2022 OTS. 12 DURANGOKO BONBARDAKETA «31 vidas», gerraren kronika latza, lekukoen testigantzak erdigunean jarrita Martxoaren 31 hura bizi izan zuten 31 lekukoren testigantzak bildu ditu Iban Gorriti durangarrak «31 vidas» (Desacorde) liburuan. Isilduta izan diren istorioak gogoratuak izatea nahi izan du; ama galdu zuenarena, seme biak hilerriraino besoetan eraman behar izan zituenarena... «faxismoa pairatu zutenen omenez». Nerea Goti Pazko asteazkena zen 1937ko martxoaren 31 hura, merkatu eguna Durangon. Azoka Andra Mariko elizpean egiten zen garai hartan. Intendentzia postu bat ere bazegoen bertan... eta beste pertsona asko, eliza barruan, meza zegoen-eta. Goizeko 8.30 aldera, Ermu eta Elorrio aldetik zetozen hegazkinak ikusi zituzten. Sirena hotsak jotzen hasi zirenean, bakoitza ahal izan zuen lekuan sartu zen. Mussoliniren Abiazio Legionarioak jaurtiriko bonbek eta metrailadoreen jaurtigaiek 336 pertsona baino gehiago hil zituzten egun hartan Durangon, orduko biztanleriaren %5. Ez ziren eragindako heriotza bakarrak izan. Jesuiten eliza, Andra Marikoa, Santa Susanako komentua eta alde zaharreko hainbat eraikin itu nagusiak izan ziren. Arratsaldeko 17.30 aldera hegazkinak berriz itzuli ziren, trenbidea suntsituz eta ihes egin nahian zirenei eraso eginez. Laster, 85 urte beteko dira sarraskia gertatu zenetik. Aurten antolatuko diren oroimen ekitaldien ondoan, gertakarien inguruko beste ekarpen berri bat dauka Durangoko memoria kolektiboak, liburu formatuan, hain zuzen ere. “31 vidas” izenburua du eta Iban Gorriti durangarrak idatzi du. Urteetan zehar topatu dituen protagonista isil horien istorioak berreskuratu eta herriko oroimenaren lehen planora itzuli ditu. Durangarren eta, orokorrean, «faxismoa pairatu duten guztien omenez» dakar Desakorde argitaletxearekin kaleratutako lana, «liburuan agertzen ez diren beste horiei ere eskainia», idatzita utzi duenez. «Oso garrantzitsua iruditzen zait 40 urte isilik egon behar izan diren horiei ahotsa ematea» eta haien istorioak kontatzea. Liburuaren azpitituluak zehazten duenez, ez dira testigantzak soilik, biografiak dira, gertatu zitzaien guztia ez zelako bonbardaketarekin hasi ezta bukatu ere egin. Bizitza horien pasadizoak, gertaera eta egoera paraleloak... garaiaren kronika dira. Ordu luzeetako elkarrizketen emaitza diren testigantza horien artean, garaian ume izan zen hark aita hobi komun batean aurkitu zuenekoa dago. Alpargatengatik eta garaian erabiltzen ziren ligengatik ezagutu zuen. Beste lekuko batek gogoan gorde du zangotrabaz lurrera erorrarazi zituen gizon hark bizia salbatu ziela. Gerrako umetzat hartuak izateko aldarrikapena ere badago, eta pasadizo latzak, ume baten azalean jarrita. Lekuko batek kontatzen duenez, amarekin joan zen egun hartan merkatura. Lehen bonbak erori zirenean, zarata handia eta ke asko zela gogoratzen du, hori eta haur txiki bat amaren ondoan, hilik, oinik gabe biak. Ama atzean utzia zuen neskato hark hilik aurkituko zuela pentsatu zuen. Agertutako testigantzen artean daude arratsaldeko hegazkinen bigarren pasaldian «hain behean zihoazen, aurpegiak ikusten genizkiela, eta barre egiten zuten» diotenak. Hainbat kasutan, hegazkinek alde egin arte lurrean botata edo ezkutaturik emandako denboraren deskribapenak daude, eta beranduago helduko ziren bizipen asko, herritik ihes egin behar izatea eta ondorengo itzulera are gogorragoak izan baitziren familia askorentzat. Semearen gorpua besoetan “31 vidas” lanak plazaratzen dituen istorioen artean badago kalean aurkitutako laranja baten azalak iturrian garbitu eta jan zituela gogoratzen duena, metrailak buruan jo eta San Agustineko ospitalerako bidean hilik ateratzen zituzten mojak gogoratzen dituena. Sarraskiaren ostean galdutako eta lapurtutako etxeez hitz egiten duten istorioak daude, EAJkoak edo gorriak izateagatik epaituak eta are heriotza zigorrera kondenatuak izan