GAUR8 - mila leiho zabalik
KOLONBIAREN ZAURIA

Utopiaren zeharbideak ibili gaur, orbainak irabazteko bihar

Bada zubi bat Hernani eta Kolonbia lotzen dituena, ahalbidetzen duena hango deiadarra hemen entzutea. «Alerta gorrian» da herrialdea, eta herritarrek lau haizeetara zabaldu nahi dute, zabaltzeko beharra dute, Ivan Duqueren Gobernuak gidatzen duen giza eskubideen urraketa sistematikoa.


Ez dago orbainik, zakarra dirudien arren, edertasunik ez duenik. Istorio zehatz bat kontatzen da bertan, minen bat. Baina baita bere amaiera ere. Orbainak, beraz, memoriaren josturak dira, sendatzen gaituen erremate inperfektua. Zauriak inoiz ez ahazteko denborak aurkitzen duen forma». Piedad Bonnett idazle kolonbiar ezagunaren poema da honakoa, zeinari Kolonbiako Gobernuak ukatu egin baitzion, kritikotzat dituen beste hainbat idazleri bezala, 2021eko Madrilgo Liburu Azokara agertzea.

Kontua da Kolonbia oso-osorik arrakalatzen duen zauria bizi dagoela, ez dela oraino orbaindu. Eta zauri hori ixteko puntada ematen duenari segituan erortzen zaio gainera Ivan Duque presidentearen Polizia. Horrela ari da ‘Paro Nazionala’, herrialdeko historia garaikidean izan den mobilizazio garrantzitsuena, itotzen saiatzen agintari eskuindarra.

2019ko azaroan piztu zen protesta bolada herrialdean, herritar xumeenen kontrara diseinatutako zerga erreforma aitzakia. Robin Hood-en antzera jokatu zuen Duquek, baina alderantziz: herritarren %42,5 pobreak diren herrialdean (Estatistikako Administrazio Sail Nazionalaren arabera), erreformaren bitartez Exekutiboak eskuratu asmo zuen diruaren %27 soilik jarri beharko lukete enpresek.

Pandemiaren kolpeak lokartu ostean egin zuen eztanda berriz; Duqueren gobernua koronabirusa baino hilgarriagoa delako iritzia dutenek hartu zituzten kaleak, atzera ere, 2021eko apirilaren 28an, desberdintasun izugarriak eta polizien bortizkeriak zeharkatuta. Aurrera egiteko geldirik da Kolonbia. Eta lortu zuen Duquek atzera botatzea erreforma fiskala. Mobilizazioek, baina, asmo handiagoak zituzten. Manifestazioek bi hilabetez jarraitu zuten, eta pizgarria zerga erreforma izan bazen ere, milaka herritarrek protestan jarraitu zuten hainbat arrazoirengatik; besteak beste, osasun erreforma etetea, Polizia Nazionala eraldatzea, gizarte liderren eta gerrilletako borrokalari ohien hilketen aurka egitea edo Bake Akordioa errespeta dadila eskatzea.

Hau guztia herrialdearen norabidea alda dezaketen hauteskundeetarako lau hilabete eskas falta direla ari da gertatzen, eta litekeena da manifestazioak ordura arte luzatzea.

Egiturazko arazoak ditu Kolonbiak, halako erantzunak behar dituenak. Eta problematika asko eta anitzak ari dira azaleratzen azken hilabeteetan Paro Nazionala sostengatzen duten milaka pertsonek osatutako kolektiboetan, elkarren artean desberdinak badira ere, elkarrekin ari baitira Paroaren aterkipean. Lubaki lanetan ari dira inurriak, dena eraldatzeko: hala migranteen eskubideak, nola LGTBI+ kolektiboarenak, berdin emakumeenak.

Kolonbiako zauri erraldoi horretatik sortutako erreten batek zuzen lotzen du herrialde latinoamerikarra eta Euskal Herria. Hernani, zehatzago. 2020ko maiatzean, Mundu Berriak elkarteak lankidetza proiektu bat abiatu zuen Kolonbiako Antonio Nariño Unibertsitatearekin (Duitama, Boyaca) eta Hernaniko Udalaren babesarekin. Eta pasa den azaroaren 6an, “Kolonbia, Venezuela eta Hernaniren arteko jakintzak eta esperientziak partekatuz: berdintasuna, sexu aniztasuna, aterpea eta migrazioak” izeneko jardunaldia egin zuten Gipuzkoako herrian berriki martxan jarri den Kulturarteko Plaza Feministan.

