2022 UZT. 23 Zakurrak hirietan Oihane Larretxea de la Granja Lerrook idazten segitu aurretik aktan zera jaso nahi dut: ez ditut txakurrak gorroto, are gehiago, batzuk maitatu ditut eta zenbaitek hutsune handia utzi dute gurean. “Xarpa”, arima alaia eta karismatikoa (bere falta erreparaezina da). “Argi”, handikotea eta maitagarria. “Txiki”, sagutxo harrapari trebea. “Xarbo”, kabroi hutsa, baina lapurren zelatari bikaina. “Bat”, dotorea eta leiala. “Lur”, etxeko emea, liderra, aitonaren kuttuna. Txakurrak gustuko ditut, baina beren lekuan. Eta zein da leku hori? Eztabaidatu dezakegu. Niretzat, baserria, landa eremua. Ez hiria, eta are gutxiago pisu bat. Nire aitonak mugak ondo baino hobeto irakatsi zituen: gizakiak etxean; animaliak baratzean, sagastian. Gauzak asko aldatu dira azken garaiotan, eta zakurrak nonahi ikusten dira. Bizimodu urbanoan erabat integratuta daude (bat gehiago dira) eta gustatu edo ez, haiekin konpartituko ditugu «gure» espazioak, dela arropa denda bat zein autobus publiko bat. Animalia izan arren humanizatu egin dira, dituzte, umeak balira bezala tratatzeraino (?!). «Zer esan dizu amatxok?». Hala egin zion errietan emakumeak txakurtxoari. Ez dut ezer gehiago eransteko. Gaur egun, Estatu espainiarrean etxe gehiago daude zakur batekin haur batekin baino. INEk iaz argitaratutako datuen arabera, 7 milioi zakur baino gehiago daude, eta 14 urtetik beherako gazteak 6 milioi pasatxo baino ez dira. Jaiotza tasan krisia egon egongo da, baina ez da krisi bakarra. Modu objektiboan eta ikuspegi neutral eta enpiriko batetik, zer aportatzen diote zakurrek hiriari? Jabeari egiten dion konpainiaz eta ematen dion maitasunaz harago, norberaren gozamenerako baino ez dena… Aste honetan Munduko Zakurraren Eguna ospatu da. Alaba txikiak kalean pixa egiteagatik gaitzespen begiradak jaso ditut, eta etxe inguruko espaloiak kakaz beteta ditut. Krisia, eta sakona. •