2022 EKA. 11 «Arrêtons les conneries, c'est du n'importe quoi» Mikel Zubimendi Berastegi Minkideak daukan txispa partikularrarekin, izenburuko esaldi horrekin definitu du dena. Barre egin dut hasieran, baina kontatu dizkidanak zer pentsatu eta zer idatzi eman didate. Zerbantinoz «udako sugea» esaten zaio eta menuan zerbitzatua datorkigula aipatu dit. Hots, opor garaian fundamentuzko berrien faltagatik-edo fabrikatzen diren albiste ganorabako eta ustez harrigarriekin bezala, pozoia eta erresumin apar bat duten berriak datozela, saltsa franko eta haserre logikoak sortzeko eginak dauden berriak. Edalontzian kabitzen diren ekaitz izanagatik ere, arduragabekeriaren monumentu izatera irits daitezkeenak. Eta bai, nik ere irudipena dut aurtengo udak baduela bere sugea prest, giroa eta zurrumurruak apropos jarrita eta txotxolokeria katxiak salgai daudela jada. «Gazteen artean» giroa mikaztuta dago, gauza itsusiak gertatu dira, oso itsusiak. GKS edo GHK, aspaldi erabaki nuen paso egitea, hobeto bizitzen delakoan. Eta euskal gazte korrientea, arrunt jakintsua den jende arrunta, beste sintonia batean bizi delako. Baina, ez, kontu itsusiak ez dira paso egitekoak. Eta beste minkideak esaten duen bezala, labana duenak moztu egin behar du. Errotik. Gertatzen ari dena erridikulu eta desolazio betea delako. Eta ez, errua ez da gazteena, eta puntu. Orain loratu dira, belar txar eginda, adinean aurrera doazen eta orain eskua gordetzen duten batzuek landatutako haziak. Baina, bueno, ondo pentsatuta, bide guztiek dauzkate ordainsariak, askatasunaren bidean ibili diren herri guztietan, eta merkea iruditzen zait hemen galdu dena, irabazi den kapital politikoarekin alderatuz gero, oso merkea. Egoak ere badaude, eta «pomaditisa» gaitza ere bai, pomadan sartuta ez egoteak batzuei sortzen dien ezinegon existentzial horrena. Eta iraungitze data pasatuta badu ere, berdin da, pomada! Eta «frakak jaitsi», eta «Estatuaren makulu», eta «erreformista kuadrilla», «sozialdemokrata alenak»… irain pomada! Bizi osoan bat eginda egoten saiatu, batuta egoten, etxea zainduz, azkenean mazedonia garela ohartzeko! Lagunak egin? Indarrak bildu? Bai zera! Txikimunduan gozo, zuloan sartuta egoera naturala eginda, hori da maila. Hori, kaka zahar horien guztien tragedia: alegia, maila hori bada, arazoa, sinpleki, maila politikorik ez dagoela dela. Hori da dagoena, eta dagoenarekin egin behar da aurrera. Zoritxarrez; eta zorionez. Zoritxarrez, anai-arreba batzuk espektakuluarekin nekatzen direlako, ika-mika horiekin amorratzeaz gogaituta, giroarekin guztiz nardatuta; eta, zorionez, herri honen gehiengo oso-oso handi batek kaka zahar horiez guztiez paso egiten duelako; beste sintonia batean bizi da. Plaza publikoan dauzka lurraldea eta anbizioa. Askoren artean, desberdin askoren artean, landu eta zabaldutako sintonian. Pentsatzen dutena baino, diren horrek gidatzen ditu beren erabakiak; erabakitzen duguna garelako, gure-gurea den bakarra gure erabakiak direlako. Kanpoko kolpeak eta barrukoak jasanez, kostuak onartuz, arrastoan segitzen dute. Katea eten ez dadin, independentzia ardatz, gurpilari eraginez. Ezkerreko herri abertzalea handia da, jakituria handikoa. Zer eskatzen du herriak? Udako suge-sorgintzaile denak lasai egotea, bakea emanez. Baina betikoan gaude: hori bada maila, arazoa, besteak beste, mailarik ez dagoela dela. Eta ez dagoen tokitik ateratzerik balego? • Por suerte, una mayoría muy grande de este pueblo pasa de todos esos viejos ganchos; vive en otra sintonía