Proiektuaren helburu nagusietako bat da, Ane Ortiz sexologo eta Mundu Berriak-eko kideak dioenez, Venezuelako biztanleria migratuarekin lanean diharduten aholkularitza juridikoetan –Kolonbiako unibertsitateetan bokazio «borrokalari eta transformatzailea» duten ikasle taldeek osatutakoak– «genero ikuspegia eta sexu eskubideen lanketa» txertatzea.

Horrela, jardunaldien bezperan eta Euskal Herrira iritsi biharamunean, Mundu Berriak elkarteak gonbidatutako lau giza eskubideen defendatzaile kolonbiar GAUR8rekin elkartu dira Kulturarteko Plaza Feministan, haien errealitatearen eta berau iraultzen saiatzeko egiten dituzten lanen berri ematera.

Mama eta siamesak

Euritan hartu ditu Euskal Herriak lau bisitariak, baina «tira, han ere horrela geunden», diote. Etxean bezala, beraz, baina kalean topatutako giroagatik bainoago, aterpean, Kulturarteko Plaza Feministan, hartu dituzten moduarengatik. Sarri eskertu diote Hernanin harrera egin dieten kideei etxean bezala sentiaraztea. Behin eta berriz nabarmendu dute nazioarteko elkartasunaren garrantzia. «Beharra», beraien kasuan.

Omaira Castellanos, Andra Hernandez, Astrid Castellanos eta Gabriel Andres Arevalo dira, eta Kolonbia erdialdean dagoen Boyaca departamenduan egiten dute lan giza eskubideen defentsan. «Boyaca, Kolonbiako departamendu seguruena», aurki daiteke sarean bilaketa azkar batean.

Ez lirateke ados egongo handik Euskal Herrira heldu diren lau kideak. Ekipajean dakartzate mehatxuak, borrokan hildako kideak, Gobernuak belarri atzera itsatsitako beldurra. Edo beldurraren galera. «30 urte daramatzat defendatzaile gisa, orduan, koraza bat sortzen duzu. Horrenbeste denbora igaro eta gero, beldurra ez da existitzen», dio Astrid Castellanosek.

Tunjan egoitza duen Kolonbiako Unibertsitate Pedagogiko eta Teknologikoko (UPTC, gaztelerazko siglengatik) Medikuntza Eskolako irakaslea da Astrid Castellanos, eta 2008tik geroztik, unibertsitate horretako Emakumeen Etxea zuzentzen du.

Mamá esaten dio Andra Hernandezek, kideetan gazteenak. 24 urte ditu, eta erreferentetzat du Astrid Castellanos, «milaka gazteren ama». Boyacako LGTBI+ sarea zuzentzen du Hernandezek, Femidiversas elkarteko kide da, ikasleen mugimenduaren parte, Zuzenbideko ikasle, Trans Bizi-esperientzia duten Pertsonentzako Ekintza eta Laguntza Taldeko (GAAT Fundazioa, gazteleraz) kide, besteak beste.

Omaira Castellanos abokatua eta emakumeen eskubideen defendatzailea da, irakaslea eta aktibista. “Taller de Eva” izeneko ekimena sustatzen du, zeinaren bitartez emakumeen ahalduntzerako tresnak lantzen baitituzte.

Gabriel Andres Arevalo, berriz, «bizitzaren aldeko militantea da». Mundu Berriak elkarteko kide da, abokatua eta soziologoa.

Guztiak giza eskubideen defendatzaileak izanik, kezkaz bizi dute Kolonbian gertatzen ari dena. «Kolonbia desberdintasun sozial gehien dituen munduko herrialdeen artean dago, eta bertan jasaten ari den indarkeria instituzionalizatua da. Estatuak giza eskubideen defendatzaileen kontra egiten du, emakumeen kontra, nekazarien kontra. Indar militarrak eta instituzioak siamesak dira», laburtu du Omaira Castellanosek.

