2022 URT. 08 PANTAILA TXIKIAN Animazioa ez da soilik haurren kontua 2021. urtea joan berri zaigun honetan, ikus-entzunezkoen errepaso orokorra egitea gustuko izaten dut. Era guztietako proposamenak egon dira telesail, film zein dokumentalen arloan, baina deigarria egin zait azken boladan animazioak hartu duen pisua eta garrantzia. Animazioa, gezurra dirudien arren, oraindik haurrentzako generotzat katalogatzen du jendeak, kontziente izan gabe helduentzako lan ikaragarriak topatu daitezkeela. Strappare lungo i bordiment (GAUR8) Gaizka Izagirre Itxura eder horren azpian, gizarte kritika bortitzak plazaratzeko erabili diren sormen lan paregabeak, eta askorentzat guztiz ezezagunak direnak. Ez naiz hasiko film gomendioetan sakontzen, telesailetan soilik zentratuko naizelako, baina ezinbestekoak iruditzen zaizkidan animazio lan hauek goraipatu nahi nizkizuke, lerro hauek idazten ari naizen bitartean, boteprontoan burura etorri zaizkidan lehenengoak: “Mary and Max”, “Arrugas”, “Persepolis”, “Waltz with Bashir”, “Another Day of Life”, “Anomalisa” edo “J'ai perdu mon corps” adibidez. Bakardadea, osasun mentala, bidegabekeria, zahartzeak dakarren guztia, nortasunari buruzko hausnarketa… gai potolo horiek topatuko dituzue izenburu horien muinean. Zinemaren sorrera baino zaharragoa da mugimenduaren ilusioa marrazki batzuen bidez irudikatzeko ideia eta, batez ere, horien bidez mezuak zabaltzeko nahia. Historialari batzuek historiaurrekoak direla diote, labar-pinturen bidez mugimendua adierazten saiatzen baitziren. Ondorengo beste aurkikuntza batzuek, Egipton eta Grezian esaterako, beren artean mugimenduaren fase ezberdinak irudikatzeko joera hori berresten dute. Hemen doa azken urteotan helduentzako animaziozko telesailen artean ezinbestekoak iruditzen zaizkidan lanak. “The Simpsons”, “South Park”, “Futurama” edo “Family Guy” bezalako izenburuak kanpo utzi ditut sobera ezagunak direlako, eta baita animea ere. Strappare lungo i bordiment NETFLIX | 6 atal Zerocalcare komikigile italiarrak sorturiko animaziozko telesail zoragarria da honakoa. Erritmo bizikoa, bizitzari eta egunerokotasunari buruzko bakarrizketen bilduma txundigarria iruditu zait. Telesaila jada ikusi baduzu, osagarri modura jakin Farmazia Beltza argitaletxeak euskarara itzuli zuela “Macerie Prime” komikia bi liburukitan: “Hondamuinean” (2018) eta “Hondamuinean 2”, 6 hilabete geroago (2019). Komikigilearen bizipenetan oinarritzen den helduentzako animaziozko telesaila da. Erromako marrazkilari gazte bat, gizarte kontzientzia oso sakonekoa, eta armadilo erraldoi bat kontzientziatzat duena –ongi irakurri duzu, bai–, tartean pertsonaia desberdinak sartzen diren bitartean, bere bizitza ibilbideaz eta maitasunaz hausnartzen ari da hiritik kanpo bidaiatzen ari den bitartean. Animazioa, mezu garrantzitsuak zabaltzeko erreminta oso eraginkorra izan daitekeela frogatzen duen telesaila da. Umorea helduleku gisa erabiliz ekoizpen oso irudimentsua izateaz gain, erabat lur jota utzi nauen amaiera horren bidez, beharrezkoa den mezu bortitza plazaratzen duelako. Guztia ez baita barrea, telesailak hunkiberatasunerako tartea ere eskaintzen duelako, urre hutsa den gogoeta sorta batekin. Maisuki eta oso era originalean belaunaldi jakin baten erretratu oso zehatz eta gordina egin duela uste dut. Animazio estilo aldetik jariatzen duen sinpletasun horrek mezu nagusiari garrantzi handia ematen laguntzen dio, eta gidoia edozein pertsona identifikatuta sentitzeko moduko egoerez beteta dago, umore oso garaikidea eta narrazio azkarra txertatuz. Arcane: League of Legends NETFLIX | 7 atal Oharra: ez dut LOL (“League of Legends”) bideo jokoa ezagutzen eta mundu hori zeharo arrotza da niretzat. Are gehiago, esango nuke ez zaidala batere gustatzen eta ez dela batere erakargarria niretzat. Ulertuko duzu, beraz, “League of Legends” bideo jokoaren egokitzapena zela irakurri nuenean «guztiz paso» esan nuela. Netflix plataformara beste telesail bat ikustera sartzen nintzen bakoitzean ordea, eta algoritmo madarikatuak hasierako pantailan animaziozko telesail honen irudiak jartzen zizkidan une oro, txundituta geratzen nintzen. Irudiak enegarren aldiz ikusi nituenean, aukera bat ematea erabaki nuen, eta eskerrak! Eskerrak diot, animaziozko ekoizpen hau bisualki izugarria iruditu zaidalako, oso entretenigarria, erritmo bizikoa, aparteko soinu bandaduna eta narratiboki espero ez nituen elementu ugari oparitu dizkidalako. Ahaztu bideo joko baten egokitzapena dela, animaziozko proposamenak gustuko badituzu zalantzarik ez izan eta murgildu unibertso berezi eta handi –oso-oso handi– honetan, zin dagizut-eta ez zarela damutuko. Invincible AMAZON | 8 atal “The Walking Dead”-en egilearen (Robert Kirkman) komiki batean oinarritutako telesail berriaren