GAUR8 - mila leiho zabalik

Distopiak


Hogeigarren mendeko saiakeragile garrantzitsuenetako bat da George Orwell. Bere testurik garrantzitsuenak, batez ere, faxismoaren aurkakoak dira. “1984” eleberri ezaguna, idazlearen ondorioa da gizarte totalitarioei buruz. Bertan, hizkuntzaren manipulazioa, kontrol mentala eta botere abusua bezalako kontzeptuak erabiltzen ditu. George Orwellek irmoki uste zuen totalitarismoa eta hizkuntzaren iruzurkeria elkarri lotuta zeudela eta “1984” eleberrian maisuki azaltzen da hizkuntzaren eta boterearen artean dagoen lotura. Fikziozko lana den arren, errealitateari ezin hobeto aplikatzen zaio eta gaur egun ere indarrean dago. Beraz, hitza, halakotzat hartuta, botere eremua da, eta narratiba eratorriak manipulatzeko moduak izan daitezke. Hizkuntzaren bitartez desobedientzia pentsamendu oro erabat blokeatu daitekeela proposatzen du Orwellek.

Mende berean, historian urte batzuk aurrerago, Erich Fromm psikoanalista eta filosofoa askatasunaren defendatzaile sutsua izan zen, eta meneko bihur gintzaketen, gobernu autoritario berriei bide eman ziezaieketen mekanismoez ohartarazi zuen bere lanetan. “The Revolution of Hope” (1968) lanean, XXI. mendeko gizartea gero eta indibidualizatuagoa izango zela, gizatasun gutxiagokoa, aurreikusi zuen, eta teknologiaren mende egongo zela, mundua pixkanaka elkarreragin gutxiagoko eta isolamendu handiagoko eszenatoki batera bideratuz, non gizarte mekanizatu batean, gizabanakoa makineria tresna soil bat izango den. Gizakia teknologiaren esklabo ez bihurtzeko, gizarte gisa aurrera egin nahi badugu, arreta jarri behar dugu teknologia giza ongizatearen zerbitzura egon dadin, eta ez alderantziz.

Byung-chul Han Hego Korean jaiotako filosofo eta idazle garaikide sonatua da. Bere hausnarketak hainbat gairi buruzkoak izan dira, baina batez ere teknologiari eta haren emaitza den kulturari buruzkoak. Byung-Chul Han-entzat, bere aurrendariak iragarri bezala, askatasuna ilusio handi bat besterik ez den aro batean gaude. Gaur egun nagusi dena «esklabotza baimendua» da. Adibidez, sare sozialetan itxuraz dagoen adierazpen askatasuna praktika bihurtu da, eta horrek aukera ematen du gu «zaintzeko». Botereak ez du inoren sekretuetan sartu edo infiltratu beharrik, berez eskaintzen baitizkiogu. Horrela, gizarte globalizatu honetan, mundu guztiak desberdina izan nahi du, mundu guztia berdina delako. Desio hori, hain zuzen ere, pertsonen pentsamendua zein homogeneoa den erakusten duen froga da. Horren emaitza konformismo erradikala da. Jendeak otzan onartzen du denak bizi diren bezala bizitzea. Hau da, alferrik ekoitziz, alfer-alferrik erakutsiz eta denbora guztian garaile atera diren ereduen inguruan biratuz.

Informazioaren manipulazio eta kontrolaren eraginpean bizi gara. Mass mediek informazioa aldatzen duten alderdiak eta gobernuak izaten dituzte atzean, pertsonon iritzietan eragiteko. Horregatik, informazio edo irakurketa orok gutxieneko gogoeta eskatzen du.

Depresio eta antsietate sintomak gero eta ageriagoak dira. Ziurtzat jotzen dugu gure ordenagailuak eta gainerako teknologia gure zerbitzura daudela. Honek apatiara eramaten gaitu gizarte bezala, arrazoitzeko eta iraultzak hasteko gaitasuna zalantzan jarriz. Ematen du aurretik irudikatutako etorkizun distopikoak oraina bihurtu direla; nolakoa da guretzat nahi dugun etorkizuna? •

saioaaginako@gmail.com