GAUR8 - mila leiho zabalik

Har ezazu(e) muxu bana


Bizitzak musu bat ematen badizu, hartu eta gozatu». Gaurkoan nik ematen dizut zuri Kaiku, azkena izango da. Joan zara, nahiz eta hilabete asko zeneraman berriz ere ezkutuan. Gazte garaian etxean eta oraingo honetan zure buru barruan. Jende askok eta desberdinak eman dizu azken agurra, eta hori ez pentsa askok lortzen dutenik. Badakizu jende desberdin horren artean zure hilkutxa ixteko arduraduna polizia bat izan dela? Jode, Kaiku, azken momentura arte txakurrak ondoan. Ez nekien Estatu frantsesean horrela zenik, ene! Banekien, adibidez, gauetan farmaziara joateko ere haiei deitu behar zaiela, bestela ez zaituztelako artatzen. Zenbatetan geldituko ginen minez edo negarrez ez bertaratzeagatik. Horrela gelditu nintzen ni txupeterik gabe!

Etxean, jaio nintzenetik entzun dut zure izena, bueno, ezizena, hobeto esanda, eta zure hamaika abentura eta desbentura. Gurasoen lagun mina izan zara. Ez dakizuenentzat, pentsa, aitak “Kaiku” izena jarri zion bere txakurrari! Eta oraindik gogoan dut muga pasatu zenuenean eta zure Altzara iritsi zinenean nire amari telefonoz esandakoa: «Juli, jada ez dago margaritarik Altzan!»

Bizitzak nahi izan du orain zuen ondorengoak, hurrengo belaunaldikoak, ere lagun izatea. Zuen bide beretik ari gara gure bidea elkarrekin egiten. Borrokan eta bizitzan. Eta nork daki zuen bilobak gerora ere elkartuko diren nonbait!

Polita da utzi duzuna, Kaiku.

Jarraituko dut Piliri nire haurren argazkiak bidaltzen noizean behin; jarraituko dut Aitziberrekin irratiko eta bestelako proiektutan parte hartzen; eta jarraituko dut Maiderrekin nire eguneroko laguntasuna elikatzen. Orain, zure baimenarekin, haiei eman behar dizkiet muxuak. •