Hiltzen isilarazi

Estatuaren eta indarkeriaren arteko anaitasuna are gehiago estutu da 2019an herritarren protestak hasi zirenetik. Latinoamerikako «demokraziarik zaharrena» esaten dioten hori falazia dela iritzi dio Castellanosek, «biolentzia erabiltzearen bitartez boterean mantendu den sistema besterik ez da». Horrexegatik, Omaira Castellanosek dioenez, hartu zituzten berriz ere kaleak herritarrek, pandemiak gogor jo zuen herrialdean, «Gobernua pandemia baino arriskutsuagoa da» lelopean.

«Orduan masiboki atera ginen kalera. Ni Bogotan izan nintzen, sekula egin den manifestaziorik handienean. Estatuaren erantzuna izan zen jendea sistematikoki hiltzea; apirila eta ekaina artean 80 pertsona hil zituen, horiek erregistratuta daude. Horrez gain, badira desagertuak, normalizatutako indarkeria bat, errefuxiatu gisa ihes egin behar izan duten pertsonak», esplikatu du.

Praktikan, Kolonbia «setio egoeran» dela salatu du aktibista feministak. Beldurra erabiltzen dutelako ezer alda ez dadin, milaka pertsona isilarazteko: «Estatuak jokatzen du esanez ‘protestan ari diren hauek guztiak hiltzen ditut ikas dezazun kalera ateratzen bazara zure zigorra izango duzula’».

Lubakietara: emakumeak

Ikuspegi orokorra besterik ez da Omaira Castellanosek azaldutakoa. Kolektibo zaurgarrienetan jarriz gero begirada, egoera are larriagoa da. Emakumeengan, LGTBI+ kolektiboko kideengan eta Kolonbiara atzetutako venezuelarren errealitateengan, besteak beste, jartzen dute fokua Boyacako lau aktibistek.

Emakume baten bizitza Kolonbian, zehazki Boyacan, ez da erraza, lau kolonbiarren esanetan. Omaira Castellanosek dio Boyaca oso departamendu «kontserbadorea» dela, Elizaren eragina handia dela, eta «emakumeen eskubideekin, sexu askatasunarekin, lotutako guztia oso zaila» dela –«unibertsitate bateko zuzendariak preserbatiboak banatzea debekatu zuen Jainkoaren kontrako ekintza zela esanda», agertu du Gabriel Andres Arevalok; «guri, unibertsitate publikoan, preserbatiboen makina kendu ziguten», Astrid Castellanosek; «guri kopa menstrualaren inguruko tailer bat atzera bota ziguten uste zutelako kopa planifikaziorako tresna zela», Omaira Castellanosek–.

Paro Nazionalaren protesten testuinguruan, Castellanosek esan du Poliziak erabiltzen duen indarkeriaren beste molde bat bortxaketa eta sexu erasoena dela. Manifestazioetan emakumeek duten presentzia gutxitzeko estrategia da, bere ustez. Berak, Taller de Eva dinamikaren bitartez, emakumeen ahalduntzerako bideak eta haien kontrako indarkeria prebenitzeko estrategiak jorratzen ditu, besteak beste.

Baina ez da erraza indarkeria sistematikoki darabilen gobernu batek gidatutako herrian eskubideak defendatzea, departamendu kontserbadore batean sexu askatasunaz hitz egitea ez den bezala. Astrid Castellanosek zuzentzen duen Emakumeen Etxean lau lan lerro garatzen dituzte: generoan oinarritutako indarkerien biktimei arreta integrala eta prebentzioa, zaurgarritasun egoeran dauden herritarrei zuzendutako arreta eta akonpainamendua, politika publikoen garapena, jarraipena eta ebaluazioa eta LGTBI+ kolektiboko herritarrei arreta.

Estigmatizazioa eta mehatxuak jasan ditu Astrid Castellanosek egiten duen lan horrengatik. «Nire kasuan, mehatxuak jaso ditut ezkertiarra izateagatik eta indarkerien biktima diren andrazkoen salaketak babesteagatik», esan du.

Babes berezia jasotzen du, zehazki, gizon baten mehatxuengatik. «Abokatua da, unibertsitatean magistratua. Mugimendu neonaziak bultzatu ditu eta bere hiru bikotekide ohien kontra bortizki egin du eraso. Ezkertiarra eta emakumeen defendatzailea izateagatik, zanga batean ikusi nahi nau ahoa euliz beteta, hori da mehatxua», esplikatu du Emakumeen Etxeko zuzendariak.

