2022 API. 09 «Ez daukagu iritzirik, pentsatzen gaude» Mikel Zubimendi Berastegi Ez dakit kezkatzekoa den ala ez, niri bakarrik gertatzen zaidan edo orokortua den, ez dakit. Gero eta zailagoa egiten zait erantzun bat ematea, iritzi bat egitea, gauzak esplikatzea. Gero eta gogorragoa da zure izen-abizenekin sinatuta, iritzi sendo bat idaztea. Gero eta desafio handiagoa. Ez dakidalako, ez dudalako erantzunik. Bizi dugun garai ziniko honen zantzua izango da agian, denok dakigulako ez dakigula, badakigulako gezur baten bueltan gabiltzala, denok; eta, hala ere, ezjakinaren plantak egiten ditugulako. Ez dakit. Esplikazioak interesatzen zaizkit, baina mundua, bere gerra eta miseriekin, ulertu nahian ezinegona sortzen zait. Berdin Euskal Herriarekin. Badakit begi bistakoaren ertzean irekitasuna dagoela, galdera marka erraldoi bat horizontean. Erantzunik gabeko lurraldea. Eta nire bizkar zorroan gero eta zama handiagoa hartzen du esplikatu ezin dudan horrek, esploratuta eta dominatuta nituela uste nuenari gain hartzen dio. Bizitzan aurrera egiteko izan ditut hiruzpalau printzipio, uste eta kategoria batzuk, baina ortopedia baten beharrean dauzkat. Demontrea da, egungo mundu petralean ibiltzeko makilak uste nituenak makulu egin zaizkit, hala sentitzen dut. Eta nire barne munduaren kontu korrontean, superabita esplikaezinean dago, eta, defizita, dominatua uste nuen horretan. Gero eta sarriagotan sentitzen dut esplikatu ezin dudan parte hori dela hobekien esplikatzen nauena. Gaituena. Eta planak egiten ditut, letra eta dokumentu pila-pila bat irakurtzeko planak, ulertzeko, erantzunak izateko. Eta buruan ideiak ordenatzen saiatzen naiz, egoera kontrolatzen dudala pentsatzeko, agian, nire buruari ziria sartuz. Baina ez dauzkat. Eta zein zaila den «ez dakit» esatea! Errazagoa da «n'importe quoi» erantzutea «ez dakit» erantzunda inkonpetente baten itxura ematea baino. Desordenatu zaizkit ideiak eta usteak. Garbigailuetako danborreko kristalean titi zorroa edo bikotearen bila dabilen galtzerdia dabiltzan bezala, indar handiago baten mende, bueltaka, jauzika, kolpeka, dabiltza nire kaskarrean. Parte handi bat eskapatzen zaidala sentitzen dut, eta mutu geratu nahi nuke. «Ez dakit»... eta lasai ederrean. Ofizio honetan garbitzen jakitea inportantea dela suposatzen dut. Ez dakit nor bere iritziez ahazteraino, baina bai iritziak eta komenentziazko erantzun borobilak garbitzeko gai izatea. Segur aski, pentsatzen hasi ahal izateko hori ezinbestekoa da. Ez dakit. Baina lagunarekin ados nago: pentsamendua, askotan, iritziaren garbiketa eskatzen duen lan nekeza da. Pentsatu, goian daudenei, ustezko espezialistei, ez obeditzeko. Hau edo bestea esan eta argitaratu dutelako, ongi edo gaizki dagoen kuestionatu gabe, ez obeditzeko. Eta hori aldarrikatu nahi nuke letrotan. Pankarta bat jarri nahi nuke, edo, hobeto, hoteletako logeletan-eta ikusten diren «do not disturb» bezalako txartel bat zintzilikatu: «Ez daukagu iritzirik, pentsatzen gaude». Natural egiteko, are ildo bezala egituratzeko. Horri ekin, lasai eta urruti pentsatzeari. Denbora bat eta bake pixka bat emanez. Gerraz, planetaren kaos eta kolapsoaz, edo Euskal Herriaren ataka eta aukeren inguruan aritzean popularizatu dezagun «ez dakit» erantzuna. Zalantza-dantzaren plazara atera eta jarri gaitezen pentsatzen. Liberazioaren eta arrazoiaren bideak indartzeko. Pertsonalki eta kolektiboki. Ez dakit. • Me gustaría poner una pancartas o, mejor, colgar una tarjeta como el «do nuestrb» de las habitaciones de los hoteles: «No tenemos opinión, estamos pensando»