GAUR8 - mila leiho zabalik
ARRATIA POSTA BIDEZ

Garai bateko Arratiaren eta arratiarren berri ematen duen erakusketa Lemoan

Gaur inauguratuko dute «Arratia posta txartelean» argazki erakusketa Lemoako Kotxepin kultur etxean, urtarrilaren 7ra arte ikusgai egongo dena. Arratiaren gaineko 90 bat posta txartelen argazkiak erakutsiko ditu, ia denak XX. mendearen lehen erdian eginak. Jon Urutxurturen izen bereko liburuan oinarritutako ekimena da.


Lemoako Kotxepin kultur etxean gaur zabalduko den erakusketaren antolatzaileek diotenez, erdi hutsik daude postontziak. «Internet, irrati, telebista… bidez heltzen da orain mundua gure atariraino. Baina garai batean posta txartelei esker ezagutzen ziren munduko txokoak». Izan ere, XIX. mendearen amaieran hasi zen posta txartelen erabilera hedatzen eta turismoak areagotu egin zuen. Edonola ere, Internet bidez barik, posta txartelen bidez emango dute XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen erdialdera bitarteko Arratiaren berri, bailara horren gaineko posta txartelen argazkiak ikusgai jarri baititu “Arratia posta txartelean” erakusketak.

Gehien-gehienak izenburu bereko liburu batean ageri dira, erakusketaren komisario Jon Urutxurtuk Bizkaiko ibar horretako herriak eta hainbat bazter ageri diren posta txartel zaharrak bilduta 2014an argitaratu zuen lanean, hain zuzen. 2019an abiatu zuten Igorren erakusketa ibiltari hau, bertako Udalak eskatuta, eta orain Lemoako Kotxepin kultur etxera ere eramateko eskatu zioten Urutxurturi.

Arratiako ondare historikoa

Lemoako Udalaren babesarekin eta Igorrekoaren laguntzarekin, «Arratiaren eta arratiarren irudiak azaltzen diren posta txartelak erakustea eta ezagutzera ematea» helburu duen erakusketa zabalik egongo da urtarrilaren 7ra arte, «Arratiako ondare historikoaren atal bat berreskuratzeko eta ezagutzera emateko».

Behar handia egin du Urutxurtuk postalak batzen: «Apurka-apurka, urteetan zehar bildu nituen. Niri betidanik gustatu izan zaizkit argazkiak». Arratiako argazki zaharrak edo postalak ikusten zituenean, «Bizkai sakona» esaten zaion hori ezagutarazi behar zuela pentsatzen zuen, eta Arratiari buruz editatu diren posta txartel klasikoak biltzen joan zen. Laurogeita hamar bat postal lortu zituen eta bakoitzaren fitxa egin zuen izenburua jarrita. «Protagonistak ere agertzen dira: argazkilaria, editorea, inprimatzailea nor den… bakoitza bere fitxagaz». Zenbait kasutan, tokia desagertu bada, haren gaineko azalpena ematen du, baita pertsonaia batzuen gainekoa ere; «adibidez, argazki batean agertzen den mutiko bat, 37ko bonbardaketa batean hil zutena». Izan ere, 1910eko hamarkadako posta txartel batean Esteban Astondoa nekazari gaztea ageri da beharrean emakume biren ondoan; 1937ko apirilaren 7an, faxisten aire bonbardaketa batean bizia galdu zuen.

Liburua argitaratu eta gero ere beste postalen bat ere aurkitu du, eta azken horiek ere bildu ditu erakusketara.

Espero baino gehiago

Guztira 90 posta txartel ingururen argazkiak daude ikusgai, 24 x 38 cm-ko tamainan. Hasieran aurkitzea espero zuen baino askoz gehiago: «Sarritan, Arratia iraganari loturiko parajetzat hartu da, Bizkaia zaharkituaren paradigmatzat. Horrek pentsarazi liezaguke posta txartel ilustratuak argitaratu ziren lehen urteetan ez zuela erakarriko editoreen arreta». Hala ere, lan honetan bildutako kopurua ikusita, «bistakoa da ez zela horrela izan».

Arratia eta arratiarrei buruzko posta txartelak argitaratu zituztenen artean, hainbat enpresa eta partikular daude. Horietako batzuk identifikatu ditu Urutxurtuk: Felipe Manterola, Foto Lux, L. G. Bilbao, Librería E. Verdes, Librería Villar, Artes Gráficas Lerchundi S. A., P. Ortiz, Seminario Menor de Ntra. Sra. De Begoña, Areatzako bainuetxea, Bizkaiko Foru Aldundia, Museo de las Guerras, Landáburu Hermanas eta L. Roisin. Indalecio Ojanguren eta Durangoko Foto Sol argazki denda ere editoretzat har daitezkeela dio, beraiek editaturiko bi argazki-posta txartel batzen baitira.

Felipe Manterola

Argitaratzaile horien artetik, Felipe Manterola (Zeanuri, 1885-1977) nabarmendu du Urutxurtuk, bai erakusketan bai GAUR8rekin izandako solasean, alde batetik arratiarra izateagatik, eta bestetik, berak editatu zituen posta txartelen balio etnografikoagatik.

