GAUR8 - mila leiho zabalik

«Adorea ero da»


Maiatzaren 27an, Roberto Sanchez doktoreak, Osakidetzan 22 urtez lanean aritu ostean, erakundea uzteko bere asmoa iragarri zuen prentsan argitaratutako artikulu batean. Idazkian Arrasateko ospitaleko anestesistak azaldu zuen bere erabakia hiru urtez lan jazarpena pairatu izanaren ondorioa izan zela; izan ere, Sanchez 2019an osasun zerbitzu publikorako lan eskaintzaren iruzur sistematikoa salatu zuten hiru sendagileetako bat izan zen. Galenoek azalarazi zuten erakunde publikoaren espezialista lanpostuak esleitzeko prozesua errotik ustela dela, plazak mesede kate baten arabera banatzen direla, eta egoera instituzionalizatua eta egiturako kate maila guztiek ezagutua eta onartua dela. Ausardiak erietxeko zuzendaritzaren jomugan jarri zituen hirurak, euren lan eta bizi baldintzak jasanezinak bihurtzeraino. Azkenean, egoera itogarriari eutsi ezinik amore eman du Sanchezek.

Horrelaxe funtzionatzen dute sistemaren zirrikituek eta Arrasateko hiruren afera osasungintza publikoaren egiturak –administrazioaren beste arlo askotakoak bezala– hezur-muineraino kutsatzen dituen sistema mafioso baten adibide argia da. Segur aski hiru anestesisten ekimena eraginkorragoa zatekeen euren atzetik mediku gehiago agertu balira ustelkeria salaketarekin bat egiteko prest, baina horixe da, hain zuzen, sistematizatutako iruzur eta nagusikeria sistemari eusten diona, beldurra.

Nolanahi ere, asko daukagu eskertzeko sendagile hauei zerbitzu publikoetan sinisten dugunok, jarrera koherente eta duinaz gain sistemari esku hutsik aurre egiteko erokeria puntu bat ere erakutsi dutelako. Izan ere, profesional zintzo eta erosezina ez ezik itzal handiko palindromogilea izanik, Sanchezek berak esango lukeen bezala, «adorea ero da». •