaren ikur den Britainia Handiaren eta frantses Estatuaren arteko itsas pasabidean. Hilabete luzetan migrazioaren gaineko gezurren biltegia leporaino betetzen lagundu duten iritzi emaileak bat-batean isildu egin dira, hamarkada luzetan Calaisen etengabe pizturik atxiki duten su txikia infernua bilakatuko ote den beldur. Ordurako, gizatasunaren apologia soilak nekez estal dezake migrazioaren ibilbideak nola edo hala oztopatzeko itxurakeria handiz europar agintariek jorratutako politika. Horregatik, britainiar lehen ministro Boris Johnsonek emandako erantzun bihozgabea ezin da Emmanuel Macronen erantzukizun faltaren mozorro bilakatu. Agerikoa baita Mantxako kanalean inork salbatu nahi ez zituen migranteak hil zirela. Nahiz eta egun gutxitara Josephine Baker estatubatuar etorkinari sor zitzaion tokia egin Panteoian, Parisen. Arrazakeriaren aurkako borrokalaria, Erresistentziaren laguntzailea, artista, beltza, emaztea. Apropiazio politikorako joerak sortzen duen nekea aitorturik, mito baino gehiago, helduleku izan dadila. • La simple apología de la humanidad apenas puede tapar la mancha dejada por la política desarrollada por las autoridades europeas de obstaculizar la trayectoria de las personas migrantes