GAUR8 - mila leiho zabalik

Kapitalismoaren plangintza zentrala, martxan


Duela gutxi, Elon Muskek Twitter erostearen harira, Grace Blakeley pentsalari eta aktibista ingelesak operazio hori kapitalismoaren plangintza zentralaren erakusgarri ezin hobea zela aipatu zuen. Merkatua aldatu gabe ekonomian eragiteko aukera ukatzen duten ideologo berdinek, Estatuaren plangintza bideraezina dela dioten enpresariek, esku hartzeak eraginkortasuna murrizten duela eta ustelkeria eragiten duela dioten agintariek, eragin sozial garrantzitsua duen konpainia bat oligarka bati saltzea sostengatzen eta finantzatzen dute. Ez dago «esku ezkuturik», beraiek dira.

Planifikazioa beti existitu da, noski, baina hau beste eskala batekoa da. Ekonomia sozialistarekiko aldea ere handia da. Kasu honetan, planifikazioa ez da demokratikoa, ez du inolako kontrol sozialik, ez du kontrapisu instituzionalik eta ez du konturik ematen. Helburua ez da lehia askea sustatzea, baizik eta kasta baten onura partikularrak areagotzea.

Ez da hori gaur egungo egitateetan Sobietar Batasuna zenaren irudi karikaturizatuarekin bat datorren elementu bakarra. Azkenaldian, Mendebaldean, supermerkatu hutsak, itzalaldi elektrikoak, erregaiak hartzeko ilarak, hainbat elikagairen errazionatzea, ustelkeria sistemikoa, eraginkortasunik ez larria oinarrizko zerbitzuetan, erakundeen muturreko burokratizazioa, kontrol sozial mugagabea eta zentsura ikusi ditugu. Sobiet blokearen kolapsoaren aurretik, gaizki bizi zen herri baten eta pribilegioak atxikitzen zituen kasta baten arteko kontrastea azaltzen zen. Gaur egungo hegemonia kapitalistan, jendartean dauden desberdintasunak hain dira lizunak sistema honen abokatuek zailtasun handiak dituztela horiek defendatzeko.

Horregatik iruditzen zait bereziki interesgarria Blakeleyren ikuspegia. Ezkerrak plangintza eredu hau bultzatzeko tentazioa izan dezakeela salatzen du, bere tradizio ideologikoaren parte gisa ulertu dezakeelako. Bai sozialisten kasuan, bai sozialdemokraten kasuan. Benetan jendearen alde egiteko, plangintza oligarken eta eliteen zerbitzura dauden burokraten eskuetatik kentzea ezinbestekoa da, ordea. Ideia hori hainbat lanetan defendatu du Blakeleyk, adibidez, erakundeek pandemiari emandako erantzunari buruz idatzi duenean [https://bit.ly/3FFbHpi]. «Ekonomia planifikatu batean bizi gara jada, baina aurrera eramaten ari den plana ez da demokratikoa, ezta arrazionala ere». Bere ikuspuntutik, irtenbidea plangintzaren markoa onartzea da, baina jendearen zerbitzura jartzea, lehentasunak ezartzea, demokratizatzea eta kontuak ematera behartzea.

Historikoki sektoreen liberalizazioa kritikatu izan du ezkerrak, arrazoi osoz. Zenbait alorretan, ordea, liberalizazioa baino planifikazio burokratikoa eman da. Kalitatearen eta segurtasunaren protokolizazioarekin, adibidez. Zenbait sektorek negozio eredua aldatu dutela diotenean grazia egiten dit. Ondasunak ekoizten zituzten enpresak izatetik zerbitzua ematen duten enpresak izatera igaro omen dira. Gauza bat merkatuaren dogmak dira, eta beste bat dira gezurrak. Jakina, Estatuak herritarrak astean gutxienez bi egunetan egunkaria erostera behartuko balitu, eta gero mehatxupean edukiei buruzko test bat bete beharko balitz, prentsarako negozio eredu berri bat asmatuko genukeen. Horren ordez, klientelismoa indartzen duten planifikazioak lantzen dira gurean. Oligarken eta burokraten alde. •