2021 ABEN. 18 EL MOZOTE, KRUDELKERIAREN ISPILU Latinoamerikako sarraskirik handienetik berrogei urte igaro dira, justiziarik gabe El Mozotekoa (El Salvador) Latinoamerikako sarraskirik handiena izan zen, eta krudelenetariko bat. Milatik gora pertsona, horietatik 558 haurrak, hil zituen Armadako Atlacatl batailoiak 1981eko abenduaren 11tik 13ra hainbat herrixkatan eginiko operazioetan. Sarraski horren 40. urteurrenean, biktimek justizia eske jarraitzen dute. Ainara Lertxundi El Mozote, La Joya, Rancheria, Jocote Amarillo, Cerro Pando, Cerro Ortiz, Arambala. 1981eko abenduaren 11tik 13ra, El Salvadorreko Armadak, elitezko Atlacatl batailoiak, herrixka horietako herritar gehienak hil egin zituen. Ez dago hildakoen zifra zehatzik, baina, iturri batzuen arabera, milatik gora izan ziren, eta horietatik 558 haurrak izan ziren. Hildako guztiak zibilak ziren. Sarraskia Latinoamerikako handiena izateaz gain, krudelenetariko bat izan zen. Ameriketako Estatu Batuetan entrenamendua jaso zuten militarrek ez zuten gupidarik izan ezta txikienekin ere, ezta haurdun zeuden emakumeekin ere, edo adineko pertsonekin. FMLNko gerrillaren kontrako estrategia militarraren parte izan zen nekazari eremuetako biztanleak hiltzea eta haien jabetza guztiak, etxaldeko animaliak eta lurrak deuseztatzea. 1991ko apirilaren 27an sinatu ziren Bake Akordioen ostean osatu zen Egiaren Batzordeak, erabat frogatutzat eman zuen 1981eko abenduaren 11n Atlacatl batailoiko soldaduek El Mozoten «nahita eta modu sistematikoan» 200 gizon, emakume eta haur baino gehiago hil zituztela. Bezperan sartu ziren herrian eta egun batez etxeetan edo herriko elizan atxiki ondoren, metrailatu egin zituzten kasu askotan, lepoa edo gorputzeko beste atal batzuk moztu zizkieten eta ondoren, gorpuak etxeetan pilatu eta su eman zieten laboreekin batera. Agindua deus ere ez uztea zen, ihes egitea lortzen zutenek sostengurik eta elikatzeko modurik izan ez zezaten. Neska gazteenak hil aurretik bortizki bortxatu zituzten. El Mozoten eta inguruko herrixketan estrategia errepresibo bera errepikatu zuten. Argentinako Antropologia Forentse Taldeak (EAAFek) El Mozoteko El Conventon egin zituen lehenengo desobiratzeak 1992ko azaroan, hamaika oztopo gainditu ondoren. Aurkitu zituzten gorpuzkiek sarraskitik bizirik ateratzea eta ihes egitea lortu zutenen lekukotasuna berretsi zuten. 143 gorputz identifikatzea lortu zuten, horietatik 136 haur eta nerabeenak izanik. Batez besteko adina, sei urte. Tiro aztarna ugari antzeman zituzten. Rufina Amaya sarraskitik bizirik ateratzea lortu zuen bakarra izan zen El Mozoten. Ezkutatua zegoen lekutik hiltzen ari ziren haurren garrasiak entzun zituen; horien artean zeuden bere seme-alabak. «Ama Rufina, gu hiltzen ari dira... labankadak ematen ari dira, beste batzuk urkatzen ari dira», entzutea lortu zuen. «Helikopteroan etorri ziren. Abenduaren 10eko gauean sartu ziren, etxean giltzaperatu gintuzten. Goizaldeko laurak aldera, plazara atera gintuzten. Gizonak eta emakumeak banatu eta berriro atxiki gintuzten. Gizonak elizan sartu zituzten, emakumeak