2022 EKA. 11 FLOYD ARABIARRA Malik Oussekine, indarkeria polizialaren aurkako borrokaren ikurra, pantailetara Malik Oussekineren izena indarkeria polizialaren aurkako borrokaren ikur bihurtu da, baina «Historiatik kanpo daudela sentitzen dutenen artean» soilik. Estreinatu berri diren film eta telesail banak haren memoria jaso eta zabaldu nahi dute. Malik Oussekine gogoratzeko loreak eta idazkiak. Michel GANGE | AFP GAUR8 Gertaera hartatik 35 urte igaro direnean, izen bat eta istorio bat guztion memorian gordeta dago: Malik Oussekinerena. Orain, Frantzian Poliziak jipoituta hildako ikasle haren auzia film eta telesail batean kontatuko da lehen aldiz. “Oussekine” eta “Nos Frangins”, bi izenburu, bi egitasmo ezberdin, baina helburu berarekin: jatorri aljeriarreko 22 urteko gazte frantziar haren patua marraztea. 1986ko abenduren 6an bi poliziak emandako kolpeek hil zuten, Parisen ikasleek egin zuten manifestazio batean. Lehena Disneyren telesaila da, Antoine Chevrollier-ek zuzendua (“Black Baron”, “The Legends Office”). Maiatzaren 11n eman zuten lehen kapitulua. Bestea, Rachid Bouchareb-en filma (“Indigènes”), Canneseko Jaialdian estreinatu zen. Malik Oussekineren izena gizarte frantsesean oraindik ezaguna da, indarkeria polizialaren aurkako borrokaren ikur bihurtu zelako, baina «nahiko ahaztua» dagoela uste du Ivan Gastaut historialariak. «Arazoa ez da Malik Oussekine ahaztuta dagoen, baizik eta nork ahaztu duen», azaldu du Pascal Blanchard-ek, immigrazioaren historian espezializatutako historialariak. Gazteria magrebtarra eta garai hartako gazteria oro har, arraza-diskriminazioarekiko sentsibilizatuta dagoen gazteria da eta krimen harekiko sentibera da, krimen arrazistatzat jotzen du», jarraitu du. Baina gainerako frantsesek ez dutela horrela ikusten uste du. Beste modu batean esanda, Oussekine izena ikur bihurtu bada, bazterretan izan da, «Historiatik kanpo daudela sentitzen dutenen artean». Hala ere, «gizartean garrantzi handiko gertaera da», dio Antoine Chevrollierek. Gaztearengan figura unibertsala ikusten du. Unibertsala, biktima arrazializatu bati buruz ari garelako, bere larruazalaren koloreagatik tratu basatia jaso zuena. «Zein ikusle ez litzateke horren aurrean sentibera izango?», galdetu du Blanchardek. «Frantzian George Floyd arabiarra da!», gaineratu du. Baina Malik Oussekineren istorioa ez da hor bukatzen. Estuki lotuta dago immigrazio postkolonialaren historiarekin, eta bereziki, Aljeriako gerrarenarekin (1954-1962); 1961eko urriaren 17an, Parisen, Poliziak aljeriarren manifestazio batean sarraskia egin zuen. 1962ko otsailaren 8an, Parisen, Charonneko metroan tragedia jazo zen; Aljeriaren bakearen alde manifestatzera joan ziren bederatzi pertsonak itota hil ziren. Malik Oussekineren heriotza «marche des beurs» baino hiru urte geroago gertatu zen; martxa historikoa izan zen, jatorri afrikarreko frantsesak ohiko biktima ziren erasoak salatzeko. Kasuak «Poliziaren zigorgabetasunaren amaiera markatu zuen», azpimarratu du Yvan Gastautek, bi poliziak epaitu eta zigortu zituztela gogoraraziz. «Lehenengo aldiz», gogoratzen du Georges Kiejman-ek, Oussekine familiaren abokatuak. Ordura arte inoiz ez zituzten epaitzen horrelako gertaeretan nahastuta zeuden poliziak. Galdera bat geratzen da: Zergatik ez du inork inoiz istorio hau kontatu, transmisioa galaraziz? Blancharden arabera, immigrazioaren hirugarren belaunaldiak hitza hartu duen arte itxaron behar izan da, memoria aldarrikatzeko. Leila Slimani edo Faiza Guene aktoreek