GAUR8 - mila leiho zabalik
PANTAILA TXIKIAN

Pantaila txiki, umore handi

Pantaila txikiko generoen artean umorea aipatzen badut, ziurrenik gehienoi «sitcom» hitza etorriko zaizue burura. «Situation comedy» (egoera komedia), esapidearen laburdura den hitz ezagun hori pertsonaia berak leku beretan dituzten atalez osaturiko umorezko telesaila da; atal laburrak, zuzenean grabaturik, ikusleak dauden plato batean eta latako barreak dituena. Hori argituta, gaur ez dut azpigenero ezagun horretan soilik zentratu nahi, umorearen arloan eta konkretuki telebistan, errepaso kronologiko bat eginez, arrastoa utzi duten izenburuak aipatuko baititut.

0604_gaur8_pantaila1 (GAUR8)

Sitcom»-en garaia itzaltzen ari dela iruditzen zait, beste estilo bateko komediak egiten baitira gaur egun. Askoz ere zorrotzagoak, errealistagoak, ikus-entzunezkoen lengoaia askoz ere hobeto zukutzen dutenak, gidoi ahaltsuak jorratuz, benetako kokalekuetan grabatuz eta tonu zuria albo batera utziz. Uste dut telebistako komediari oro har ez zaiola nahikoa aitormen egin, balio handiagoa eman zaio beti dramari edo beste generoei, komediaren gainetik. Horregatik, 50 urte inguru atzera egingo dut jauzi, umoreak pantaila txikian izan duen bilakaera aztertzeko eta nire omenaldi xumea eskaintzeko.

60-70eko hamarkada: Monty Python

50eko hamarkadan “I love Lucy” telesailaren lehen atala emititu zen, eta ekoizpen horrek telebistako komediaren formatua irauli zuen arren, zuen baimenaz, hamarkada bat aurrerago egingo dut jauzi. Derrigorrezkoa iruditzen zait britainiar umoregile talde ezagun batek, Monty Python-ek alegia, umorean izan duen garrantzia aipatzea. “Flying Circus” telesaila jarriko nuke ibilbide honen abiapuntu gisa. Monty Python taldeak sortu eta protagonizatutako telesail britainiarra da eta lau denboraldi ditu, guztira 45 atal. Esketx laburretan oinarritzen zen, eta kritika sozialak karga handia izaten zuen, hain berezkoa zuten umore absurdoz bustia, noski.

Hau aipatzen hasita, hurrengo geldialdia “Fawlty Towers” telesailean egingo nuke. Soilik hamabi atal grabatu ziren arren, eragin luze eta iraunkorra izan zuen ondoren estreinatu diren telesailetan. 1970eko maiatzean “Flying Circus”-eko esketx batzuetarako kanpoko eszena batzuk filmatzeko Monty Pythonekoek Torquayko hotel batean egindako egonaldian inspiratu zen. Euskal Herrian 80-90eko hamarkadetan ETB1 eta ETB2 kateetan euskaraz nahiz gaztelaniaz emititu zen. Ipar Euskal Herrian, 1980-2008 urte artean, Frantziako Canal+, Arte, FR3, France 4 eta Canal Jimmy kateetan.

80ko hamarkadaren magia eta nostalgia

“Alf”, “The Golden Girls”, “Full House”, “Family Matters”, “Growing Pains”, “Punky Brewster”, “Saved by the Bell”, “Perfect Strangers”… Egunkari osoa beharko nuke 80ko hamarkadan egin ziren umorezko telesail guztiak zerrendatzeko. Familian girotzen ziren umorezko telesail nahiko zuriak, baina urte luzez audientzia lotuta mantentzea lortu zutenak. Batzuk nostalgia dosia igoarazteko aproposak diren arren, hamarkada honetatik lau nabarmenduko nituzke bereziki. Boston hiriko Cheers tabernan girotua dagoen eta telesailari izena ematen dion “Cheers”. Bertan, ohiko bezero eta zerbitzarien eguneroko gertaerak, euren bizitzen gorabeherak eta istorio bitxiak azaltzen ziren, modu umoretsu eta oso ironikoa helduleku gisa hartuz.