etiketapean iritsi zen Amazon plataformara, eta horrek bazuen bere arriskua. Idazle estatubatuarrak Cory Walker marrazkilariarekin batera 2002an sortu zuen tinta eta paperezko kontakizun honek 17 urteko Mark Grayson superheroi gaztea du protagonista. Ekintzaren animazioa arina eta erakargarria da, bisualki oso boteretsua, baina zerbaitek definitzen badu tonuen eta generoen arteko oreka da. Oro har, esan liteke aholkurik onena dela, zalantzati dagoenarentzat, denbora bat hartzea lehen atala osorik ikusteko. Bilbeari buruzko ezer irakurri gabe, ezta trailerra ikusi gabe ere. 47 minutu horien amaieran interesa mantentzen bada, ziurrenik asko gozatuko duzu ekoizpen honekin; horrela ez bada, utzi, agian ez baita zuretzat eginiko telesaila. Undone AMAZON | 8 atal Ez du parekorik harribitxi honek. Rotoskopia teknikarekin egina, hau da, irudien gainean eraikitako marrazkiekin. Neska gazte baten istorioa kontatzen da, istripu baten ondorioz denbora ohikoa ez den moduan hautematen hasiko dena. Trama ia perfekzioraino harilkatua dago, eta pertsonaiek hain elkarrizketa errealistak eta zintzoak dituzte, animazioa izan arren, bizitza bera baino burutsuagoak diruditela. Ikusle gisa, lehenengo atalean animazioa zergatik aukeratu duten zalantzan jartzen badugu ere, behin aitaren irudia sartzen denean guztiz justifikatuta geratzen da. Ekoizpenari giro propioa emateaz gain, nortasun handiko agertoki eta efektu bisual oso zehatzetan mugitzeko aukera ematen duelako. Depresio eta gaixotasun mentalaren gaia mahaigaineratzen duen bitartean, drama intimoa, thriller psikologikoa eta naturaz gaindiko elementuak dituen telesail aparta. BoJack Horseman NETFLIX | 6 denboraldi Lehen denboraldiak ez publikoarengan eta ez kritikarengan inolako eraginik izan ez zuen arren, ondorengo denboraldiek klasiko berri baten aurrean geundela erakutsi zuten, ez bakarrik animaziozko telesailena, baita telebistaren historiarena ere. Zaila da oso hitz gutxitan telesail honen mamia laburbiltzea. Zaldi antropomorfiko bati buruzko istorioa dela esango dizut. Laurogeita hamarreko hamarkadan, sitcom kaskar baten protagonista izan zena, baina gaur egun industriaren jostailu hautsi bihurtutakoa, eta bere etxean mozkortzen eta Todd psikologikoki torturatzen ematen du eguna. Telesail honen alderdirik zoragarriena Bojack hazi egiten dela da. Hau da, animaziozko ekoizpenen ezaugarri nagusietako bat izaten da film edo telesail osoan zehar pertsonaiak ia beti modu berean marrazten direla, baina Bojack aldatu egiten da, bai fisikoki, baita emozionalki ere. Gure kultura popularraren filosofia eta egia deserosoen nahasketa perfektua ere bada, eta atal bakoitzak ikuslea bere bizimodua zalantzan jartzera eramaten du. Alde batetik, bakoitza bere ekintzen erantzule dela baieztatzen duelako, baina, bestetik, bizitzak ez duela inolako zentzurik. Ezinbestekoa. Rick and Morty NETFLIX eta HBOMAX | 4 denboraldi Beste klasiko bat. Rick zientifikoaren eta bere biloba Mortyren abenturak jarraitzen ditu: bidaia espazial intergalaktikoak egiten dituzte. Dan Harmonek, Community telesailaren sortzaileak, telesail fresko, dibertigarri eta zoro bat dakarkigu, umore beltz eta heldua erabiliz. “Rick eta Morty” bidaia zoro bat da, eta bidaia honetan denak balio duen arren, onena da trama zoro horietan guztietan zehar perla txikiak utziz doazela, kritika sozial eta politiko moduan. Kapitulu bakoitzak kritika zorrotza egiten dio egungo gizarteari, helduentzako, eta ez hain helduentzako, animaziozko telesail handien lekukoa jasoz. Komedia animatuak gustuko dituzuenentzat ezinbestekoa, baina bereziki, umore frikian eta zientzia-fikzioan oinarritutako komediak atsegin dituztenentzat, horiei egindako keinuak eta parodiak ere ugariak direlako ekoizpen honetan. Primal HBOMAX | 10 atal Elkarrizketarik ez duen harribitxia da, historiaurreko garai zehaztugabe bezain irreal batean girotzen dena. Bertan, gizakiak dinosauroekin bizi dira. Magia ukituak ere badaude, nahiz eta guztia eromenezko basakeria batean laburbiltzen den. Hunkigarritasun sinesgarria helarazten du telesailak, ezinbestekoa mundu anker horretan. Azken finean, gizon eta dinosauro baten arteko laguntasun berezi eta bakarra kontatzen du. Genndy Tartakovsky sortzaileak naturarik primitiboenaren krudelkeria eta indarkeria islatzea lortzen du, bere azken ondorioetara eramanez. Inor ez dago oihaneko legetik salbu, eta hori hasieratik argi uzten digu indarkeriazko eszenekin eta mugarik izango ez duen basakeriarekin. Marrazkiak ikusgarriak dira oso, ez bakarrik paisaiengatik eta eskaintzen dituen tonalitateengatik, baita erabili dituzten trazu originalengatik ere. Dinamismoari dagokionez, atal motz eta oso entretenigarrien bitartez, lagun bikote honen abenturak lehen pertsonan biziarazten dizkigu.