GAUR8 - mila leiho zabalik

«LAURAC BAT»


1866an, Nafarroako Foru Aldundia beste euskal aldundietara joaten zen lauren proiektuak egiteko; besteak beste, unibertsitate propioa sortzeko. 1867an, lau euskal aldundiek, "Laurac bat" lelopean, ekitaldi batzuk antolatu zituzten, Arabako Foru Aldundiko Ramon Ortiz de Zarate zela haien sustatzaileetako bat. Urte horretan bertan, uztailean, Nafarroako Foru Aldundiak "Laurac bat" leloarekin antolatu zuen Iruñean Nekazaritza Erakusketa Probintziala, eta beste aldundietako ordezkariak gonbidatu zituen. Nekazaritza Erakusketa zela-eta egindako topaketetan, Juan Iturralde Suitek, urte batzuk geroago “Euskara” aldizkariko zuzendari eta Iruñeko Udaleko zinegotzi izan zenak, "Laurac bat" leloa erabiltzeko eskatu zien lau probintzietako foru diputatuei. 1867ko topaketa horretan Leandro Desagesek egindako argazkian honako hauek ageri dira, besteak beste: Juan Cancio Mena Irurzun, Nafarroako Foru Aldundiko idazkaria; Ramon Ortiz de Zarate Martinez de Galarreta, Arabako Foru Aldundiko ordezkaria; Fortunato Fortun Soto, Nafarroako foru diputatu ohia, eta Domingo de Ibarra Aldazabal eta Ramon Maria Lardizabal Otazu, Gipuzkoako Foru Aldundikoak.