2022 API. 23 SORGIN-EHIZA ESKOZIAN Barkamen ofiziala lau mende atzera misoginiaren ankerkeriak pairatu zituzten emakumeei Sorgin-ehizaren historiak 2.500 hildako baino gehiago utzi zituen Eskozian duela lau mende. Gaur, ankerkeria horiek «misoginia» gisa irakurrita, barkamen ofiziala eman die gobernuak sorginkeriaz akusatutako pertsonei; emakumeak gehienak. Babes zabala duen herritarren kanpaina baten presioak bultzatu du adierazpena. Maddi Txintxurreta Eskoziako Dunning herrixkaren kanpoaldean, Duncrub gazteluaren parkeetan, andrazko baten oroimena gordetzen duen harrizko monumentu bat dago. Monumentuak gurutze bat du goian, sei metrora, eta, zuriz margotuta, harrien azalean, idazki bat du: «Maggie Wall 1657. urtean erre zuten hemen sorgin modura». Erregistroen arabera, 6-9 emakume inguru kondenatu eta hil zituzten sorginkeriarengatik Dunning herrian. Baina Maggie Wall-en izenik ez da ezein erregistrotan ageri. Eskozian sorgin baten omenez eraikitako monumentu –harrizko estruktura umila– bakanetakoa da. Eta norbaitzuek, mendez mende, existitu ote zen jakiterik ez dagoen andrazko horren izena eta heriotza tragikoa berridatzi dute harrian. Existitu ziren, ordea –hala dagoelako jasota erregistroetan–, sorginkeriarengatik kondenatutako 2.558 pertsona, Eskoziako Jakobo VI. erregeak eta bere leinua segitu zuten ondokoek existitu ez zitezen neurriak hartu zituzten arte; hau da, hiltzeko agindua eman zuten arte. Dundeeko hilerrian, herrialdearen ipar-ekialdean eta Dunning-etik soilik 42 kilometrora, "sorginen harria" izeneko zutabe txiki bat dago. Bisitari batzuek loreak eta txanponak uzten dituzte sorginkeriagatik hildako pertsonen omenez; besteak beste, Grissel Jaffray, 1669an, ito eta bere gorpua erre zuten. Hiriaren erdialdeko kale batean, sutan dagoen kono bat irudikatzen duen mosaiko batek «Dundeeko azken sorgina» esaten zioten emakume horri gorazarre egiten dio. 1563an Sorginkeriaren Legea indarrean sartu zen Eskozian eta 1736ra arte iraun zuen; orduan ebatzi zen sorginkeriagatik pertsonak hiltzea ez zegoela ondo, delituak, urtebeteko gehienezko kartzela zigorrarekin, jarraitu zuen arren. 4.000 pertsona inguru akusatu zituzten urte haietan: gehienak, %84, emakumeak ziren. Krimen larritzat jotzen zen sorginkeria, eta halako zigorra zuen: hil arte ito eta, ostetik, erre egiten zituzten gorpuak, sarri modu publikoan, herritarrei lezioa erakusteko agian. Lurperatzeko ezer geratzen ez zen arte kiskaltzen zituzten, Deabruak bizitzara bueltatzen lagunduko zien beldurrez. Sorgin-ehizak eragin handia izan zuen Eskozian. Julian Goodare Edinburgoko Unibertsitateko Historiako irakasle emerituaren arabera, garai hartan milioi bat biztanle zituen Eskoziak, eta, hortaz, sorginkeriarengatik hildako pertsonen kopurua «Europako batez bestekoa baino bost aldiz handiagoa» izan zen. Lehen barkamena «Akusazio eta betearazpen horiek Estatuak ezarri eta gauzatu zituen, eta, beraz, gaur, Emakumearen Nazioarteko Egunean, Eskoziako Gobernuaren izenean, lehen ministro gisa, injustizia historiko bortitz hori aitortu nahi dut, eta hil osteko barkamena eskatu 1563ko sorginkeria-legearen arabera akusatu, kondenatu edo hildako guztiei». Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak egin zituen adierazpenok Legebiltzarrean, aurtengo martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Egunaren karietara. «Kondenak, hein batean bederen, misoginiak bultzatu zituen bere adiera literalenean, emakumeekiko gorrotoak», erantsi zuen. «Orain, batzuek galdetuko dute zergatik eskatu behar lukeen barkamena belaunaldi honek duela mende batzuk gertatu zen zerbaitengatik, baina, egia esan, egokiagoa izan liteke hainbeste denbora zergatik pasatu den galdetzea. Injustizia historikoa ezagutzea herrialde hobea eraikitzeko ezinbesteko zatia da», esan zuen Sturgeonek, Eskoziako Sorginen Legea indargabetu zenetik ia 300 urtera. Hau izan da 173 urtez luzatu zen sorgin-ehizaren lehen onarpen eta barkamen ofiziala herrialdean. Torturen atzeko katu beltzak Arrazoi historikoa dutelako aurkezten dira puntadun kapela, katu beltza, erratza eta pertza, fikzioan, sorginen ezaugarri. Fikziotik kanpora ere, horiek ziren emakume bat sorgintzat jotzeko ezaugarri bereizgarrienak, praktikoak bainoago, teorikoak. Erdi Aroko andrazko garagardogileak izan ziren ondoko sorgin maltzurren iruditeriaren modelo. Garaiko kalitate eskaseko ura ordezteko ekoizten zuten garagardo arina, pertza handietan. Etxeko atearen gainean jarritako erratz baten makilak kartel lanak egiten zituen, etxe hartan garagardoa eros zitekeela jakitera emateko. Katuak, bestalde, beharrezko zituzten emakume haiek arratoiak eta saguak pertzetatik urruti mantentzeko. Eta puntadun kapelak erabili ohi zituzten merkatura saltzera joaten zirenean, bezeroek jakin zezaten garagardogileak zirela. Garagardoaren negozioa errentagarri bilakatu zen eta laster bereganatu zuten lana gizonek. Emakumeek, aldiz, sorginkeriaren susmoa hartuko zuten bortxaz. 