2022 API. 09 Korrikako zenbait une gogoangarri HITZEKIN, HITZIK GABE GERATZEKOAK Ez dira sentsazio eta sentimendu berriak, ezta egoera berria ere: urduritasuna, antsia, bertigoa, poza, ilusioa gogoa... hasieratik amaiera arteko ezin adierazizko zirrara. Hainbat unetan bizi izandako egoera bitxi eta hunkigarriak. Une horietako batzuk bildu ditu GAUR8k, egunotan pilatutako ehunka horien artetik. Bihar Donostian 11 eguneko, 2.500 kilometroko nekearekin nahastuko dira, eta hiria jai erraldoia bihurtuko da hurrengo egunean konpromisoari eusten laguntzeko. Eguraldia lagun, esan ohi da; baina Korrikan ez da ezinbesteko osagaia edo baldintza. Euskara lagun. Xabier Izaga eta Maider Iantzi Une liluragarriz betetako ekitaldia da Korrika. Gertaera liluragarria da Korrika bera. Hainbat pasadizo, ezusteko hunkigarri eta bitxi ditu, harritzeko, barre egiteko, inoiz haserretzeko, ia beti hunkitzeko modukoak. Guztiak ere euskara arnasteko modukoak. GAUR8k bakan batzuk baino ez ditu jaso, lasterketa Amurrion abiatu zenetik bere edizioa itxi artekoak; izan ere, ezinezkoa da hamaika eguneko momentu horiek guztiak atzematea. «Oso momentu berezia» izan zen apirilaren 4ko goizeko 02:30ean, Zangozatik Irunberrira bidean, Isuko gainekoa. Ibai Osinaga Gogorcena Irunberriko irakasleak lekukoa hartu zuenean, furgonetan Ibil Bedi x Broken Brothers Brass Band-en “Orain bat gara” kanta jarri eta Osinagari mikroa eman zioten. Eta kantari hasi zen, noski, Ibil Bedi taldeko abeslaria baita. Luxuzko ahotsak zihoazen furgonetan lasterketa Zuberoan gaindi Garindainera iritsi zenean: Amaren Alabak. Asteazkenean, eguna argitu baino lehen, «desordutan», Gaztelaren administraziopeko lurraldeetara sartu zen Korrika. Trebiñuko euskaltzale eta euskaldun andanak jarraitu zion lekukoari. Galdetu diezaietela Argantzon Ikastolako haur, guraso eta irakasleei. Egun berean, Hernanin adinekoen DinoKorrika izan zen. Euskara debekatuta ezagutu dutenek, transmititu dutenek, oraindik euskararen alde lasterka egiten dute, batzuek gurpil aulkian. Zuia, Arratia, Txorierri atzean utzi eta Bilbora iritsi zen, ondoren Baionara... eta bihar Donostiara. Eguraldi ona iragarrita dago, baina ikusitakoak ikusita, hala izango ez balitz ere, arrakasta ziurtatuta legoke. Bihar ez da ezer amaituko, euskararekiko atxikimendua indar berriz erakusteko aukera hasiko baizik. Baina ospatzeko eta ondo pasatzeko eguna izango da. Esate baterako, Zuloaga plazako NAIZ gunean izango diren kontzertu eta beste ekitaldietan. EUSKAL HERRIKO ETA MUNDUKO EUSKALDUNAK AMURRIORA BEGIRA Hasiera, nola ez, momentu garrantzitsua da. Bi urtean behin egiten den ekitaldi ikusgarri bateko protagonistak hasteko irrikatzen daude, kirioak airean. Aurten gainera, pandemiaren osteko Korrika da. Urtebete luzeagoa izan da itxaronaldia. «Gogoa, zirrara, oilo-ipurdia, indarra, kemena...» eta gisa bereko hitzak entzun zituen Nerea Gotik Amurrion. Hasiera ekitaldiak mezu ugari utzi zituen. Korrikaren beraren hastapenak eta garai hartako gau eskolak gogoratu zituzten eta hainbat lagunen lana nabarmendu: euskarazko toki hedabideena, egunero euskaltegira joaten direnena, belarriprestena, «dakiten euskara erabiltzen dutenak eta entzumena lantzen» duten guztiena. Lehenengo kilometroan euskaltegiko irakasleek