2022 API. 23 Zeinen alde? Xabier Izaga Gonzalez Lehengoan, artean pandemian ikusi eta entzundako guztiak prozesatzen ari nintzela, etxetik irten eta minutu bira jakin nuen errusiarrek eraso zigutela. Zelenskiren alde armak hartzeko prest, 50 metro geroago erasotzaileak ukrainarrak zirela esan zidaten, edo erasoaren errudunak, berdin dio. Putinek ez du nire armarik behar, ordea, edo igual bai, Stalin zein gaiztoa izan zen entzun berritan ukrainarrak naziak baino naziago diren informazioa jaso bainuen. Antza denez, ukrainarrek inoiz ez diote nazi izateari utzi eta azken urteotan mendebalde kapitalistarekin bat egin ostean, Errusiak erasoa jotzea beste erremediorik ez du izan. Etxetik 200 metrora kioskoarekin topo egin nuen. Azkenaldi honetan “oligarka” hitza asmatu dute mendebaldeko oligarken hedabideek. Oligarkia errusiarra. Ahaztu egin zaie Ukrainako oligarkia aipatzea (eta Donbasekoa, kamaradak). Egunkariak inperialismoaren aurka borborka; adierazpen askatasunaren babesle zintzoak hedabideak ixtea txalotzen, ohitura zahar bati segida emanez; informazio eskubidearen txapeldunak kazetari bat kartzelatu izana beren isiltasun burrunbatsuaren errespetuarekin tratatzen... Berehala azaldu zidan batek azken batean Errusiak bizirauteko borrokan ziharduela, eta atoan, beste batek, estatu subirano bat inbaditu duela, hark 1994an sinatu zuen Budapesteko Memoranduma, besteak beste, AEBen eta NATOren konpromisoek eta Minskeko akordioek atseden hartu duten zakarrontzi berera botata. Hala eta guztiz ere, Errusiak arrazoi duela pentsatu nuen, eta pentsatzen dut arrazoi duela munduko potentzien lehiaren desarrazoiaren logikan. Baina horrek ez diola Ukraina ez beste inor inbaditzeko eskubidea ematen. Baliteke logika makur horretan Errusiak arrazoi izatea. Mendebaldeak gutxietsi eta umiliatu egin du, eta bizirauteko, batez ere inperio gisa bizirauteko, borrokan dihardu... Ukrainak bezala. Bizirauteko borrokan, beraz. Baliteke. Ez dakit... Argiago sumatzen ditut bizirauteko borrokan Sahara, Palestina… eta Israel? Errusiak Ukraina inbaditzeko eskubidea, zilegitasuna edo arrazoia badu, zergatik ez Israelek Palestina inbaditzeko? Zergatik ez Marokok Sahara? Espainiak ere badu bizirauteko eskubidea; beraz… Eta espainarren telefonoak kontrolatzeko eskubidea ere badagokio, esaterako. Azkenerako, arrazoi dute nazionalismoen arriskuaz ohartarazten gaituzten nazionalistek. Halaxe erakusten ari zaizkigu Putin, Zelenski, Biden eta haren mendeko europarrak. Baina hemen gure benetako kezka Europak errusiarren aurka hartutako neurriak dira. Europarroi ere kalte egiten digutelako, eta hori ez du inork ukatuko, baina errusiarrek dute errua, edo AEBen eta NATOren errua da, eta ukrainar naziena, ukrainarrena alegia. Izan ere, «ukrainarrak» diogunean, «Zelenski» esan nahi dugu, eta «Zelenski» diogunean, «ukrainarrak». Gauza bera Putini eta errusiarrei dagokienez. Edonola ere, neurri horiek gu kaltetzeak kezkatu eta asaldatzen gaitu. Ukrainan egunean-egunean jende asko hiltzen da, Mediterraneo itsasoan edo Afrikako bazter bateko euliek janda jende asko hiltzen den bezala, baina gure pena adieraziz eguneko ekintza ona egin ondoren, analisi seriora itzultzen gara. Pandemiak oporraldi bi izorratu ostean, ukrainar naziek nahiz errusiar totalitario gaizki heziek BPGari gora eginarazi diote. Gerra hasi aurretik baino are gorago. Zeinen alde egin? Distantziakidetasuna? Bai zera ere. Distantzia itzela. • ¿Percibo más claramente a Israel, a Israel y a... Si Rusia tiene a Ucrania para invadirla, ¿por qué Israel no a Israel?