GAUR8 - mila leiho zabalik

ESKUBALOIAK EIBARREN IZAN DUEN INDARRARI BEGIRADA EDERRA

Aurten betetzen dira 75 urte Arrate talde historikoa sortu zenetik, eta hamar desagertu ostean haren lekukoa hartu zuen Eibar Eskubaloia elkartea martxan ipini zenetik. Bi urteurrenak bat eginda argazki erakusketa interesgarria antolatu dute herrian.

Bisitari batzuk Arrateko taldeei buruzko bideoa ikusten. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Eibar herri kirolaria eta kirolzalea izan da betidanik. Egunotan gizonezkoen futbol taldea Lehen Mailara igotzekotan da berriz ere, emakumezkoena ere gorengo mailan aritu da azken bi urteetan nahiz eta aurten behera egin, errugbiko emakumezkoen taldea maila nagusian dabil, aski ezaguna da pilota munduan edo txirrindularitzan zer garrantzia izan duen Eibarrek… Eta eskubaloian ere garai loriatsuak ezagutu zituen Juventud Deportiva Arratek, Eibarko talde ospetsuak.

Jakina denez, Arrate 2011. urtean desagertu zen, aurreko urteetan etengabe pilatzen joan zen zorrari aurre egin ezinda, eta handik gutxira, 2012an, Eibar Eskubaloia taldea sortu zen Arratek utzitako hutsunea betetzeko, batez ere egiturarik gabe geratu ziren gazte mailako jokalari eta taldeei estalpe bat eskaintzeko. Aurten, beraz, hamargarren urteurrena betetzen du elkarte berriak, Arrate historikoa sortu zela 75 urte betetzen direnean, hain juxtu.

Bi urteurrenak batuz, aste honetan Errebal Plazia eraikin berrian argazki erakusketa bat antolatu dute –gaur ere irekita egongo da eta asmoa gero Ipuruako kiroldegira igotzea da–. Erakusketa apala da, bitarteko askorik gabe antolatua, baina herriko jende ugari erakarri duena. Eta modernoa, bisitariaren ohiko eskemak apurtuz argazkiak pantailan erakutsi baitira, galeria birtualak bailiran arloka bideoak sortuz. Antolatzaileen hitzetan, milaka argazki bildu ahal izan dituzte eta oso zaila egiten zen kopuru horri ohiko paperezko euskarrietan irteera ematea.

Alde batetik, JD Arrate elkartearen sorrera, lehen urteak eta eskubaloi taldeenak zehazki ez diren argazkiak biltzen dituen 15 minutu inguruko bideoa aipatu behar da. Izan ere, 1947an sortu zenean, Arrate ez zen eskubaloi talde bat. Juventud Deportiva izenak dioen bezala, gazteei kirola egiteko aukera eskaintzea zen helburu nagusia eta eskaintza horretan atletismoa, futbola, pilota edo ur azpiko aktibitateak ziren aipagarrienak.

Erakusketako altxor ederrenak lehen sorta horretan daude. 1950eko hamarkadako lehen urteetako hainbat argazki, 1948ko bat Ipuruan jokatutako atletismo lehiaketa bat erakusten duena, jokalariek ikurrina lehen aldiz atera zutenekoa… 1964/1965 denboraldian sortu zen eskubaloi atala eta Arratek 1965ean jokatutako lehen eskubaloi partidan parte hartu zuten jokalarien argazkia ere bideo honetan sartu dute.

Gazteenei atentzioa eman dien beste osagai bat jokalekuarena izan da. Ipuruako kiroldegia eraiki arte, Arratek Untzaga plazan jokatzen zituen bere partidak, gaur egun zahar etxea dagoen eremu horretan. Hura bizi izan zutenek bertan sortzen zen giroa nabarmentzen dute, argazkiren batean ikus daitekeena, baina gaztetxoei zaila egiten zaie ulertzea eskubaloira euritan edo elurpean ere jokatzen zela. Atezain bat biserarekin ikustea adibidez, futbola bailitzan, kuriosoa egiten da gaur egungo ikuspegitik. Eta bildumak Ipuruako kiroldegiaren eraikitze lanen eta estreinaldiko argazkiak ere jasotzen ditu. Hor ere bada urteurren aipagarri bat, kiroldegiak 40 urte beteko dituelako aurtengo azaroan.

Bolinaga, Buligan, Arrate-Amaña...

Bigarren bideoa luzeagoa da, 40 minutu ingurukoa, eta zehazki Arrate eskubaloi taldearen argazkiak biltzen ditu. Garaian garaiko jokalari, entrenatzaile eta agintarien argazkiak dira, bakarkakoak zein taldekakoak, eta protagonisten artean taldearen historian hizki larriz idatzita dauden hainbat izen agertzen dira. Eta gehien agertzen denetako bat, nola ez, Iñaki Bolinaga da, 32 urtean Arrateko presidentea izan zena eta 2012an hil zena, Arrate desagertzen ikusi izanaren penarekin.

Entrenatzaileen artean Jordi Ribera gazte baten argazkia egin zaigu deigarriena. 1989an iritsi zen Eibarko taldera kataluniarra, 26 urte eskasekin eta Kataluniatik kanpo batere esperientziarik gabe. Bere gaitasunaren berri ederki eman zuen Riberak taldearen gidaritzan emandako hiru urteetan, eta arrakastaz betetako bideari ekin zion ondoren, Brasilgo eta Espainiako selekzioekin nazioartean goia jo arte.

Eta jokalarien artean Alexandru Buligan errumaniarra nabarmentzen da besteen gainetik. Atezaina 1990ean iritsi zen Arratera eta sekulako bultzada suposatu zuen talde eibartarrarentzat, munduko atezain onenetako bat zelako garai hartan, bere selekzioarekin 230 partida jokatuko zituena brontzezko domina irabaziz 1984ko Olinpiar Jokoetan eta 1990eko Munduko Txapelketan. Gero Portland San Antonio talde nafarrean ere jokatu zuen urte askoan garaipen bikainak lortuz.

Arrate-Amaña emakumezkoen talde sonatuak ere badu bere irudi sorta. Aipagarria da hasieratik izan zuela emakumezkoen taldea Arratek eta Europa mailan lehiatzera heldu zela talde eibartarra, nahiz eta amaiera nahiko tristea izan diru kontuak tarteko.

Gizonezkoetan ere, 2003/2004 denboraldian Asobal Ligara igo ostean, taldeak bere historiako emaitzarik onenak lortu zituen hainbat atzerritar fitxatuta: Kopako finalerdiak jokatu zituen 2007/2008 denboraldian Ademar kanporatuta, eta EHF Kopako final-laurdenetara iritsi zen urte bat beranduago. Baina ekonomikoki etorkizuna kolokan jartzen hasia zen ordurako.

Hain zuzen ere, taldea bertan behera uztea bozkatu zen batzar triste hartako argazkiekin amaitzen da atal hori, Eibar Eskubaloia elkarte berriaren sorrerarekin hasten denari paso emanez. Argazki berriak dira, balio historikorik ez dutenak, baina etorkizunera begira jartzeko gonbita egiten dutenak.