2022 EKA. 11 Ekonomiaz Maider Iantzi Goienetxe Azkenaldian arreta ematen dit inguruan ekonomiaz hainbertze aditzeak. Ez dakit zeinek ez dakit zenbatean alokatu duela etxea, bertzeak bi garaje dituela auskalo zertarako, etxea ahalik eta garestien saldu behar dela... Etxebizitza negozio gisa, eta bitartean, jendea kalean lo. Ekonomia erran dut, baina dirua erratea zehatzagoa da. Gasolina ez dakit zenbatean dagoela, dena igo dela... Dena soldata izan ezik, langile xumeena behintzat. Euri aunitz egin du soldatarik gabe berdin-berdin ariko nintzela erranez lanean hasi nintzenetik. Benetan nioen hori, eta urtero-urtero etxe bat erostera animatzen ninduen banketxeko gizonarekin haserretzen nintzen. Nik ezetz eta ezetz, eta beti insistitzen. 2006a zen. Orduan ez nuen nahi jabetzarik, ez nuen nahi gidabaimenik ere. Euria lurraren kontra eta trumoiak ere makina bat lehertu dira geroztik. Hipoteka bat dut, baina zenbakiak ahazten segitzen dut. Posible dudalako, jakina. Larri ibili nintzen garaian ederki nekien nire kontu korrontearen sarrera eta batez ere irteeren berri. Familiaren babesa nuela banekien, baina halere ez nintzen ongi sentitzen, nire independentzia ekonomikoa nahi bainuen. Jubilaziorik ez duten emakumeez oroitzen naiz, haurrak izan zituztenez geroztik lanik ordaindu ez dietenez. Zer gertatuko litzaieke bananduko balira? Maite gaituztenengandik jasotzen dugun babesaren eta zaintzaren balioa zenbatezina da. Haurdunaldi, erditze eta edoskitzearena ere, infinitu. Ezin dira neurtu, ez kontratatu ez erosi. Baina horiek ere ekonomia dira. Arreta ematen dit bi urteotan pasa duguna pasata nola segitzen dugun gurpilean jira eta bira. Arratsetan, leher egina ohantzera sartzean, ‘bertze egun bat joan da ziztuan!’, harritzen naiz, baina horrekin batera eguneko zerbait polita, merezi izan duena, betetzen nauena aurkitzeak pozten nau eta horien artean beti dago titia, lurra ukitzean bezala elektrizitatea baretzen didana, plazerez betetzen nauena eta gauetan berdin ernatu eta lokartzen nauena. •