Bere kideen kontrako erasoak ere izan direla gaineratu du Astrid Castellanosek. Paro Nazionalean sexu indarkeria kasuak artatu behar izan dituzte. «Baina erakunde gisa ikusgarritasuna dugunez, Poliziarekin, defentsa erakundearekin, instantzia guztiekin hitz egin ahal izan dugu eskubideak defendatzeko», gehitu du.

Azpimunduko migranteak

Bestalde, Mundu Berriak-ekin lankidetzan, migranteei zuzendutako talde juridikoetan genero perspektiba txertatzeko lanean ari dira aktibista kolonbiarrak.

Izan ere, Gabriel Andres Arevalok azaldu duenez, konturatu ziren migranteen giza eskubideak babesteko unibertsitateetan sortutako taldeetan ez zituztela antzematen generoari lotutako indarkeriak, eta genero perspektibadun formakuntza zikloak ematen hasi ziren. Kolonbiako 30 udalerri inguruk osatzen duten sare baten parte dira talde juridiko espezializatu hauek eta ia 300 pertsonak jaso zituzten formakuntzak.

Kolonbiara migratu duten venezuelarren zaurgarritasun bereziaz hitz egin du Arevalok. Kontatu du nola «Venezuelaren kontrako estrategia geopolitikoak» prozesu migratorio handi bat eragin duen: bi milioi venezuelar inguru daude egun Kolonbian.

Migrante horiei, Arevalok dioenez, Estatuak ez die eskubiderik aitortzen, «ikusezin» egiten ditu. Are, herrialdeak ez du migrazio legerik.

Mundu Berriak-eko kidearen esanetan, Kolonbiako Gobernuak «estrategia bikoitza» darabil migranteekin: «Kanpo politikari dagokionez, hesi diplomatikoa ezarri zaio Venezuelari. Testuinguru horretan, Kolonbia paradisu kapitalista modura saldu dute, venezuelarrak etor daitezen. Baina barne politika abandonuarena da. Kolonbian jaiotako guraso venezuelarren seme-alabak, denbora luzez, apatridak izan ziren. Eta denbora luzez, migrante venezuelarren %50 inguru egoera irregularrean daude, hau da, Estatuak ez ditu aitortzen eskubidedun subjektu gisa. Gehienak emakumeak dira, 15-35 urte bitartekoak. Ez dute enplegu formalik, ez dute osasun zerbitzuetarako aukerarik, ezta beraien bizitzari ekitekorik ere. Azpimunduan daude».

Gobernua migranteekin akordatu zen Paro Nazionalaren testuinguruan, nahiz eta Mundu Berriak-eko kideak segurtatu duen gehiengoak ez duela mobilizazioetan parte hartzen. Halere, Duqueren exekutiboak «froga gabe» protesta mugimenduarekin lotu zituen, eta «barne etsai» bihurtu. «Hirietatik masiboki bota zituzten, Maduroren gobernuko agente infiltratuak zirela egotzita», agertu du.

Izenez gabetuak

Beste edonon bezala, Kolonbian ere, areago egungo indarkeria boladan, intersekzionalitateak baldintzatzen du pertsonaren izatea, «biolentzia ezberdinen metaketak», Hernandezek zehaztu duenez. Bere esanetan, Paro Nazionalaren borrokak «modu berezian» eragiten die LGTBI+ kolektiboko pertsonei, gehiago pertsona transei. Haien kontrako biolentzien sorburu nagusietako bat Polizia dela dio, eta horrek zaurgarriago egiten ditu manifestazioetan. «Gutako asko mehatxatuta gaude, sexu erasoak jasan ditugu, muntaia judizialak», dio Boyacako LGTBI+ sareko kideak.

Hernandezek aipatutako intersekzionalitatearen eraginaren adibide, ekainaren 28an, harrotasunaren egunean, taxi gidari batzuek hiltzeraino jipoitu zuten emakume trans bat Tunjan. Migrante venezolarra zen Adriana Diaz.

