2022 OTS. 26 infraganti SAIDOU TALL 2006an Euskal Herrira heldu zenetik ez dio jantzigintzan formatzeari utzi, eta ez da erraza izan, ikasketak eta lana uztartu behar izan baititu: eraikuntzan, arropa konpon- ketak egiten... Santutxun zabaldu duen denda-tailerra amets baten azken geltokia da, moda proposamen eta istorio asko gordetzen dituena. Nerea Goti L´Atelier de Saidou moda tailer txiki bat da. Duela bi urte zabaldu zituen ateak Santutxuko Luis Luciano Bonaparte kalean. Leku atsegina da, argitsua. Girotze berezi horrekin zerikusi handia dute joskintzako tailer baten berezko elementuek, agian, gure kaleetan jada ohikoak ez direlako jantziak sortzeko espazio horiek, baina bere xarma dute lanbidearen tresnak erakusten dituzten lokalek, maniki, soineko, oihal, marrazki eta patroien artean. Bi astoren gaineko mahai zuri handi batek mostradorearena egiten du. Bertan, marraztutako hainbat bozeto eta patroi daude, oihala mozteko artazi handiak, oihal zati txikiren bat… eta azpian, jantziak poltsetan banatuta. Negozioaren gako nagusia sormena da, bere zentzu zabalenean, Saidou Tallek moda zerotik sor dezakeelako bezeroaren nahiak ardatz hartuta, edo jantzi zahar bat beste era batera irudikatuta. Alde batean, esekitoki handi bat dago, era guztietako arropekin. Lokalaren beste aldean, josteko makina batzuk, eta, lehen planoan, bi maniki: andregai soineko batekin bata; kaleko soinekoarekin bestea. Zeta naturaleko oihalarekin egina dago azken hori, «ezer ez eramatea bezalakoa» da. Pieza biak Saidou Tallen sorkuntza dira. Senegaldar jatorriko santutxuarrak urteak daramatza auzoan bizitzen, baina ez da beti jostuna izan. Azken urteetan lanbidean formatzeko apustu sendoa egin ondoren, denda eta tailerra den lokala zabaltzea lortu du, moda egiteko ametsa betez. Ez da erraza izan, lan ezberdinak egin behar izan baititu ikasketak aurrera atera ahal izateko. «Lanean zaudenean ia ezinezkoa da askotan lan ordutegia eta ikasketetakoa uztartzea». Modan jarduteko konbikzioak paper handia jokatu du bere istorioan. Azkenaldian komunikabidez inguratuta dagoela aitortu du, baina iraganaz baino gehiago lanaz hitz egin nahi du, modari buruz duen ikuspegiaz. Bidea ez da erraza izan baina ez zion utzi sinisten zuen horretan ekiteari eta egia bihurtu da. Iragana historia da, orain lan asko du, eta pozik dago. Honaino heltzeko, jarraitutasuna, esfortzua eta aurkitu duen harrera izan dira laguntza faktoreak. Auzokideek egin dioten harrerak hitzik gabe uzten du. Hori aipatzearekin agertzen diren malkoek dena esaten dute. Motibazioa, egiten ikusten Jostuna izatea ez da txikitatik duen bokazioa. Hamabi urterekin Senegal atzean utzita, Estatu frantsesean bizi izan zen. Bertan, batxilergoa bukatuta Arte Ederren ikasketak hasi zituen, Arte Klasikoan matrikulatu zen, baina bigarren urtean utzi zuen; gustuko zuen marraztea, baina moda munduarekiko interesa piztu zitzaion: «Modak eragin handia duen lurralde batean nengoen». Etxean kontatu zuenean ideiak ez zuen harrera ona izan, ez zuten etorkizuneko lanbidetzat hartzen. Oraindik ez zeukan argi marraztea edo jostea nahiago zuen, eta Geometria Lauan matrikulatu zen, marrazketa teknikak eta patroigintza ikasteko. Eskola hartan jaso zuen motibazio handia goraipatzen du: galerietarako eta bestelako bisitetan ikusi ahal izan zuen profesionalek nola lan egiten zuten, goi mailako jantzigintzaren mundura hurbildu... «Klasean ikasi baina ez duzu ezer ikusten. Gauzak ikusten hasten zarenean, badoaz zu harrapatzen, mundu erreala ikusten duzu, gauzak nola egiten diren, nola inspiratzen diren...». «Jarraitzeko motorra» izan zela azaldu du. Herbehereetan, Belgikan eta Alemanian ere egon zen Bilbora heldu aurretik. Heldu berritan, formakuntzarekin jarraitu nahi izan zuen. «Argi neukan jantzigintzan lan egin nahi banuen, ona izan behar nuela», azpimarratu du. «Eskola pribatuak baino ez nituen ikusten eta dirurik ez neukanez gizarte langilearengana jo nuen zer ikasi nahi nuen azaltzeko; berak bideratu ninduen eskola publiko batera. Neuzkan ezagutzekin goi mailako gradu bat egin nahi nuen». Hiru urteko ikasketak ziren, baina bitartean sortzen ziren lanekin uztartu behar zituen, eraikuntzan... eta oso zaila