GAUR8 - mila leiho zabalik

Sutan


Euskal Herria, Iberiar penintsulako herri asko bezala, sutan dago egunotan. Milaka hektarea kiskali dira dagoeneko, han-hemenka, azken hamarkadetako bero bolada handi eta iraunkorrenetako baten testuinguruan. Adituek berotegi efektuaren ondorioak atzeman dituzte aurrekaririk gabeko tenperatura igoera hauetan. Beroaldiaren eta klima aldaketaren arteko lotura hertsia begi bistakoa da, bai, baina ez du zertan aitzakia izan norberaren erantzukizuna zuritzeko.

Iragan uztailaren 15ean, Madrilgo Vallecas auzunean garbiketa lanetan zebilela, langile bat bero kolpe baten ondorioz hil zen. Ezbeharraren ondorengo orduetan Yolanda Diazek, Espainiako historiako gobernu aurrerakoieneko ministrorik aurrerakoienetakoa omen denak, heriotzagatiko bere doluminak agertu zituen sare sozialetan eta «krisialdi klimatikoari» egotzi behargina zendu izana. Jose Antonio Gonzalezek, horrela baitzuen izena hildako langileak, 60 urte zituen eta hilabeteko lan kontratua Madrilgo garbiketa zerbitzu publikoa kudeatzen duen Urbaser enpresan. Bero saparen erdian aire zabalean lan egitera behartu zuen nagusiak, 42 gradutan, arratsaldeko 17.30ean; eta berak onartu egin zuen, bere adinean ezingo ziolakoan lanpostu prekario hori kolokan jarriko zukeen aginduari uko egin. Hori gutxi balitz bezala, handik 24 ordura eta Madrilen bertan beste langile bat hil zen, Nicolae Dorel errumaniarra, pabiloi batean 43 graduko tenperaturan beharrean ari zela.

Baliteke «krisialdi klimatikoak» Jose Antonio eta Nicolaeren heriotzak eragin dituzten lan baldintzak gaiztotu izana, baina langileok kapitalismoak erail ditu, hiltzaileek izen eta abizenak dauzkate, Urbaser konpainian eta Madrilgo Udalean daude, eta erantzukizunik gabe aterako dira afera honetatik, ministro batek madarikazio jainkotar bati egotzi baitio ezbeharra, sutan gauzkan klima aldaketari. •