GAUR8 - mila leiho zabalik

Bat, bi, hiru...


Gustuko ditut zenbakiak. Gehiago, esango nuke ikasketak zientziatatik bideratu izanaren errudun nagusiak direla. Boteretsuak dira zenbakiak, dena dezakete eraiki eta, era berean, deseraiki ezerezeraino, zerbait dena zero handi bat bilakatuz.

Zero.

Bat da norbera. Lehena, urrearen jabe, laudorioen objektu eta banitatearen subjektu. Unitate perfektua, ez zatitzerik ez batez bestekorik onartzen ez duena. Bat ez da asko mundu zabalean, baina bat egitetik dira xede handienak lortzen. Batetik dira sortzen besteak.

Bi gara gu. Bigarrena zilarra da, ia urrea da baina ez da. Batek baino gehiago dezakete bik. Bi ez dira asko, baina biak ala biak dira beharrezko harremantzeko, gutxienez.

Hiru. Hirugarrena brontzea da, kontsolaziozkoa, gutxietsitakoa. Ahanzturak eraman egiten duena edo adinak, dela hirugarren mundua dela hirugarren adina. Alta, hiruk badu emankorretik ere hirukoiztean edo errealitateari azken dimentsioa ematean eta zortetik baduzu hiru eta hiru hogeita hamahiru jainkoa lez birsortzen bazara…

Lau. Laugarrenaz ez da inor oroitzen. Zenbaki laua da irudiagatik edo grisa ikusten dut begiak malkoz lausoturik baneuzka bezala, nahiz garbiago “laubegi” naizenetik.

Bosta zutabea da hamarreko zenbaki borobilak osatzeko, eta elkarren arteko jarreran oinarri: niri bost zer dioten besteek, ni bat naiz-eta berdin emango diet bostekoa.

Ez fidatu zenbakiez, zenbaki bera asko edo gutxi izan baitaiteke ordezkatzen duenaren arabera. Baina “Seiak bat” izan nahi badugu ezinbestean batzetik izango da.

Honaino iritsita egin nik bezala, zenbakiek zorabiatzen nautenean zerotik hasten naiz… enegarrenez. •