2022 UZT. 02 Burubeltzaren diplomazia murgiltzearen mesedetan Maite Ubiria Panda Hartzaren diplomazia baliaturik, indarra esplizituki erabili beharrean milaka urteko ibilbideak ematen duen hatsari eta eskarmentuari jarraipena emanez, bere posizioa sendotzera jokatzen du etengabe Txinak. Isiluneen bitartez mintzatuz batzuetan, aurkaria isilik gelditzeko moduko erronkak finkatuz bestetan, maitekiro begiratzen dugun hartztxoa ikur gisa duela globalizazioaren partitura barneratu eta bere baitatik sorturiko erritmoarekin jotzen du Pekinek. Txina bilakatu da bai G7 taldeak Munichen bai NATO erakunde militarrak Madrilen berriki egin dituzten goi bileretako «harrizko gonbidatua». Mendebaldeko antolakunde ekonomiko-militarrek badute arerio ofiziala. Planeta eta gizakiaren biziraupena arriskuan jartzen duen sistema kapitalista eta demokrazia txanponaren alde bi gisara ulertzen dituzten agintariek datorren hamarkadan garatuko duten defentsa eredu oldarkorra eman dute plantan. Danbor hotsez girotutako partitura atrilean jarri eta kontzertuari hasiera eman diote, orkestrako musikari bakarrak balira bezala, munduan beste musika jotzailerik ez balitz bezala. Finean, mila milioitik gora biztanle dituen Txina eta iruditegi ofizialak bere itzalpean jartzen duen 17.100.000 kilometro karratuko lurraldea gobernatzen duen Errusia «mendebaldarren» gaitz guztien errudun bezala aurkeztuz krisi batetik bestera jauzi eginez beren populazioa amildegiaren ertzean bizitzera kondenatzen duten AEBek eta beren follower-ek kanpoko etsaiaren doktrina arramoldatu dute, Gerra Hotzaren eskemak berotegi efektuaren garaietarako baliagarri direlakoan. Anartean, Pandaren diplomazia urrutitik –baita sistemaren tripetatik kuxkuxean ere– mundu bipolarraren alegoria interpretatzeko saiakera zalapartatsuari begira dago. Isiltasunez, presak agindutako urrats baldarra estropezu noiz bilakatuko den zain. Pandak banbu hostoak murtxikatzen dituen gisara, indartsuago ateratzeko xedez estrategia birsortzeko ariketa dastatuz. Bestalde, Europako mapa politikotik gero eta gehiago urruntzera bultzatu nahi duten Hartz Arrearen herrialdea dago. Ukrainan eman duen atzaparkada mingarriak taulategian utziko duen urraduraren benetako sakontasuna neurtzeko denbora beharko da. Praktikotasunak zuhurtziaz jokatzea eskatuko luke. Ez da hala izanen. Udako epeltasunean udazkenetik aurrera nekezak bilakatu daitezkeen hautuak tarrapatan hartu dituzte. Etxera bueltan, txiribuelta bat eginez, iaz ezinezko ziren hautuak zentzuzko erabaki gisara aurkeztu berri ditu Bordeleko Akademiak. Hiru herritan martxan emandako borrokak Ipar Euskal Herriko erakundeek eta horiek baino askoz lehenagotik ere gizarte antolatuak euskarazko murgiltze ereduaren alde abian emandako ofentsiba eraginkorraren baitan uztartu dira. Are, Irisarrin, Barkoxen eta Larrainen garatutako Ardi Burubeltzaren diplomaziak behin-behineko emaitza utzi du. Manexentzat azalpena: burubeltza elikagaien industriak agintzen dituen ekoizpen eskemetan jarduteko ez da ardi arraza egokia. Esne kopuru «gutxi» ematen du. Alta, urte osoan ematen du esnea, bortua luzaroan baliatzen duelako. Temati samar, moldatzeko gaitasuna badu, iduriz, eta artzainen esanetan ahultasunetatik abantailak ateratzeko gai izanen da. Hurrengo etapa irabazteko abian den euskararen tropelarentzat ikur aparta. • 200 biztanle eskas ditu Larrainek, 600 inguru Barkoxek eta Irisarrin mila herritar baino gutxiago bizi dira. Herriko eskolak bizirauteko lehian euskara hartu dute aliatu gisa eta lehen garaipena lortu dute