“Yes Minister” satira politikoak ere arrakasta itzela lortu zuen 1986-1988. urteetan. Britainiar Gobernuaren ministerio batean kokatuta, Jim Hacker parlamentariaren ministro ibilbidea jarraitzen du. Londresko ikasle etxebizitza batean bizi diren Scummbag Collegeko lau gazte unibertsitarioren istorioa azaltzen digun eta Euskal Herrian oso ezagun egin zen “Gazteak” (ingelesez: “The Young Ones”) ere zerrendan egon behar zuen derrigorrez. Telesail hau ere ETBn eman zuten eta kultuzkoa bilakatu da belaunaldi hartako gazte eta ez hain gazteen artean. Eta azkenik, artikulu honek ez bailuke zentzurik izango telebistan animazioaren alorrean egin den telesail onena den hau aipatuko ez banu, “The Simpsons”. Homer, Marge, Lisa, Bart eta Maggieren bizitzak 1997an Ameriketako Estatu Batuetan gehien iraun zuen animaziozko telesail bihurtu ziren. 2004an, AEBetako sitcom luzeenean. Eta 2009an, herrialdeko antzinatasun handiena duen telesailean –orokorrean–. Satirikoa oso, telesailak gizakiaren alderdi askoren parodia egiten du, baina batez ere erdi mailako estatubatuarren bizimodua, familia eredua eta orokorrean AEBetako kultura, gizartea eta telebista jopuntuan jarrita.

90eko uzta emankorra

Familiako sitcomak 80ko hamarkadan loratzen hasi ziren arren, 90eko hamarkadaren hasieran izan zen goraldi nagusia eta horiekin batera kalitatea pixkanaka txertatzen hasi zen. Elkarrizketak askoz ere zorrotzagoak ziren, bigarren irakurketak iradokitzen zituzten eta gidoiari garrantzi handiagoa ematen hasi ziren. Mitikoenak “Sex and the City”, “Blossom”, “Futurama”, “The Fresh Prince of Bel-Air”, “Family Guy”, “Parker Lewis Can't Lose” eta “Mr Bean” zalantza izpirik gabe, baina 80ko hamarkadan egin dudan moduan, ozeano zabal horretatik hiru izenburu arrantzatu ditut soilik: “Friends”, “Seinfeld” eta “Frasier”. Zer esan dezaket lehenengoari buruz, alegia “Friends”-i buruz? Hamar denboraldiak eta 236 atalak behin eta berriz ikusi ostean, buruz ezagutzen ditugun pertsonaia, elkarrizketa eta sekuentziaz josiriko klasiko bilakatu den umorezko telesaila da. 1994-2004 bitarte eman zuten telesail honek New York hiriko Manhattanen bizi den 30-40 urte arteko lagun talde baten gorabeherak azaltzen ditu: Rachel (Jennifer Aniston), Monica (Courteney Cox), Phoebe (Lisa Kudrow), Ross (David Schwimmer), Chandler (Matthew Perry) eta Joey (Matt LeBlanc).

Larry David eta Jerry Seinfeldek sortutako “Seinfeld”, aldiz, historiako beste izen erraldoia da. NBC katean aireratu zuten 1989 eta 1998 artean eta Manhattango apartamentu batean bizi den Jerry Seinfelden egunerokoa du ardatz eta bere lagun eta ezagunen presentzia azaltzen da une oro. Sitcomen historiako spinoff-ik arrakastatsuenetako bat “Frasier” izan zen. Lehen aipatu dudan Cheers tabernako barran bere obsesio eta arazoak kontatzen aritzen zen psikiatra, izen bereko telesailean irratsaio batean kontatuko zituen. Hamaika denboraldi iraun zuen Kelsey Grammer protagonista zuen komedia berezi honek.