Zeanuriztar hark inoiz ez zuen argazkigintza ogibide izan, baina hainbat argazki editatu zituen. XX. mendeko bigarren hamarkadan posta txartelen bildumak ere editatu zituen, berak egindako argazkiak erabiliz. Batzuk Alemanian eman ziren argitara, beste batzuk Frantzian eta Bilbon. Bizkaiko hiriburuan, Foto Lux etxeak prestatu zituen. Badu sail bat euskarazko lerroburuekin, erakusketan ikusgai dagoena: “Eusko-lugin lanak”, “Eusko artaldea”, “Igande arratzaldea”, “Bola-tokia”, “Eusko-etxartea”, “Eusko-basartea”, “Zeanuriko-txadona”. Haien atzealdean egilearen eta herriaren izenak ageri dira: «Felipe de Manterola – Ceánuri».

Gráficas Lerchundi Bilboko etxearen lanak ere azpimarratu dituzte, hala nola 1944an editatu eta inprimatu zuen hamar posta txartelez osatzen den saila. “Serie A. Arratia. Vizcaya” izenburua daraman gutun-azal batean bilduta argitaratu zituen Areatzaren, Dimaren, Igorreren eta Zeanuriren gaineko bina postal eta Artearen eta Lemoaren gaineko bana. Azaltzen diren irudiak Luis de Lerchundiren marrazkiak dira.

Mende erdiko posta txartelak

XX. mendearen hasieratik 1950eko hamarkadara arte editatutako posta txartelak aurkeztuko dira. Zaharrenak 1906. urtea baino lehenagoko bi dira. Batean Areatzako eliza ageri da eta bestean, Igorrekoa, biak koloretan. Aurrealdean Areatzakoak “46 Bilbao - Iglesia de Arratia” izenburua dauka, eta Igorrekoak, “47 Bilbao - Iglesia de Amatia”, inprimatze akats eta guzti. Posta txartel biok Bilboko Librería Villar liburu dendak editatu zituen, 52 alez osatutako serie batean. Areatzakoa 1907ko abenduaren 27an Munichera bidali zuten. Aurrealdean alemanez idatzitako testua dago, suhi batek bere amaginarrebari bidalitako mezua, urte berri ona opatzeko, besteak beste.

Beste herrialde batzuetara bidalitako postalak nola lortu zituen azaldu du Urutxurtuk; esate baterako, Alemaniara bidalitakoa: «Areatzan bainuetxe bat egon zen, eta seguruenera bertan egongo zen baten batek bidalitako postala da. Horrelakoak antigoalekoen dendetan egoten dira, edo bigarren eskuko liburu dendetan, eta salgai egoten dira. Urteetan zehar joan, ikusi, ‘hau nire herrikoa da’, eta apurka-apurka batu izan ditut».

Gainontzeko posta txartelak 1906tik aurrerakoak dira. Erdiak-edo 1906 eta 1920 urte artean editatuak, eta Bizkaiko Foru Aldundiak auzo eskolen gainean argitaratu zituenak, 1922koak. Areatzako asiloaren postal bat 1926. urtearen ingurukoa da; Gerren Museoak Lemoako Burdin Hesiaren gainean argitaratutakoa, 1937koa edo geroagokoa; Areatzako bainuetxeari buruzko gehienak eta Arteako Seminario Txikiak argitaratutakoak, 1940ko hamarkadakoak, eta Artes Gráficas Lerchundiren saila 1944an argitaratua. 1950eko hamarkadako batzuk ere badaude, hala nola Gorbeiako Gurutzea erakusten duena.

Zinema irudiak

Urutxurtuk dioenez, posta txartela gaur egun, Internet eta kultura digitalaren bidez izugarri hedatzen ari diren sare sozialen aurrekari izateaz gain, harreman postalerako baliabide hutsa baino zerbait gehiago dela esan daiteke, eta garai bat islatzen eta sinbolizatzen duen benetako objektutzat jo daiteke. «Egun, posta txartela bilduma-objektu bihurtu da eta, aldi berean, garai bateko paisaiak, monumentuak, eraikinak, ohiturak, janzkerak... ezagutzeko informazio iturri ikonografiko garrantzitsua da, zinea, prentsa edo irudiak zabaltzeko beste sistema batzuk bezalaxe».

XX. mendearen hasieran eta erdialdean Arratian grabaturiko zinema irudi batzuk ere badaude erakusketan ikusgai, Felipe Manterolak 1928. eta 1932. urteen artean filmatutakoak. Bestelako irudi batzuk ere agertuko dira, hala nola Arratiako tranbiarenak, berriagoak, nolabait «osagarri» moduan daudenak.

Liburua idatzi eta hartan oinarritutako erakusketak komisariatu ditu gero Jon Urutxurtuk, baina bitartean beste lan batzuetan ere jardun du. Dagoeneko amaituta dauka beste liburu bat, Zornotza edo Amorebieta-Etxanoren gainekoa, eta orain argitaratzaile bila dabil. Konbentzimendu batekin egiten ditu lanok: «Gaurkoa ulertzeko eta etorkizunean aurrerantz egiteko, garrantzitsua da iragana ezagutzea». Erakusketa honek horretan lagundu nahi du.