zen zeregin biak uztartzea. «Ezkongai soinekoetan espezializatu nahi nuen, gehiago ikasi... eta Javier Barroetaren goi mailako jantzigintza eskolara joan nintzen. Diru askorik ez banuen ere, ordaintzen joateko aukera nuen. Nire ibilbide osoa azaldu nion, tailerra ere baneukala publikoari zabaldu gabe... eta berak asko irakatsi zidan, teknikak... izugarri lagundu ninduen, Javierrek atera zuen nigandik nik neuk ere neukanik ez nekiena», nabarmendu du hunkituta. Konponketetatik bildumetara L`Atelierreko ateak zabaldu arte jantzien konponketak egin ditu hainbat denda eta moda etxe ezagunentzat. Lan horiek ez ditu atzean utzi, baina sortze-lanekin konbinatzen ditu. «Ukitu berezi bat duten jantziak sortu nahi ditut, kaletik eraman daitekeen moda erosoa baina ezberdina, esklusiboa», azaldu du. Orain jantzi berrien diseinu lerro bikoitz bat dauka: emaztegai soinekoak eta kalekoak. Ordubete eskasean hiru bezero heldu dira jantzi baten bila edo behar dituzten moldaketak egiteko enkarguekin. Gehienek Tallen aholkua bilatu dute gauza baterako edo besterako. «Zuk zer uste duzu Saidou? Horrela nahikoa izango da edo gehiago moztu beharko genuke?». Jaka baten mauketan egin beharreko konponketa bat da, eta Tallek bere iritzia eman du. Aurretik bi neska izan dira tailerrean andregai jantzi baten bila. «Batzuetan gauzak oso argi dituzte eta zehazten dizuten horretan zentratu behar duzu, beste batzuetan ez dute hain argi eta zuk gidatu behar dituzu baina beren gustuak kontuan hartuta», azaldu du bere ohiko lanaz. «Ideiarik gabe datorrenari zer gera dakiokeen ondo esatea ere bada jostun baten lana, gero berak aukeratuko du, baina nik aukera ezberdinak erakutsi behar dizkiot», erantsi du. Emaztegaiekin apur bat ezberdina da. «Jendeak ametsetako jantzia dakar buruan, nahi duten hori apuntatzen dut». Tailerrean diseinu ezberdinak ditu, era ezberdinetan molda daitezkeenak bezeroaren gustu edo beharren arabera. Aipatu duenez, normalean ez ditu burutzen oso jantzigintza konplikatua eskatzen duten proiektuak, material faltagatik eta kostuak izugarri garestitzen direlako. «Ohikoena da betiko estiloko soinekoak eskatzea, zuriak… jendeak ez du arriskatzen, ez kasu horretan behintzat», dio santutxuarrak. Kaleko soinekoekin apur bat ezberdinagoa da, baina ez asko. Instagramen duen kontuan, sortu dituen piezak ikus daitezke, estilo guztietakoak. Irribarretsu dio 18 pieza zituen bilduma bat saldu duela. Orain beste bilduma batean ari da lanean. Diseinu horien prezioa 100 eta 160 euroren bueltan egon daitekeela dio, eta onartzen du inork pentsa dezakeela prezio altua dela. Nabarmendu, ordea, pieza horiek oihal bereziekin eginda daudela; esklusiboak dira oihalari dagokionez, baita diseinuan ere eta pertsona horri egokituta daude. «Arropa ona da, oihal onekin egindakoa, erabilera luzeko gauzak izaten dira, kalitate onekoak eta denborarekin nahi izanez gero molda daitezkeenak. Zahartze ona izaten dute». Moda merkearen hedapenaz eta erabili eta bota dinamika horretaz hitz egin du GAUR8rekin. Agian batzuei zail egingo zaien kultura bat izan daitekeela uste du, baina pentsamolde aldaketa baten hasierako urratsak ikusten ditu; kalitate oneko jantzien aldeko apustua gizartean hazten ari dela uste du. Txikitan Senegalen modarekin izan zuen lehen kontaktua ekarri du gogora: «Neurrira egindako arropa egiten ziguten, gogoan dut gurasoekin dendara joaten ginela arropa egin ziezaguten». Sustrai afrikarren isla ere badu bere lanak. Estanpatu bizi horien forma ezberdinetako oihalki txikiak elkarren artean josiz efektu koloretsuko piezak eratzen ditu. Horietako asko jantziei kolore biziak sartu eta forma berriak osatzeko erabiltzen ditu. Nahiko luke jendea betiko errutinatik irtetea eta gauza berrietara zabaltzea. Bilbon, dioenez, mestizaje aberasgarri horren keinuak ikusi ditu: ateak eta pentsaerak zabalik. Saidou Tallek hainbat lanekin uztartu behar izan du Bilbon osatu duen formakuntza. Javier Barroeta bezalako profesionalak izan ditu ondoan, eta hunkitzen duen auzoaren harrera. «Ez dut edonolako oihala erabiltzen» dio jostun bilbotarrak. Neurrira egindako kalitate oneko arroparen aldeko joera ikusten du, eta jantzien eraldaketaren apustu garbia du.