herriko etxe desberdinetan. Ni lau seme-alabekin nengoen. Zaharrenak 9 urte zituen, txikienak zortzi hilabete besterik ez. Azken hau besoetan nuen. Leiho batera igo nintzen zer gertatzen ari ziren ikusteko. Eskuak lotuta eta begiak estalita zituztela ikusi nuen, taldeka ateratzen zituzten. Talde horietako batean nire senarra ikusi nuen. Orduan, berriro eseri eta haurrak besarkatu nituen, ez nien deus ere esan. Gizonak hil zituztenean, guregana etorri ziren soldaduak. Emakume gazteenak eraman zituzten lehenik. Horiek bortxatu egin zituzten. Arratsaldeko bostak aldera atera ninduten etxetik. Bi soldaduren artean umeak besoetatik kendu zizkidaten. Lurrera bota zituzten. Ilaran jarri gintuzten, ni azkena nindoan. Soldaduen deskuidu batean, sastraka batzuen artean ezkutatu nintzen. Zortzi orduz egon nintzen sastraka horien artean; soldaduak konturatu izan balira, ni ere akabatuko ninduten. Hortik haurren eta nire seme-alaben garrasiak eta emakumeen negarrak entzuten nituen. Korrika atera nahi nuen, nire seme-alabak hiltzen ari ziren eta ezin nuen ezer egin. Guztiak nola hil zituzten ikusi nuen, gorpuak leku guztietatik barreiatuta gelditu ziren», gogoratu zuen hainbatetan Amayak. Bizirik ateratzea lortzen bazuen, ikusitako guztia lau haizeetara kontatzeko biziko zela esan zion bere buruari. Besteak beste, bere lekukotasuna Egiaren Batzordeak jaso zuen. 2012an Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak El Salvadorreko Estatua kondenatu zuen El Mozoteko eta inguruko sarraskiarengatik. Epaiak Rufina Amayaren salaketa eta soldaduak herrian sartu zirenean bertan ez zeuden lekukoen hitzak jasotzen ditu. Horien artean, Rosendo Hernandez Amaya eta Domingo Vigil Amaya. Abenduaren 13an goizeko zazpietan eta zortzietan atera ziren etxetik landan lan egiteko. Zortziak pasatuta tiroak entzun zituzten eta ke handia ikusi zuten. Beldurrez, ezkutatu egin ziren. Itzuli zirenean, haien emazteak eta seme-alabak hilik zeuden. Haien gorpuak lurperatu zituzten. Hernandezek, ordea, ez zuen bere semeetariko bat aurkitu. Alejandro Hernandez Argueta Jocote Amarillon bizi zen. 11 urte zituen sarraskia gertatu zenean. Soldaduak zetozela ohartuta, amak anaiarekin ateratzeko agindu zion. Anaia bidean galdu zuen. Behin soldaduek alde egin zutenean, amaren bila joan zen. Etxea sutan aurkitu zuen. Hiru anaiak hilik ikusi zituen. Zaharrenari hitz egin zion, baina ez zion erantzuten. Alboan, lau hilabeteko anaia txikiena zegoen, hilik hura ere. Negarrez korrika joan zen. Inguruan gelditu zen zain, aita iristen ikusi zuen arte. Hurrengo goizean, senideak lurperatu eta handik metro batzuetara amaren gorpua aurkitu zuen aitak. AEBak, erantzule eta jakitun 2012ko urtarrilaren 16an, Bake Akordioen 20. urteurrenean, orduko presidenteak, Mauricio Funesek, barkamena eskatu zien biktimei, familiei eta komunitateei El Mozoten egindako ekitaldi publiko batean. «Barkamen honen helburua ez da mina ezabatzea, baizik eta biktimekiko aitormen bat da, horiek duin bihurtu nahi ditu. Egia ezagutzen den neurrian, elkarbizitzarako eta bakerako