2022 ABU. 06 Isilgauzak Maider Iantzi Goienetxe Gehienek ez dakiten gauza bat da sekretua, dakienak ongi gordetzen duena. Baina ez dago ageriko sekretu bat isil dezakeen sekretariorik, ezta sekretuen legerik ere. Herriko bestak gerra oroituz hasteko ohitura hartu genuen, biziak gauza hagitz ederrak dituelako, baina benetan itsusiak ere bai, eta horiei entzungor egiteak ez ditu desagerrarazten. Izatekotan, xuxurlak garrasi bihurtzen ditu. 2018an, 1936ko gerrako ahantziek bota zuten txupinazoa. Udaletxeko balkoira goititu eta plazan bildutako jendetzari mintzatzeko aski indar eta umore izan zuten hiru adineko pertsonak, altxamendu militarraren ondorioak beren larrutan bizi eta aitzinera egin zutenak, azken urteetan ziren, eta justu-justu baina aitortza hori jaso ahal izan zuten. Aurten, ezusteko testigantza bat izan dugu besten hasierako altxaferoaren aitzinetik udaletxean den ahantzien eskulturaren ondoan egindako ekitaldian. 1939 eta 1941 bitartean Beran izan zen ehungarren batailoiko Domingo Mengual Segarra presoaren alaba, Vicenta Mengual, eta Rafa Val biloba etorri dira espres Valentziako El Cavanyaletik. Beran izan ziren 2.357 presoetako bat izan zen Domingo Mengual eta, alabak kontatu duenez, gatibu egon arren herriaren oroitzapen ona gorde zuen. Familiak ingurua ezagutzeko aukera izan du, eta Udalaren esku utzi ditu aitaren dokumentuak. Ministroen Kontseilu espainolak onartutako sekretuen legeak, frankismoaren ondorengo lehenak –aurrekoa 1968koa zen– dokumentuak desklasifikatzeko epeak ezarri ditu, baina luzeegiak dira: oraindik 2050 ingurura arte itxaron beharko dela diote. Bitartean, eskala txikian, tokian toki, istorioak ezagutzen ari gara eta poliki-poliki isil-gordeak argitzen ari dira. Ahanzturaren aurkako sekretua herri xehearen oroimena da. Urte luzetako errepresiopean ongi gordetako oroitzapenak dira, plazaratzeko unearen zain egon direnak. Momentu hori ailegatzen denean bilakatzen dira isilgauzak kontakizun, albiste, eta Historia. •