Bereziki larria baita egoera migranteen kasuan, LGTBI+ kolektibokoak badira. Hernandezek kontatu du pandemiak izugarri eragin diela trans migranteei, gehiago sexu langileak badira. «Jatekorik ez zutenei» lagundu behar izan diete, kale egoeran zeudenei.

Instituzioetara jo behar izan zuten, laguntza humanitarioa eskatzera. Egoera zaurgarrian zeuden sexu langileen izen-abizenak jaso zituzten zerrenda batean, Boyacako erakunde publikoek jatekoa bana ziezaieten. Baina Constanza Ramirezek, Duitamako alkate izandakoak, zerrenda hau baliatu zuen migranteen izenak identifikatzeko. «Beraien etxeetan agertu ziren, deika hasi ziren, herrialdetik joan behar zutela esanez. Noski, ezin zuen hori egin. Datuok laguntza humanitarioetarako ziren», esplikatu du Hernandezek. Datu bat eman du: Kolonbian, emakume transen batez besteko bizi esperantza 27 urtekoa da.

Transen kontrako biolentzia ez da soilik jipoietan edo poliziengan gorpuzten. Eskubideen urraketak administrazioetan hasten dira, oinarrizkoena ukatuz: izena. Hernandezek salatu du migranteak kolektibo pobretuak direnez, ezin dutela ordaindu, transak badira, dokumentazioan izena aldatzeko eskatzen den zedula: 250.000 peso kolonbiar, gutxi-asko (55 euro inguru).

Hauteskundeak, orbainak

Maiatzean izango dira Kolonbian hauteskunde presidentzialak eta, «lehenengo aldiz, badirudi ezkerrak Errepublikako presidentetza irabaz dezakeela eta legebiltzarkide dezente lortu Kongresu Nazionalean», esan du Gabriel Andres Arevalok. Baina ez da egungo Gobernuaz fido: «Narkotrafikoak eta eskuinak aliantza bat dute hauteskundeak ustelkeriaren bideetatik irabazteko. Hauteskundeetako iruzurrez hitz egiten ari gara. Hitz egiten ari gara oposizioko mugimendua hiltzeaz».

Hauteskundeetan iruzurra egongo dela esateko hiru mailako «konspirazio» bat atzeman du Arevalok: batetik, nazioarteko mailan sortzen diren aliantza ultraeskuindarrak –eta marko horretan Voxek paper garrantzitsua duela dio–, bestetik, Kolonbian eskuinak duen botere metaketa eta, azkenik, narkotrafikoa. «Hiru maila hauek aurresaten dute iruzurra egon daitekeela, Paro Nazionala biderkatu daitekeela eta 2022a Kolonbiak bizi duen urterik mugituena izan daitekeela», esan du.

Arevaloren hitzetan, normalean, hauteskundeen iruzurraren ostean osatzen dira gerrillak. «Bake Itun bat sinatzetik gatoz, eta ez dugu itzultzerik nahi klase horietako logiketara. Baina eskuinak interesa du logika horrek eztanda egin dezan». Esperantza ez dute galtzen, halere. «Guk uste dugu irabaziko dugula», baieztatu du Arevalok.

Hauteskundeek ekar ditzaketen onurak baino gehiago, aldaketa egiturazkoagoak behar ditu Kolonbiak halere, eta Andra Hernandez neurritsu agertu da: «Aldaketarako esperantza ez dut galduko, baina uste dut nik ez dudala ikusiko», dio 24 urteko gazteak. «Belaunaldi aldaketa bat behar da, kontzientzia organizatiboa piztea».

«Nik hainbeste urte eman ditudan erresistentzian, eta ez dut oraindik aldaketa ikusi. Uste dut ez dudala ikusiko. Baina optimista naiz», esan du Astrid Castellanosek. Optimista da Omaira Castellanos ere: «Niri mugimenduan ikusi dudanak esperantza eman dit. Ez nuen uste horrelako mobilizaziorik ikusiko nuenik eta gertatu da». «Bai, utopiaren bideetatik gabiltza oinez», gaineratu du Andra Hernandezek.

Pausoz pauso, puntadaz puntada, bidea egiten ari dira Kolonbian. Eta noizbait zauria ixtea lortuko badute, orbain horretan irakurri ahal izango dute ondorengoek nora daramaten utopiaren bideek.