oinarriak eraiki egiten dira. Hemen giza eskubideak urratu egin ziren. Emakume eta neskatoek sexu jazarpenak pairatu zituzten, errugabeak torturatu eta hil zituzten, ehunka herritarrek desagertuta jarraitzen dute eta askok herriz aldatu behar izan zuten, den-dena galdu zuten euren bizitza salbatzeko», adierazi zuen. Pasa den astean, Ameriketako Estatu Batuek El Mozoteko sarraskiarekin loturiko dokumentu desklasifikatuak entregatu zituzten El Salvadorreko epaitegi batean. Berrogeigarren urteurrena dela-eta eginiko ekitaldian, AEBetako Enbaxadako Negozio Arduradunak, Brendan O´Brienek, «El Salvadorreko pasarte beltzenetariko bat» izan zela adierazi zuen. AEBek biktimek egia ezagutzeko eta justizia eskatzeko duten eskubidea aitortzen dutela gaineratu zuen Twitterren bidez zabaldutako mezuan. Sarraskiak gertatu zirenean, ordea, Washingtonek dena ukatu zuen eta garai horretan pixkanaka ezagutuz zihoazen salaketak El Salvadorreko Armada «leku txarrean» uzteko gerrillak asmatutako estrategia besterik ez zirela esan zuen. Garaiko AEBetako Estatu idazkariordeak, Elliott Abramsek, dena «propaganda komunista» zela plazaratu zuen eta Kongresuan bertan El Salvadorren «izugarrizko aurrerapen demokratikoak» goraipatu zituen. Gatazka armatuak iraun zuen hamabi urte horietan, 70.000 pertsona hil ziren. Berrogei urte geroago, biktimek egiaren eta justiziaren zain jarraitzen dute. Duela bost urte hasitako prozesu judiziala –Gorenak Amnistia Legea indargabetu ondoren– airean gelditu da, Nayib Bukele presidenteak 60 urte dituzten epaileak edo lanean 30 urte daramatenak kargutik kentzeko legea bultzatu baitu eta Kongresuak onartu. Horren ondorioz, El Mozoteko sumarioaren ardura zuen epaileak auzia utzi du. Biktimei horrek atsekabe handia sorrarazi die, zeren epaile berriak, Mirtala Portillok, 36.000 folioko sumarioa eta 50 deklaraziotik gora irakurri beharko ditu eta prozesua mugagabe atzeratu daiteke. Horrez gain, Armadak ez ditu sarraskiari buruzko artxibo militarrak aurkeztu. «Hainbeste denbora galdu dugu, Berrogei urte jada eta ez dugu justiziarik! Hori zen gure esperantza, justizia egitea. Barka dezakegu, baina sekula ere ez gertatutakoa ahaztu», nabarmendu du Maria de la Paz Chicas. 11 urte zituen sarraskia gertatu zenean. 25 senide galdu zituen, tartean hiru anaia, ahizpa bat eta 17 iloba. Egun, gida da El Mozoten gertatutakoa ahaztu ez dadin. «Gizonak hil zituztenean, guregana etorri ziren soldaduak. Biren artean, umeak besoetatik kendu zizkidaten (...) ‘Ama Rufina, gu hiltzen ari dira’ esaten entzun nien haurrei» Hedabideak sarraskiaren berri ematen hasi zirenean, gertatu izana ukatu zuen Washingtonek, «propaganda komunista» eta FMLNeko gerrillaren estrategia zela argudiatuzc Berrogei urte geroago, biktimek egiaren eta justiziaren zain jarraitzen dute. Duela bost urte hasitako prozesu judiziala –Gorenak Amnistia Legea indargabetu ondoren– airean gelditu da Auzia bere gain zuen epaileak kargua utzi du Nayib Bukeleren gobernuak epaileak aldatzeko adostutako legearen ostean. Epaile berriak 36.000 folioko sumarioa hartu du