eraman zuten lekukoa, eta bigarrenean SOS Aiaraldea herri ekimenak eta Tubacexeko, Artiacheko eta eskualdean borrokan diharduten beste enpresetako langileek. Lanpostuen defentsan egindako borroka historikoa gogoan, euskalduntzeko eta euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzera deitu zuen AEK-ko arduradunak, Tubacexeko langileak eredu jarrita: «Tubacexen eta beste hainbat lantokitan erakutsi diguten kemen eta duintasun berberaz». Baina leku guztietan ez dituzte hizkuntza guztiak maite, eta Madrilgo hiru barrutitan euskal lasterketa debekatzeko erabakiaren berri iritsi zen. Astean zehar, ordea, mundu osoko hainbat lekutan egin dute euskal lasterketaren erreplika. Eta abiatu zen halako batean, mezu argia utzita: hamar egunean Euskal Herriko herri askotatik igaroko da, baina igarotakoan ere, nabaritu dadila eguneroko konpromisoan. Hasia zen eromena. Protagonistak, AEK-ko irakasleak, eta haiekin batera inguruan zituzten eta hurrengo egunetan parte hartu duten milaka lagunak. GARABIDE eta HIBIL IKASTAROko partaideak Martxoan Garabidek antolatutako Hibil ikastaldian 11 hizkuntza gutxituren hainbat ordezkarik jardun dute elkarlanean. Helburua, jatorrizko hizkuntza gutxituak dituzten komunitateetako gizon-emakumeen «berdintasunezko garapen integralaren bidean, hizkuntzen biziberritze prozesuak indartu eta dibertsitatearen eta antolaketa komunitarioaren aldeko sare proaktiboa sendotzea». Hartarako, Euskal Herriko herrigintzako ezohiko agenteekin aliantzak sortu eta erronka globalei buruzko gogoeta eta esperientziak partekatu dituzte, elkarlana bideratze aldera. Amazigera (Rif, Maroko), nawat (Mexiko), mapudungun (Wallmapu, Txile), Yukatango maia (Mexiko), aimara (Bolivia), guaraniera (Bolivia), kaktxikelera (Guatemala), kitxeera (Guatemala), nasa yuwe (Kolonbia) eta kitxua (Ekuador) hiztun horiek nekez pentsatuko zuten ikastaroa amaitzeko aukera ederragorik izango zutela: Garabideko lagunekin Aretxabaletan Korrikaren lekukoa hartzea. ELURRA NAGUSI, BAINA HERRITARRAK PROTAGONISTA Leintz bailarako euria elur bihurtu zen Gatzagan, Legution jarraitu zuen eta elurpean zegoen Gasteiz. Andre Maria Zuriaren plazan, presoen aldeko elkarretaratzean zeudenak errepidearen bi aldeetan jarri ziren Korrikari ongietorria egiteko. Presoen aldeko oihuak euskararen aldekoak bihurtu ziren. Hainbat korrikalarirenak, aldiz, presoen aldekoak. Alde Zaharra txiki geratu zen. Juan, Jango tabernako jabea blai eginda itzuli zen tabernara kilometro bat pasatxo egin ostean. Pandemiaren ostean, ostalarientzat horrelako gertaera batek batzen duen jendetzak eta giro ezin hobeak negoziorako gau emankorra iragartzen zuten. Baina ez zuten egun ona izan... nondik begiratzen den. «Garrantzitsuena, jende andanak erantzun duela», zioen Juanek. «Gureari zer egingo diogu, inportanteena da herriak Korrikarekin, euskararekin dagoela erakutsi duela berriro ere, eguraldiari eta oztopo guztiei aurre eginda. Hori hemen baino ez da gertatzen. Gu ez gara inor baino hobeak, e? Baina hau hemen bakarrik gertatzen da». GOGOA BEHAR DA GERO! Gasteiz zuritutik irtenda, mara-mara segitzen zuen elurra Arabako Lautadako eta Nafarroako errepideetan pilatzen zen. Korrika ez da erraz gelditzen, ordea. Gaueko ordu txikitan, hotz ikaragarria. Gogoa behar da