ziren gurasoak zituztenen bizipenak. Elkarrizketa horietan mota askotako istorioak agertzen dira, batzuk film baten gidoiaren modukoak direnak, Batzokira gauean sartu behar izan zuen gaztearena, adibidez. Sartzeko eskatu ziotenean, «ezin dut» esan zuen beldurraren beldurrez, eta «‘ezin dut’ ez da existitzen» izan zen jaso zuen erantzuna. Lekukoetako batek 8 urte zituen Durango bonbardatu zutenean, ohean zegoen eta horma erori zitzaion gainean. Korrika irten zen kalera eta hilerrirantz joan zen, harantz baitzihoazen guztiak. Bertan gorpuak ilaran ikusi ahal izan zituen, eta hildako semea besoetan zeraman aita. Gero jakingo zuen bonbardaketan hildako beste seme baten bila itzuli behar izan zuela gizon hark, eta hamabost egun itxaron behar izan zuela oraindik, etxean lurperatuta geratu zen aititeren gorpua bilatzeko. Urteetan zehar jasotako testigantzetako batzuk dira horiek guztiak. Kasu askotan, harreman samur bat sortu dute, Gorritik nabarmendu duenez. Une latzak izan arren ikusi du ez direla «gorrototik kontatutako istorioak, baizik eta gertatu zena ezagutarazteko beharretik kontatutakoak; gorrotorik gabe baina ahaztu ez daitezen kontatuak». Printzipioen deklarazio batekin hasi nahi izan du liburua: «Begi aurrean daukazuna liburu antifaxista bat da»; eta hitzaurrean bertan honakoa eransten du: «Ideologia, mugimendu politiko eta izaera totalitario eta antidemokratikoa duen gobernu modu bat deitoratzen duten orrialdeak dira». Omenaldietara gonbidatu ez «Hori argi utzi nahi nuen hasieratik», dio Gorritik, faxismoa ez dela pluraltasunaren izenean onar daitekeen ideologia bat nabarmenduz. Demokraziaren printzipioen kontra doan ideologia da, «zoriontsu bizitzeko aukeren» kontrakoa. Garrantzitsua iruditzen zitzaion pertsona horiei ahotsa ematea eta euren istorioak paperean jasotzea, testigantza horiek kontserbatu eta etorkizuneko belaunaldiek horien berri izan dezaten. Mingarri egiten zaion beste errealitate bat gurutzatzen da Durangon: «Urtero egiten zen omenaldian, pertsona berdinak izaten ziren omenduak. Udalak beti berdinak gonbidatzen zituen, eta 85 urte hauetan pertsona asko hil dira omenaldi duin bat izan barik. Ez dakit [gonbidatutakoak] alderdi berekoak ziren, baina liburuan agertzen diren 31tatik zazpi izaten ziren gonbidatuak. Lekuko batek kontatzen zuen ez ziotela deitzen baina ez zitzaiola axola; zergatik ez? Zergatik ez zaio mundu guztiari deitu? Zergatik ez da jendea lokalizatzeko lan bat egin?». Dioenez, bidegabekeria erantsia da, eta ahotsa altxatu gabe bizi dute biktimek, euren lekua aldarrikatu gabe. «Ez dute protagonismorik nahi, baina haiek bonbardaketa bizi izan zuten eta haiekin ez da kontatu», aipatu du Gorritik. Ikusi duen beste egoera bat azpimarratu du, hainbat biktimaren artean oraindik ezabatu ezin izan den beldurrezko klima. «85 urte pasatu dira eta oraindik pertsona batzuek ez dute beren istorioa kontatu nahi, errepresalien beldur dira, eta hitz egiten dutenen artean batzuek oraindik ‘komunista’ hitza ahapeka esaten dute». Horren harira gogoratu du elkarrizketatutako lekuko batek oraindik esaten diola semeari errepublikanoa dela ez esateko. Lekukoen testigantzen ondoan, Durangoren kontrako bonbardaketak izan zituen zenbait berezitasun islatu ditu liburuan. Horien artean, munduan herritar zibil zurien kontra egin zen lehen bonbardaketa planifikatua izan zela nabarmendu du. «Estrategia militar baten barruan pentsatua izan zen; Durango Bizkairako sarrera zen eta Intxortan hilabeteak zeramatzaten erasoari aurre egiten, faxistek espero ez bazuten ere». Zehaztu duenez, frankistek Hitlerren Condor abiazioaren laguntza eskatu zuten Durango bonbardatzeko, eta Mussoliniren abiazioak egingo zuela adostu zuten. Durangon bonbardaketan ez ziren soilik Errepublikaren aldekoak hil, erantsi duenez, faxisten aldeko bandoan ere hildakoak izan baitziren. «Estatu-kolpeak eragindako