GAUR8 - mila leiho zabalik

Gerriko estu horri


Kotxean sartu naiz eta irratia bakarrik piztu da, giltza jartzerako. Azeleragailuaren eta enbragearen arteko dantza horretan ari zaizkit oinak, eta ur tanta goiztiarrek kristala edertzen baina ikuspegia zabartzen dute. Irailean gerrikoa estutu beharko dugula, hala iragarri du partea ematen ari diren esatarietako batek. «Ze ondo. Gorpuzten ari naizen eszena eta kazetariaren jarduna, ikuskizun beraren gidoi eta atrezzo».

Marmarrean, eta marmarrean aritzeko motibo gutxi dudala pentsatuz ekin nion asteari. Aste arrunta, beste ia denen parekoa, askorentzat; hobea, are, oporretan daudenentzat. Lanaldi murriztua hondartzarako eta oporretan sentitzeko baliatu nahi zutenentzat, berriz, plana zapuztu zitzaien astea. Eta, gurean, etxez aldatu eta gure bizitzen abaro izandako higiezinari agur esateagatik negar egin genueneko astea.

Inbidiaz begiratzen diet etxez lau aldiz aldatzeak marka emozionalik uzten ez dien horiei. Haien alboan, dramara errazegi jotzen duen eta guztia intentsitate handiegiz bizi duen norbait naiz. Atxikimenduaren erregina. Ni, lehenengo munduko emakume zuria, etxe bat txikiegia zitzaigulako beste batera bizitzera joan eta, beste habia bat sortzen jarraituko dugulako, astebeteko aldarte depresiboan egon dena.

Ez naiz hemen hasiko etxea utzi izanaren dolua justifikatzen, baina ez sinestekoa da zenbateraino diren lau horma horiek gure zama denen biltegi eta gure poz guztien artxibo. Zenbateraino den mudantza bat introspekzio ariketa interesgarria, ginenari eta garenari eta bien arteko denborari aurrez aurre begiratzeko. Poligrafo moduko bat, urteek pilatu dizkiguten objektu salataritan.

Sekula jantziko ez duzula badakizun jertsea eta janzteko aspaldi zarpaildu zen galtza parea, apal berean. Zulatutako galtzerdiak eta inon-sailkatzerik-ez-dauden-baina-gure-herrian-inauterietako-kaxetan-sartzen-diren gauzatxo horiek guztiak, edonon. Eta, azpi-azpiko kaxoian, Erasmusera joandako lagunen despedidarako egindako zapiaren aldamenean, bost bat zapi gorri.

Euri langarretan eta titular makurrez hasitako aste hau izan baita sanferminak itzuli zireneko astea ere. Uste dut zehatz-mehatz gogoratzen dudala zapi horietako bakoitza noiz eta non eta zergatik erosi nuen; “Eraso sexistarik ez!” idatzirik duena, batez ere. Hiru lagun festara joanak ginen, eta Navarreriako taberna txiki batean geunden, zapia erosi eta soinean nuenarekin ordezkatu nuenean. Ez nago ziur ordurako Nagore Laffageren izen-abizenak ezagutzen ote genituen edo ez, baina dakidana da gure amei lasai egoteko esaten genien arren argi genuela gure gorputz aludunek eta aldameneko gorputz zakildunek ez zutela partida bera jokatzen sanferminen plazan; gureak arau estuagoak zituela. Haien amak inoiz gutxi kezkatu izango zirela, semeek Jarauta kalea tabernaz taberna zeharkatzeko plana egina zutelako.

Izugarrikeria haren hamalaugarren urteurrena gogora ekarri dugun honetan, ez legoke soberan jaien atariko kanpaina moreei buelta pare bat ematea, egoerak bueltarik eman ez duenez. Alda daitezela bandoz “kontuz ibili” guztiak, eta jo dezatela zehaztasunera zapi guztietako leloek: zuek erasotzen gaituzue. Estutu dezatela gerrikoa beste batzuek. •