hala egin dute. Telesailaren gidoilariak ere badira, Cedric Ido, Julien Lilti eta Lina Soualemekin batera. Ez dut uste lehenak garenik istorio hau erreibindikatzen. Gure gurasoek guk baino lehenago egin zuten, baina gure belaunaldiarentzat garrantzitsua da istorio indibidual horiek Frantziako narratiba nazionalaren parte direla esatea. Ez daude alde batean. Hauek istorio frantsesak dira», hausnartu du Faiza Guenek. «Garrantzitsuena izen hau eta istorio hau berpiztea da, inoiz ahaztu ez dadin», amaitu du Antoine Chevrollierrek. Gertaerak 1986ko abenduaren 5etik 6rako gauean, Parisen, ikasleen protesta-mugimendu baten erdian, 22 urteko Malik Oussekine kolpeka hil zuen Poliziak, Latin auzoko eraikin bateko atarian. Higiezinen Lanbideen Eskolan (ESPI) ikasten zuen jatorri aljeriarreko gazte frantsesak giltzurrun-gutxiegitasuna zuen eta astean behin baino gehiagotan dialisia egin behar izaten zuen. Unibertsitatean sartzean hautaketa ezartzen zuen lege-proiektu bat salatzen zuen mugimendutik urrun zegoen. Hala ere, egun hartan, bere lagunen esanetan, Malik manifestazioa ikustera hurbildu zen. Azken manifestariak sakabanatzen ari zirenean, 1:00 inguruan, gertatu zen tragedia. Horrela kontatu zuen lekuko bakarrak, Paul Bayzelonek, Finantza Ministerioko funtzionarioak, 6. barrutiko Monsieur-Le-Prince kaleko eraikineko auzokideak: «Etxera nindoan. Kodea markatu ondoren atea itxi nuenean, larrituta gazte bat gerturatu zitzaidan. Pasatzen utzi eta atea itxi nahi izan nuen». «Bi polizia korridorera sartu ziren –jarraitzen du–, barruan babesturiko tipoaren gainera amildu eta sekulako bortizkeriaz berau jotzen hasi ziren. Erori egin zen, eta borrekin eta ostikoka jarraitu zuten sabelean eta bizkarrean. Biktimak oihu egin zuen: ‘Ez dut ezer egin, ez dut ezer egin’». Paul Bayzelonek tartean sartu nahi izan zuen, baina jipoitu egin zuten bere funtzionario-txartela atera zuen arte. Poliziek, manifestazioa sakabanatu zuten motoziklistek, alde egin zuten. Malik Oussekine handik gutxira hil zen ospitalean. Hurrengo egunean, Alain Devaquet Goi Mailako Hezkuntzarako ministro delegatu eta lege-proiektu polemikoaren egileak dimisioa aurkeztu zuen. Bitartean ikasleek isilik desfilatu zuten, «Malik hil dute» pankartak zeramatzatela. Abenduaren 8an, astelehenean, manifestazio gehiago izan ondoren, Jacques Chirac lehen ministroak lege-proiektua erretiratuko zuela iragarri zuen. Hiru hilabete geroago, Robert Pandraud Segurtasuneko ministro delegatuak beste polemika bat piztu zuen, “Le Monde” egunkariko kazetariei adierazi zienean Malik Oussekine ez zela «esaten duten ikasle frantsesen heroia». «Peloton voltigeur motocycliste» taldeko bi kideak, 53 urteko Jean Schmitt brigadako jenerala eta 23 urteko Christophe Garcia polizia, hiru urte geroago epaitu zituzten Parisko auzitegietan. «Erasoa eta nahi gabeko heriotza eragin zuten lesioak egiteagatik». 1990eko urtarrilaren 27an baldintzapeko espetxealdia ezarri zieten (bost eta bi urte, hurrenez hurren). Bi egun geroago, 2.000 pertsona inguruk manifestazioa egin zuten Justizia Jauregiaren aurrean, «errukizko epai horren» aurka. «Narratiba nazionalari hautsa kentzeko unea iritsi da» «Gure istorioak kontatzeko eta narratiba nazionalari hautsa kentzeko unea iritsi da»: “Le Bureau des Légendes” eta “Black Baron ” lanen ondoren, Antoine Chevrollier zuzendariak Frantziako zauriak esploratzen jarraitzen du bere telesail “Oussekine”-rekin. Ordubeteko lau atalez osatuta, maiatzaren 11tik aurrera eman zuten Disney+ zerbitzuan. Eszenografia zainduarekin, lau atalek duela 35 urte baino gehiago Poliziak kolpeka hil zuen 22 urteko aljeriar jatorriko ikasle frantziar honen patua dokumentatzen dute. Lehen ikus-entzunezko egokitzapen honekin –Cannesen aurkeztutako Rachid Boucharebena-ren (Indigènes) aurretikoa– Antoine Chevrollierrek, 1982an jaioak, helburu argia du: gaur egun polizia-indarkeriaren aurkako borrokatik bereizi ezin den gazte honen izena gertaera orokorren albisteen kutxatik ateratzea. «Malik Oussekine ez da albiste bat. Gertaera sozial garrantzitsua da, eta halakotzat hartu behar da», esan zuen AFPrekin egindako elkarrizketa batean. Nerabea zela aurkitu zuen istorioa, Assassin taldearen rap abesti bat entzunez: «Estatuak hil egiten du; adibidea, Malik Oussekine». Baina urte batzuk geroago Oussekine izena indar handiagoz entzungo zuen bere baitan, berriro ez uzteko. «Orduan, Parisera iritsi berria nintzen, eta asko ateratzen nintzen auzoko gazteekin, Oussekineri buruz etengabe hitz egiten zidatenekin. Probintziako langile gisa, iruditzen zitzaidan ikusezintasunaren, bazterketaren eta irudikapenik ezaren lekuan geundela. Orduan esan nion neure buruari: ‘Bale, egin dezagun pelikula bat’», gogoratu du. Bien bitartean, Anjouko herri txiki bateko autodidakta honek nolabaiteko ospea lortu zuen “Le Bureau des Légendes” eta “Black Baron” telesail arrakastatsuetako zenbait pasarte zuzentzean. Frantziako demokrazia zalantzan jartzen duten bi lan. Orduan erabaki zuen telesailen formatua Malik Oussekineri buruzko bere proiektura gehiago egokitzen zela. «Konturatu nintzen gauza asko konta genitzakeela, hala nola Aljeriako gerra (1954-1962), kohabitazioa bizi zuen Frantziako egoera politikoa, testuinguru soziala... eta serie batek bakarrik emango zidala aukera istorio horiek guztiak zabaltzeko», adierazi du. Hori lortzeko modua? Hiru geruzatan banatzen du istorioa, gero batera daitezen. Lehenik eta behin, aktualitatea, Maliken familiaren borrokari jarraitzen dio horrela, bi poliziak epaitu arte, eta, gero, gaztearen azken orduak ardatz dituen beste bat. Azkenik, azken geruzak Oussekine familiaren historia indibiduala Frantziakoan txertatzen du, 1961eko urriko sarraskiaren berritze hunkigarri gisa, Poliziak Aljeriako manifestariak Senara bota zituenekoa. Horretarako, Antoine Chevrollierrek lau gidoilari izan zituen ondoan: Faiza Guene, Ipar Afrikako immigraziotik etorritako frantsesen nortasuna aztertzen duten liburuen egilea; Cedric Ido zuzendari frantziar-burkinafasoarra; Julien Lilti gidoilaria, eta Lina Soualem zuzendari gaztea. Baina, batez ere, Malik Oussekineren bi anaien eta arrebetako baten laguntzaz eta aholkuez baliatu zen. «Niretzat pentsaezina zen proiektuarekin ez lotzea», adierazi du. «Telesail politiko bat? Interesatzen zaidana bidegabekeriak dira. Etorkinen seme-alaben ingurua edo probintzietako proletarioena. Gainera, gauza bera dela uste dut. Tira, iritsi da garaia gure istorioak kontatzeko eta nobela nazionalari hautsa kentzeko», azaldu du. Eta amaitzeko: «Espero dut telesailak herrialdea astintzen duten tentsioak baretzea. Bada garaia Frantzian historiako metastasi hauek tratatzen hasteko». «Gure belaunaldiarentzat garrantzitsua da istorio indibidual horiek Frantziako narratiba nazionalaren parte direla esatea. Ez daude alde batean. Hauek istorio frantsesak dira» «Arazoa ez da Malik Oussekine ahaztuta dagoen, baizik eta nork ahaztu duen». Ikurra bihurtu bada, bazterretan izan da, «Historiatik kanpo daudela sentitzen dutenen artean»