GAUR8 - mila leiho zabalik

Odiseak


Ez naiz izan eskaleei ezer ematekoa, gaztetan kontzientzia iraultzaileak karitatea galarazten zidalako eta gero, lotsak. Baina duela urte batzuk auzoan eskale bat agertu zen bere lanbidea duintasun handiarekin eramaten zekiena eta aurretik pasatzean euro erdi bat edo oso bat ematen hasi banintzaion, berak lauzpabost esaldi euskaraz esaten zituelako izan zen eta esaten zuena ulertzeagatik, hasierako «eskerrik asko»-ren eta bukaerako «ondo pasa»-ren artean mantra ulertezin bat sartzen zuelako.

Txukun jantzia egoten zen eta debozio handia zion emazteren bat izango zuela pentsatzen nuen. Itxuragatik Kroazia, Serbia edo Montenegro aldekoa zela iruditzen zitzaidan, nahiz eta herrialde horietakoak oso desberdinak izango diren, eta beste eskale batzuei iragan gorabeheratsua (asko artistak izanak dira eta edanari emanak edo unibertsitateren batean karrera egindakoak) igartzen zaien bezala, nire eskaleari (horrela deitzen nion neure baitan) ibilbide xumeagoa irudikatzen nion; lanbideren batzuk probatua izango zela pentsatzen nuen, baina arrakasta gutxirekin, baina gutako nork lortu ditu hemen arrakastak bere lanbidean? Nolanahi ere, eta horretan seguru nengoen, gerra batek zapuztu ziola bizimodua eta odisea bati ekin ziola, gure auzoan eskale bukatu zuen arte.

Emigrante bakoitzaren atzean dago Miñan bat, emigrante guztien atzean dago odisea bat, nahiz eta kasu honetan ez dagoen Itakarik, eta ez duten itxaroten Peneloperik, eta askotan, Mediterraneoan egunero eta orain gutxi Melillan bezala, itxaroten dutena Herio bera den. Are gehiago, odisea moderno bakarrak eurenak direla esan daiteke, besteok urtean behin egiten ditugun bidaiak umeen jolas bilakatu baitira gaur egun. Egunotan ari naiz bi asteko opor bidaia prestatzen eta ia segurua da bidean ez dudala infernura jaitsi beharrik izango, ez dudala itsas laminen kanturik entzungo, gauero hotel bat eta ohe bat izango ditugulako zain.

Nire eskalearen kontura itzuliz, orain hilabete batzuk desagertu egin zen auzotik eta gazteago batek hartu zuen bere lekua. Behin eta berriz begiratzen nion eta sartu zitzaidan buruan haren semeren bat ote zen. Bota diot euro erdiren bat eskuetan duen kutxatxora, baina ez du aurrekoaren abegikortasunik eta ez du eskerrak emateko euskarazko mantrarik erabiltzen. Gaztea da eta beharbada errebeldea, ez zuen gerrarik ezagutuko eta ez du aitak edo munduak ezarri dion patua zertan onarturik. •