gero! Hain zuzen, horixe da falta ez dena. Furgonetari bultza egin behar izan zioten bi aldiz, elurtza zela eta. Sare sozialetan Unai Gaztelumendik larunbatean GAUR8ko Irritzi sailean argitaratutako marrazkiarekin asmatu egin zuela zioten. Gasolinaren garestitzeak ez zuela Korrikaren furgoneta geldiaraziko irudikatu zuen. Baita asmatu ere: ez gasolinaren garestitzeak, ez elurrak. (IA) ETENIK GABEKO LASTERKETA Poza nagusi den lasterketan gertakari tristeak ere izan dira. Korrika ez dute ez elurrak, ez debekuek geldiarazi, baina bai bere korrikalari kutunen oroitzapenak. Ohi bezala, Bakaikutik Etxarrirako bidean, lasterketa une batez geratu zen bide bazterrean lore sorta bat uzteko Javier Eseberri Arraras 13 urteko gaztearen omenez, errepideko puntu beltz hartantxe galdu baitzuen bizia 1980an, Korrikaren lehen edizioan, hain zuzen. Zenbait korrikalarik Etxarri Aranaztik Bakaiku aldera lekukoaren atzean korrika egin ondoren, herrirako bidea hartu zuten, eta haietako bat, Javier Eseberri Arraras, auto batek harrapatu zuen. Lehen Korrika haren amaieran, aipamen berezia egin zioten Bilbon gazte etxarriarrari, eta minutu bateko isilunea eskatu zuten Eseberriren, Xabier Peñaren eta Rikardo Arregiren omenez. Sakanako AEK-k ezbeharra izan zen tokiaren parean porlanezko zutabe baten gainean marmol arrosako irudi bat jarri zuen, ondoren ezezagun batzuek hautsi egin zutena. Oroitarria txikitu izanak, ordea, ez du etxarriarra euskararen korrikalarien gogotik ezabatu. IRUÑERRITIK ERRIBERARA, KORRIKAREN ARRAKASTA ETA BATZUEN KASKETA Euskara aldarrikatzen duten haurrei alkateak espaloitik jaistea debekatzen dien hirian, Iruñerri osoan, jendetza bildu zen elurpean. Kanpotik joandako jendea ote...? Handik Erriberara egin zuen lasterketak. Ez zen, ez, Iruñerriko uholdea. Jende gutxiago, normala denez, baina gutxiago ez da gutxi, inondik inora. Nork esan lezake lurralde horrekin ez duela zerikusirik euskarak? Badira hori sinetsarazi nahi dutenak, baita sinesten dutenak ere, ikusi nahi ez duten itsuak. Erriberan ere euskarak etorkizuna duela zioen egunkari honen kronikak. Zalantzarik ez, eta oraina ere bai. Izan ere, Martxelo Diazek bertako zenbait euskaldunekin hitz egiteko aukera izan zuen, Mintzakide programan parte hartzen duten lagunekin, eta “Hitz eginez ikasten da Erriberan ere” izenburuko erreportajean kontatu zuen. Hain zuzen ere, horretan ari ziren, ikasten... hitz eginez. Ez dira bakarrak, Tuteran beste bost mintzakide talde baitaude, baita Alesbes, Cascante eta Murchanten ere, eta luze gabe beste zenbait udalerritan ere mintzakide talde gehiago sortuko direla espero dute. Etorkizuna du euskarak Erriberan eta askoz harago, Sustrai Colinak Martzillan furgonetatik kantatu zuenez: «ta Martzillatik goaz/ Donostiaraino/ ta Donostitik mundu/ bukaeraraino». Nafarroatik irten gabe, Donibane Garazin hainbat euskaltegik euskararen doako ezagutza unibertsala aldarrikatu zuten. Adierazpena Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak irakurri zuen, goitik beherako nafar batek, alegia, Elizondon sortutako tuterarra baita. Euskararen aurka ez omen dauden horiek beren esku izan dituzte hainbat neurri hartzea «euskara ikasteko bidea doakoa izan dadin», edo nafarren eskubideak eremuka banatzen edo ukatzen dituen