GAUR8 - mila leiho zabalik

Eskola eta jakintza


Aurrekoan ikasleek galdetu zidaten ea ETAri buruz zeozer ikasiko dugun aurten. Ez dizuet nire erantzuna esango, gaurkoan. Beste zerbait azpimarratu nahi dut horren harira. Gaztetxoek, berriro ere, jakiteko eta ikasteko gogoa transmititu zidaten. Orokortua dago administrazioan eta unibertsitateko pedagogo askoren artean, eskolaren egiteko nagusia gaztetxoak egunerokotasunean maneiatzen jakin dezaten oinarrizko trebetasunak erakustea dela: lanerako gaitasunak, emozioen kudeaketa… Batetik, horrek ez du kontuan hartzen eskolan gaztetxoek beren denboraren %12 pasatzen dutela gurekin urtebetean eta %78a eskolatik kanpo. Beraz, egunerokotasunean maneiatzearen inguruan, eskolak lagun dezakeena oso mugatua da, esanak esan, eta familiek eta lagunarteak askoz ere eragin handiagoa dute.

Bestetik, egia da badirela zenbait gaitasun erakutsi beharko dizkiegunak (egoki komunikatzen, trebetasun teknologiko zenbait, pentsamendu zientifikoaren oinarriak…), baina eskolak ezin du galdu bere funtsezko izatearen oinarria: egunerokotasunean jasoko ez dituzten jakintzak eskaintzea, batez ere langile familietako seme-alabei. Baldin eta nahi duguna eskolak nolabait gizarteko desorekei balazta jartzea bada. Bestela, lau gaitasun oinarrizko erakutsita, sistemaren behealdean jarraitu eta mendeko izan daitezen erakutsiko diegu besterik gabe eta, gainera, frustrazioa ‘poziktibismo’ eta ‘autoerru’ bihurtzeko esango diegu, sistemaren funtzionamendua bera ezagutzeko eta hori bera etorkizunean zalantzan jar dezaten jakintza transmititu beharrean.

Praktikan, ikasleok irakasleoi eskatzen digutena gure jakintza partekatzea da. Beraiek badakite guk asko ikasi dugula eta, beraz, fidatzeko modukoak garela. Jolas dinamikek, etengabeko ekintzek eta kolorez betetako gelek oso entretenituta eduki ditzakete, eskola haurtzaindegia bailitzan. Baina bai administrazio autonomikoek, bai espainiar Gobernuaren hezkuntza lege berriak, hitz politez eskaintzen digutena langile familiak sistemaren peoi izaten jarraitzea da. Arduratu egiten nau, benetan, irakasle eta guraso askok, ezkerreko balioak konpartitzen dituztenek, BBVA fundazioaren eta Europako Batzorde neoliberalaren mezu berbera errepikatzeak eskolari dagokionez.

Are gehiago, historiari dagokionez eta ETA aipatzekotan, memoria akritiko eta onbera da legeak exijitzen duena. Giza eskubideen inguruko parafrasi hutsala. Baina irakasleok ez dugu formaziorik jasotzen benetan guztion eskubideetan oinarritutako hezkuntza bat eskaini dezagun. Gamifikazioa eta dozenaka app, txiribueltak ematen dituzten diapositibak… hori da eskaintzen digutena. Baina ez dago ez denborarik, ez eta nahirik ere, irakasleok formatu gaitezen historia postkolonialean edo ikas dezagun etengabe genero ikuspegia txertatzen gure gaitegietan, punta-puntako historialarien edo filosofoen lanak ezagututa.

Izan ere, dena Interneten omen dago. Baina ikusi besterik ez dago sareetatik hartuta zein mezu errepikatzen dituzten gaztetxoek eta edonork nabari dezake nola funtzionatzen duen Youtubeko logaritmoak, zientziari buruzko dibulgazioa bilatu eta handik hogei minutura terraplanismoaren inguruko bideoak eta katakume barregarriak ikusten ari zarenean. Eskolak ez ditu egungo mundua eta teknologia etsai bezala hartu behar, inondik ere, baina mundu horretan maneiatzeko gakoa ez da etengabe teknologia eta jokoak sartzea gelan. Baizik eta kalitatezko jakintza eskaintzea ikasleei, egunerokotasunean eta sarean gal ez daitezen. Belaunaldiz belaunaldi pilatutako jakintza, berez, egunerokotasunean ez itotzeko tresnarik ederrena baita. •