gerraren bi bandoetako herritarrak zeuden Durangon, eta ez zen Durangoko bonbardaketa izan; Durangoren aurkako bonbardaketa izan zen», nabarmendu du. Errepresaliak eta tabuak Martxoaren 31 hartara itzulita, goizeko triskantzarekin gutxi ez eta arratsaldean berriz itzuli zirela azaldu du. «Goizeko masakrearen ondoren, arratsaldean, 17.30 aldera, hegazkinak itzuli ziren, justu hildakoak hilerrira eramaten ari zirenean. Une horretaz lekuko askok aipatzen dute hain behean zihoazenez pilotuen aurpegiak ikusten zituztela, eta barrez zeudela». Bonbardaketa handiena izan zen martxoko hori, baina irailean milizianoen kontrako bat izan zen, eta apirilaren 2an eta 4an gehiago egon ziren. Izugarrikeria ez zen eguneko heriotzetara mugatu, faxistek sartzea lortu zutenean eskualdean zabaldu zuten errepresioa izugarria izan zen; adibidez, emakume, gizon eta haurren bortxaketak izan ziren. «Emakumeen bortxaketez gehiago hitz egin da, baina tabua izan den kontu bat da», aipatu du Gorritik Maria Gorosarriren “No lloréis, lo que tenéis que hacer es recordarnos” liburua gogora ekarrita. Azken hamarkadetan ikerlan eta proiektu ezberdinak joan dira bonbardaketaren inguruko kontakizuna osatzen, eta Iban Gorriti horietako batzuen protagonista izan da. “Kantatzen ez duen herria herri hila da” dokumentalarekin Lekeitioko Zine Bilerako saria jaso zuen. Iaz beste dokumental bat argitaratu zuen, “Durango 1937”, pandemia garaian hainbat lagunek bidalitako bideoekin osatua –tartean Joseba Sarrionandiak berak Kubatik bidalitako bideoa biltzen du–, eta Juanjo Otero aktoreak gidatua. Gorritik azaldu duenez, hau guztia kalean bonbardaketaren urteurreneko kartel bat ikusi zuenean hasi zen. Eraitsita zegoen Andra Mariko elizpean gudari talde bat agertzen zen irudian. Hemezortzi urte zituen berak, eta etxera heldu zenean gurasoei gaiaz galdetu zien. Konturatu zen informazio gutxi zegoela, Durangokoa aipatu eta segituan Gernikakoak bereganatzen zuela protagonismo osoa... Une hartan musika talde bat sortzen ari zen. Entsegu lokalera heldu zenean lagunekin partekatu zuen asmoa, «herriarekin egindako bidegabekeriaren nolabaiteko enbaxadore izatea» eta faxismoaren aurkako kontzientzia hartze horretan laguntzea. 1988. urtea zen, eta taldeari Martxoak 31 izena jarri zioten. Kazetaritza ikasketak burututa, gaian sakontzeko aukera gehiago heldu ziren. Egun, herriko agertoki digitaletan aritzen da eta hainbat komunikabidetan sinatzen ditu memoria historikoarekin lotutako kolaborazioak. “Zazpika” astekarian bertan, ‘Marikuela’ bizirik dagoen azken milizianoaren istorioan sakondu duen erreportajea argitaratu du berriki. Musika taldeak gaiari emandako proiekzioarekin lekuko gehiagorengana heldu ahal izan zuen. Era horretara hainbat elkarrizketa lotu ahal izan ditu, ahalik eta informazio gehien biltzeko beharraz kontzientziatuta, eta gerrako istorio horiek eta adineko pertsonekin hitz egiteak berarentzat beti izan duten xarmak erakarrita. Arriskua ez da desagertu Hala ere, oraindik kontatzeko material asko geratzen dela uste du, eta horren beharra bikoitza ere badela nabarmendu du: alde batetik, bizirik dauden lekukoek eta haien gertukoek bizitakoa kontatzeko, eta informazio hori gazteenei helarazteko, bestetik. Aipatu duenez, Gernikan bonbardaketak izan duen lanketa handiarekin, ‘26 bizitza’ bat izatea gustatuko litzaiekeela esan diote behin baino gehiagotan. Biktima izan ziren haiek kontatzeko beharra dute, baina gertatu zen guztiaren kontakizuna zabaltzea eta belaunaldi berriei helaraztea oso beharrezkotzat jotzen du egungo testuinguru politikoan. Faxismoa ez da atzean geratu zen fenomenoa, dioenez, eta gaur-gaurkoz arriskuak bizirik dirauela uste du. «Agerikoa da aurrera egite erreakzionario bat dagoela, eta Espainia Voxen eta frankismoaren bazka da», gaineratu du. Horrekin batera, bere ustez, Francoren irudia zuritzen duten irudiak ikusi