GAUR8 - mila leiho zabalik

Gora «SanFermin»


Ehuneko ehunean zoriontsu sentitu beharrik ez dut nire onena emateko. Nire ahuldadeak eta indarguneak nola minak eta zorionak ezagutzea nahikoa dut. Oinarri horiek argi izanda, zama motxilaratu eta unean-unean moldatu egiten naiz.

Aurten ere ez, ezin izan diet SanFermin jaiei hutsik egin eta ez, txupinazoak ez dit 2015eko Joseba Asironen lehenaren emoziorik ez grinarik eragin. Despistatuentzat, Enrique Maya da egungo alkate. Josebarengandik beste muturrean dago eta ez soilik politikoki. Josebak bihotz asko irabazi zituen bere izateko moduarekin, Maya berriz nabarmendu-zale da, harroa eta probokatzaile hutsa.

Mayak gauza asko dauzka, ez dauzkan bezainbeste, eta guztiak gustuko ez duen orori erasotzeko darabiltza. Eskuin muturreko praktikante sutsua da eta bere kirol nagusia tonaka gorroto listu botatzea ikastolei, euskarari eta euskaldunei, haur eskoletako gurasoei, gazte antolatuei, feministei, Gora Iruña elkarteari, etab. Ez du lotsarik etorkin adingabeei lapurreten ardura egozteko jada ikertua zegoenean %0,30 besterik ez zegokiela; nork eta Montevideon jaioa den Mayak.

Katoliko apostoliko zintzo praktikantea, nago santu izendatzea nahi duela eta ez nolanahi, ze Gurutzadetan balebil bezala Albako Dukea delakoan gobernatzen du: ezpata airean erasora joz itsu-itsuan, gaixo baten antzera.

Ai, jakingo balu gezurtirik ez dutela onartzen paradisuan. Ai, jakingo balu beltza dela SanFermin…

Halere, iruindarrek kaskagogor bezain alai jarraituko dute beren zamak eta arazoak garaitzeko saiakeran etsi gabe eta Maya jaunak ez du lortuko jaiak zapuztea.

Gero gerokoak. Asironen zain, gora SanFermin! •