Euskal pantaila txiki, umore handi

1990eko hamarkadatik mugitu gabe etor gaitezen gurera, beste herrialde batzuetako ereduak egokituz, 1991n euskarazko sitcom-ak edo egoera komediak egiten hasi baitziren. Eneko Olasagastik eta Carlos Zabalak sortu zituzten aurrenekoak. Zehazki, “Bi eta Bat” telesail ezaguna izan zen umorearen arloan lehenengoa. Gero, 1997. urtean “Jaun eta jabe” iritsi zen. Argumentu nagusia hemen politikarekin lotuago dago. Joxe Antonio Arizkorreta sukaldaria, Jose Ramon Soroizek antzeztua, lehendakari aukeratua da telebistan lortutako itzalari esker. Hamarkada loriatsua izan zela esan daiteke euskal umorearentzat, urte horietan “Benta Berri”, “Bertan Zoro” edo “Hau da A.U.” estreinatu baitziren, besteak beste.

Nire kuttunena ordea, urte batzuk geroago –2009an– estreinatu zen “Brinkola” da. Hasieran aipatu dudan umore absurdo zoragarri horretatik edaten duen telesail berezi eta surrealista, muturrera eramandako pertsonaia esperpentikoz osatua. Asier Altunak eta Telmo Esnalek sortu zuten.

2000ko hamarkadatik hona: kalitateak (eta kantitateak) gora

90eko hamarkada eta 2000koa izan ziren telebista modu tradizionalean kontsumitzen azkenak, plataforma digitalen etorrerak guztia irauli baitzuen 2010eko hamarkadatik aurrera. Itzulingururik gabe, gomendio sorta luze batekin hasiko naiz. Prest? “Malcolm in the Middle”, “BoJack Horseman”, “Modern Family”, “My Name Is Earl”, “The IT” “Crowd”, “How I Met Your Mother”, “Rick and Morty”, “Louie”, “Extras”, “The Big Bang Theory”, “Arrested Development”, “Community”, “El fin de la comedia”, “Vergüenza”, “Vota Juan”, “Flight of the Conchords”, “Parks and recreations”, “Derry Girls”, “Ted Lasso”, “Catastrophe”… Garunak eztanda egin aurretik hemen geratuko naiz. Azken urteotan estreinatu diren umorezko telesail on guztiak zerrendatzea ezinezkoa baita, beraz, zuretzako kuttuna den bat ikusten ez baduzu, barkamena eskatu nahi dizut aldez aurretik.

Nire faboritoarekin hasiko naiz: “The Office”. Komediaren arloan inoiz egin den telesailik onenetarikoa. 9 denboraldi eta 188 atal ditu 2005-2013 urte bitartean AEBetako NBC telebista katean eman zuten telesail honek. Nire kuttunen kutxan txoko pribilegiatua betetzen duen izenburua da. Dokumental faltsu formatuan grabatua, Dunder Mifflin izeneko paper enpresa baten egunerokoa islatzen du. Tira, enpresarena baino gehiago bertako langile xelebreena. 30 minutu inguruko atal oso dibertigarriak eta arinak dira, baina batez ere minutu horietan gertatuko zaizkien egoera surrealistek barrez leherrarazteko gaitasuna dute.

Emakume pertsonaia berezi hau pantaila txikian arrasto ezabaezina iruditzen zaidanez, nire bigarren aukeratua “Fleabag” da. Phoebe Waller-Bridge gidoilari eta protagonistak, azken urteetako umorezko telesail desberdin, garratz eta lotsagabeena sortzeaz gain, azkenaldian ikusi dugun emakumezko pertsonaia harrigarriena sortzearen meritua dauka. Topiko guztietatik erabat aldentzen den pertsonaia zoragarria. “Emakume moderno” baten erretratu hori ez da beste istorioetan ikusi dugun irudi baldar ala histeriko baten bitartez islatzen. Handinahitik erabat aldendu eta errealitatetik gertuago kokatzen baita.

Umorearen ibilbide azkar honi amaiera emateko “Master of None” aukeratu dut. Azken urteotan oso modan jarri den dramedia (drama eta komedia uztartzean) azpigeneroaren zalea bazara ez galdu telesail zoragarri hau. Eguneroko keinu txikiek duten garrantziari buruzko maisulan honek bere bizitzarekin zer egin ez dakien tipo baten istorioa kontatuko digu: New York hirian bizi den 30 urte inguruko aktorea, Dev izenekoa. Hasieran pazientzia apur bat eskatzen duen arren, ohartarazi nahi dizuet telesail honetaz erabat maiteminduko zarela.