1590eko North Berwick-eko sorginkeriaren kontrako epaiketan akusatutako 70etik gora pertsonek, baina, ez zuten kapela puntadunik jantziko, ziur aski. Errudun bila zebilen Jakobo VI.a, bere itsas bidaia zaildu zuen ekaitzaren sortzaileen bila, eta aise aurkitu zituen, katu beltzen eta erratz hegalarien bila ibili beharrik gabe. Eskoziako lehen sorgin-ehiza handia izan zen hura. Akusatuetako askok aitortu zuten sorginkeria erabili zutela erregearen itsasontzia hondoratzen saiatzeko, edo sexu harremanak izan zituztela deabruarekin, edo harekin dantza egin zutela, iragarle zirela edo pertza handietan prestatzen zituztela asmo gaiztoko edabeak. Jakobo VI.aren metodoa eraginkorra zen: akusatuak edozer konfesatzeraino torturatzeko agintzen zuen, sarri loa debekatuta haluzinazioak bilatuz, edo azazkalak erauziz, edo burdinazko orratzak iltzatuz. Katu beltzek ere hitz egingo zuten. «Paniko satanikoa» sustatzea zuen helburu erregeak eta “Daemonologie” liburuan utzi zuen idatzita sorginak harrapatzeko zeukan obsesioa. Hiru helburu Kapela, katuak, erratza eta pertza baino gehiago, beste ezaugarri batzuek egiten zuten garai hartako pertsona bat sorginkeriaz jardutearen susmagarri: normalean, emakumea eta pobrea izatea, bestelako kasuak ere izan ziren arren. Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak berak ondokoa nabarmendu zuen Legebiltzarrean duela bi hilabete: «Emakumeek epaimahai baten aurrean testigantza emateko baimenik ere ez zuten garai batean, akusatuak ziren, eta hil egiten ziren pobreak, desberdinak, zaurgarriak edo, askotan, emakumeak izateagatik bakarrik». Herrialdeko Gobernuaren barkamen hitzen zain zen Claire Mitchell abokatu eskoziarra. 2008ko martxoaren 8an sortu zuen Witches of Scotland kanpaina, hiru helburu nagusiren alde herritarren presioa sortzeko: sorginkeriagatik zigortutako pertsona guztien indultua, gaur egungo agintarien barkamena eta tragedia horiek gogoratuko dituen monumentu nazionala. Bi urteko borrokaren ondoren, lortu du Sturgeonek gidatutako gobernuak barkamen ofiziala eskatzea «ankerki eta injustiziaz» zigortutako pertsonei. Witches of Scotland plataformak eskaera publiko bat eta milaka sinadura aurkeztu zituen Legebiltzarreko Eskaera Batzordean, kanpainaren helburuak bete zitezen eskatuz. Eskoziako Gobernuak 2021eko martxoan erantzun zion eskaerari, eta honako hau adierazi zuen: «Eskoziako Gobernuak onartzen du sorginkeriaren delituagatik akusatuak eta kondenatuak diskriminazioari aurre egiten zioten emakumeak zirela, eta lege-babes eskasa zutela kriminalitate-akusazioetatik, sorginkeria barne». Halaber, onartu zuen «duela mende asko sorgin gisa sailkatutako emakumeen aurkako bidegabekerien» eta egungo zenbait genero edo sexu diskriminazio-adierazleen artean «antzekotasun nabarmenak» daudela, eta horiek justifikatzen dutela «lege-neurriak» hartzea». Ildo horretatik, duela gutxi, Natalie Don SNP alderdiko legebiltzarkideak kondenatuen indultua bilatuko duen lege-proiektua egiteko aukera mahai gainean jarri zuen. Hau gauzatuko balitz, Claire Mitchell-ek sortutako kanpainaren azken helburua geratuko litzateke borrokatzeko: sorginkeriagatik akusatu eta kondenatutakoen oroimena errespetatuko duen monumentu nazionala jasotzea. Bien bitartean, ekintza txikiek ekarriko dute akordura Eskoziako garai ilun hura. Norbaitek, Duncrub gazteluaren parkeetan barrena, hau idatziko du zuriz, harrian: «Maggie Wall 1657an erre zuten hemen sorgin modura». Eta botako ditu loreak eta txanponak Dundeeko hilerriko sorginen harrian. Witches of Scotland kanpainak hiru helburu ditu: sorginkeriagatik zigortutakoen indultua, agintarien barkamena eta tragediaren omenezko monumentu nazional bat egitea. 1563 eta 1736. urte artean 4.ooo pertsona inguru akusatu zituzten sorginkeriagatik Eskozian: %84 emakumeak ziren. 2.558 pertsona hil zituzten delitu horiengatik. «Kondenak, hein batean bederen, misoginiak bultzatu zituen», esan zuen Nicola Sturgeon-ek legebiltzarrean, Sorginkeria Legearen ondorioz hildakoei barkamena eskatzeko saioan