ahal dira telebistan, eta «horrek pentsarazten dit belaunaldi berriak ahazten hasi direla». Onartzen duenez, azken urte hauetan egin dituen elkarrizketa horiek arrastoa utzi diote maila pertsonalean, oroimen historikoarentzat eta herriarentzat berarentzat legatu bat izateaz gain. «Inpresionatu nauten bizitzak ezagutzeko aukera izan dut, gerrako bizipen horiek...». Iragana da, baina liburuak izan duen harrerak istorio horiek hain zahar eta hain ahaztuak ez direla frogatzen du. BIGARREN EDIZIOA, EUSKARAZKKO BERTSIOA ETA SUEDIAR KONEXIOA “31 vidas” (Desacorde) iazko Durangoko Azokan aurkeztu zen; mila ale argitaratu ziren eta gehienak saldu dira. Izan ere, bigarren edizioa bidean dago. Oso denbora laburrean lortutako salmenta horiek «ahoz ahokoarekin» lotzen ditu Iban Gorritik, baina bistakoa da gaiak interesa pizten jarraitzen duela, eta horren froga da hainbat proiektu dituela esku artean memoria historikoarekin lotuta. Bonbardaketaren 85. urteurrenerako, esaterako, lagun talde batekin ekitaldi bat antolatzeko asmoa duela aurreratu dio GAUR8ri. Liburua plazaratu zuenetik, hainbat dei jaso du 1936ko gerrako kontakizunak biltzeko, baina dagoeneko esku artean dituen zenbait istoriorekin «bizitza antifaxistak» protagonista izan ditzakeen lan bat dauka buruan. Aldi berean, Abadiño eta Zornotzako udalekin ari da lanean oroimenarekin lotutako proiektuetan. Gogora ekarri du Hego Euskal Herrian mila bonbardaketa baino gehiago izan zirela, eta «bizi izandakoaz jabetu dira asko orain, liburuan agertzen diren asko bezalaxe, konturatu dira azken urteetako une tragikoena bizi izan zela». Beste batzuetan, aldiz, «ulergaitzak» diren jokabideak ere aurkitu dituela aipatu du. Liburuan kontatzen duenez, lanak dokumentatzeko testigantzak jaso nahi eta EAJk bere militanteei parte ez hartzeko eskatzea, «ez da ulergarria, zein zen arazoa?» galdetzen du. Bitartean, arlo didaktikoa landu du azken boladan hainbat ikastetxetan, eta saio gehiago sortu dira Durangon eta inguruko herrietan, gerra garaiko kontakizuna era erdi antzeztuan zabaltzeko proiektuan. Eskolan bizi den paradoxa da, adierazi duenez, «Frantziako Iraultza lantzen da baina askotan ez dute herriko historia ezagutzen». Bere ustez, gehiegi delegatzen da ikastetxeengan sarritan, baina gai batzuk etxean jorratu beharko liratekeela uste du: «Etxean zein eskolan, iragana ezagutu behar da eta haurrekin hitz egin behar da demokraziak duen garrantziaz». Horren harira, museoan eman zuen hitzaldi batean izandako esperientzia nabarmendu du. Saio hartan, haurrei gurasoekin edo heldu batekin joateko gonbita egin zieten, etxean gaiaz hitz egin zezaten, eta «esperientzia ona izan zen, kontatzen zidaten kaletik zihoazela gaiaz hitz egiten zutela, ‘hemen hau gertatu zen...’, dibulgazio lana falta da, kalean jakin dadila zer gertatu zen, eta hau herri guztietan egin beharko zen», gaineratu du. Mahai gainean dituen proiektu berrien artean, edizio berriarekin batera, liburuaren euskarazko bertsioa ere badago. Kasu honetan, Suedian gara daiteke proiektua, hango kontaktu batek bultzatuta. Oraingoz ez dago guztiz definituta, baina lanak beste itxura bat izango duela aurreratu dio GAUR8ri, gazteentzat formatu erakargarriago bat landuz. Martxoaren 31 hartan haur edo gaztetxo zirenen oroitzapenak ageri dira liburuan... Oroitzapenak, bizipen latzak eta garai baten kronika osatzen duten pasadizoak Iban Gorritik nabarmendu duenez, lekuko askok inoiz ez dute bizi izan zutena publikoki azaltzeko aukerarik izan; herrian antolatutako omenaldietara gonbidatu ere ez dituzte egin Iban Gorritiren «31 vidas» liburua adierazpen batekin hasten da: «Liburu antifaxista bat duzu begien aurrean, adierarik irekien eta bakezaleenean» Lekukoen biografien ondoan, gertakarien gaineko hainbat datu biltzen ditu lanak, «gertatu zen hura gogoratua izateko», faxismoa ez delako atzean geratu zen fenomeno bat