zonifikazioa bertan behera uzteko. Horren ordez, baina, Korrikaren aurkako adierazpenak proposatzen dituzte. Halakoxea izan zen Navarra Sumaren kasketa. Erasoak, debekuak, nafar guztien eskubideak errespetatzen ez dituzten legeak nahikoa ez eta Iruñeko Parlamentuak Korrikaren «erabilera sektarioa» arbuiatzeko adierazpen bat onartzeko eskatu zuen. Alferrik eskatu ere. ERREPIDEAK ZAINTZEN DITUZTENAK Irurtzunen, gasolindegian, ezinbestekoak izan diren lagun batzuekin egin zuen topo Korrikak. Bazien zer eskertua. Errepideen zaintzaz arduratzen diren langileak dira: Oskia, Jesus Mari eta Kepa. 24 orduz aritu ziren lanean eta, hain zuzen ere horrexegatik, ezin izan zuten euren kilometroan lasterka egin. Txikuren kuadrillaren kilometroa eta Arbizuko dantza taldearena ziren, hurrenez hurren. AVBehintzat argazki bat eta eskerrik asko handi bat zor zien Korrikak: «Mila-mila esker, lagunok!» GURE ESKU ETA KATALANAK, ERABAKITZEAREN ALDE 1041. kilometroa Gure Eskurena izan zen, Orreagatik Luzaiderako bidean. «Gure Esku dago guk nahi duguna erabakitzea, baita Euskal Herri euskalduna ere!», aldarrikatu zuen. Kataluniako ANC eta Omniumeko lagunekin batera eman zituen pausoak Ibañeta elurtuan, Orreaga, Luzaide eta Donibane Garazi lotzen dituen 1.057 metroko mendatean. «Determinazioa, ilusioa, herri gogoa... Korrika izan dadila berriro ere gure herriak aurrera egiteko behar duen bultzada», adierazi zuen Amalur Alvarez Gure Eskuko bozeramaileak. ANCko Elisenda Paluziek eta Omnium Culturaleko Elena Jimenezek nabarmendu zuten beren hizkuntza babesteko bat egiten duela jendartearen gehiengoak, aukera politikoetatik gaindi. «Katalanaren alde egiten dute epaitegien aurrean, hauek baitira arazoa sortzen ari direnak». Katalanak zein euskarak globalizazioan biziraun behar dutela agertu, eta horretarako ere subiranotasun osoa behar dela defendatu zuten, «estatu bat izatea, legeak libre egiteko, euskara eta katalana babesteko». «Gutxiesten gaituzten lege eta epaien aurrean, jarrai dezagun gure hizkuntza eskubideak defendatzen; eta jarrai dezagun, burujabetza eraikitzen, gure hizkuntzak muga eta oztoporik gabe sustatu ahal izateko», azpimarratu zuten hirurek, eta uztailaren 2an berriro mendiek batuko dituztela oroitu zuten, Pirinioetako mobilizazioan. ARABAKO ERRIOXAKO (ETA VIANAKO) KORRIKA Aurten Korrika ez da Arabako Errioxatik igaroko. Barkatu, aurten ere Arabako Errioxan zehar igaroko da Korrika. Gaur bertan. Zein euskaltzalek ez du nahi Korrika berre herritik pasatzea? Aurten ibilbidea ez da, esate baterako, Arabako Errioxara sartzen , eta bertako euskaltzaleek hortik igarotzea oso garrantzitsua dela uste dutenez, bertan izango da Korrika: 2013an eta 2017an egin zuten modu berean, eskualdeko euskaltzaleek lasterketa propioa egingo dute. Haserrealdi batetik sortu zen Arabako Errioxako Korrika. Hasieran AEKren erabakiaren aurkako protesta kutsuarekin; orain, Korrikarekin adostuta, haren babespean eta harn laguntzarekin. Gaur bertan egingodute Vianako eta Arabako Errioxako Korrika, egun osoan zehar. Bastidatik eta Vianatik zutabe bana abiatuko dira, eta Arabako Errioxako herri guztietatik igaro ondoren, Guardian izango den jaian elkartuko dira. Korrikak ez du Toloño zeharkatu, baina ibili badabil mendilerroaz bestaldean ere.