GAUR8 - mila leiho zabalik

Aberriak


Aberriari buruzko metaforarik ederrenetakoa Txillidarena da. Atlantikoko kosta osoa zeharkatu zuen bere “Elogio del horizonte” eskultura jartzeko kokapen egoki baten bila eta zerumugari begira egoteko lekurik ederrenak, gotorlekuak eraikitzeko, militarrek hartuak zituztela ohartu zen. Baina berak ez zuen zerumuga kontrolatu nahi, zerumugari begira amets egiteko leku bat nahi zuen. Orduan esan zuen “zerumuga da gizakiaren aberria”.

Zaharxeagoa da Arestiren “Aitaren etxea”rena. Ez dakit norena den, baina guk Jon Sarasuari entzun genion lehen aldiz esaten aitaren etxearen ordez berak “Amaren sua” nahiagoa zuela. Bata, “aitaren etxea defendatuko dut”, borrokalariagoa da, bigarrena hizkuntzari lotuagoa dago beharbada.

Eraginkorragoa da beharbada Sarrionandiak Joxe Azurmendiri eskainitako batzarrean erabili zuen esaldia: “Nazioa, batez ere, komunikazio espazioa da”. Nazioa ez dela, zioen, ez etnia, ez hizkuntza, ez ideologia. Sarrionandiak zioen nazioa garela frogatzeko definitu izan dela nazioa eta bere ustez, onuragarriagoa litzatekeela aldrebes, gure nazio ezaren inguruan eraikitzea komunitatea, elkarrekiko komunikazioan. Eta ez garela nazio bat frogatzeko aski dela zioen egunkaririk irakurrienak espainolak edo frantsesak direla ikustea eta gure erreferentzia kulturalak ere espainolak eta frantsesak direla onartzea. Politika ideologikoki abertzalea haziz joan da, baina espazio komunikatiboari dagokionez, egoera kolonial edo postkolonial tipikoan gaudela zioen Iurretakoak.

Orain pare bat aste, Hezkuntza legearen zirriborroa dela-eta, EHUko lau irakaslek ikastolen ekarpenak nabarmenduz atera zuten artikulu berriro gainetik begiratu ondoren aberria definitzeko beste lelo bat bururatu zait. “Gure aberria herrigintza da”, publikotasunaren aldeko diskurtso merke bat zabaldu baita gure artean azken aldi honetan, publikotasuna modurik hertsienean, administratiboenean ulertuz, noski, ikuspegi komunitarioago baten kaltetan. Artikulu horretan zioten publiko-pribatu eskemari herrigintzarena erantsi behar zaiola, beti garrantzitsua bada ere, gurea bezalako estaturik gabeko herri batean ezinbestekoa delako. Publiko-pribatu eskema sinple horretan badirudi publikoa ez dena, interes partikular eta pribatuetara makurtzen dela, baina lau irakasle horiek ziotenez, aspaldidanik ari gara Euskal Herrian estatu erakundeen barruan borroka egiten eta erakunde horietatik kanpo berriak eraikitzen, hala nola AEK, UEU, ikastolak... Herrigintza ere badelako gure aberria. •