2022 OTS. 12 Irudikatzea, norabait iristeko eskailera Maider Iantzi Goienetxe Mantentzearekin, irautearekin lotua dago irudikatzea. Imitatzearekin ere bai. Norabait iristeko eskailera bat da, fisikoa edo mentala, eta erakartzeko boterea aitortzen zaio. Ofcom Britainia Handiko komunikazio bulegoaren arabera, erne gauden denboraren bi herenak pantaila aitzinean ematen ditugu: smartphonea, tableta, ordenagailua, telebista... Irudien erabat mendeko gara eta ez dugu gure burua babesten. Horretarako lehenengo urratsa esposizio hori kaltegarria izan daitekeela jakitea da; bigarrena, eragiten digula onartzea. Hala azaltzen du Yolanda Dominguez artista bisualak “Maldito estereotipo” liburuan. Dioenez, jaso dugun ondare bisualik handiena erlijio kristauarena da. Moja eskola batean ibilia, espantuz oroitzen du Eguberrietako funtziorako paperak banatu zituztenekoa. Bi ilara zeuden. Mutikoak hamaika modutan mozorrotuta zeuden: Jainkoz, itsasoa bitan zatitzen zuen Moisesez, ontzia eraikitzen zuen Noez, sarraskia agintzen zuen Herodesez, merkatariz, artzainez, gerlariz... Neskatoak, aldiz, berdin zihoazen denak: zuriz, eskuak bilduta, goiti begira. Amabirjinak esaldi bat baizik ez zuen gidoian eta mojak ea ongi ikasi zuten galdetzean 23 neskatxek batera erantzun zuten: «Bai! Egin dadila nigan zure borondatea». Txikitan kontatzen zizkiguten ipuinetan eta ikusten genituen marrazki bizidunetan maitasun erromantikoak mugitzen zituen pertsonaia femeninoak. Maskulinoak, berriz, ekintzak eta lanak. Protagonista nagusiak zuriak, heterosexualak eta argalak izaten ziren, gainera. Mapa bisualetan, gure burua aurkitzeaz gain –gurekin antz handiena duten pertsonaiekin identifikatuz– nondik ibil gaitezkeen eta nondik ez ikusten dugu. Zorionez, eduki osasungarriak, anitzak eta aurreiritzirik gabeak sortzen ari dira gaur egun eta funtsezkoa da hori mundu berriak eta erlazionatzeko era hobeak posible egiteko, irudikatzen ez dena ez delako egiten ahal. •