GAUR8 - mila leiho zabalik

Gasteizko emakume grebalariak

CEFERINO YANGUAS. GASTEIZKO UDAL ARTXIBOA

Artikulua ilustratzen duen irudiak Gasteizko Vicente Goikoetxea kalearen hasieran zegoen La Carmela zaku fabrikako langile talde bat erakusten du, 1936an. 30eko hamarkadako prentsak zaku fabrikako emakume langileen greba deialdien berri eman zuen, Sindikatu Bakarrak deituta, lan hobekuntzak eskatzen zituzten. 1932ko otsailean, Jose Maria Amilibia Arabako gobernadore zibilak, Acción Republicana alderdiko kideak, langileen greba debekatu eta protestei eutsiz gero grebalariak atxilotzearekin mehatxatu zuen. 1933an zaku fabrikako langileen grebak errepikatu egin ziren, Fournier karta fabrikako emakume langileek eta CNT, UGT eta SOV sindikatuek lagunduta. Alfredo Donnayk (1894-1986), poeta eta konpositore eta Gasteizko CNT sindikatu anarkistaren antolatzaileetakoak, emakume langile gasteiztarrei buruz idatzi zuen: «Antes no había en Vitoria más mujeres trabajando que naiperas y saqueras del Carmelo y casa Alfaro…».