2022 ABU. 27 Datorrenari aurre Antton Izagirre Beldurra hezurretaraino sartu digute udazkenean omen datorrenarekin. Udak aldiz, bestelako irudia utzi digu: udatiarrak, turistak, festa, gozamena, joan-etorriak nonahi. Denak emigrante bihurtzen gara udan. Mugarik gabe bidaiatzen dugu, guk hara eta haiek hona. Airez, itsasoz eta lurrez, mundua bakarra dela sinetsarazten digute eta guk erreparorik gabe sinetsi egin dugu. Hori bai, gugandik gertu, aldian behin, maizegi gertatzen diren itsasoan galdutako beste mundu bateko etorkinen erreskate edo zoritxarreko heriotzen berri izaten dugu. Horiek ere etorkinak, gure mundura etortzeko debekua dutenak. “Besteak” dira, paperik gabeak, behartsuak, geuretik bizi nahi dutenak. Horientzat, mugak, baldintzak eta sarbide estuak. Marraztu dudan bitasun hori ez da fikzioa, ez da fantasia, begien aurrean dugun errealitate bakarraren bi aurpegi dira. Kasu batean zein bestean, ekonomiak gizakiok produktu, gauza, tresna, bilakatu gaitu. Politikari, ekonomialari eta estadisten ahotan zenbaki bihurtzen gara. Zenbat turista, bisitari, joan-etorri eta zenbateko okupazioa izan duen toki batek dirutan azaltzen digute; aberastasunaren neurria gara. Lan bila gurera etorri nahian dabiltzanak, berdin. Gurean tokia izan dezakete baldin eta guk egin nahi ez ditugun lanak egiteko bada. Ikusi berri dugu nola hemen falta omen diren lanbide batzuk betetzeko etorkinen sarbidea erregulatzeko neurriak hartu dituzten. Gizaki aske modura batetik bestera joan-etorrirako guztiok behar dugun eskubidea ez zaie aitortuko, ez. Ekonomiaren interesen neurriko askatasuna izan dezakete. Guk herri aberatsean bizi garela pentsatzen jarrai dezakegu gabeziak ageriak jartzen ez zaizkigun bitartean. Kapitalarentzat, pertsonak eta gauzak maila berean gaude. Energia iturriak, gasa, petrolioa, lan bila datozen etorkinak, turistak, bidaiariak… beste nonbaiteko etorkinak gara eta negoziogai garen bitartean mugak libre izango ditugu eta beso zabalik hartuko gaituzte. «Hau horrela da, ez dago besterik», errepikatuko digute. Hala ere, gizaki ekintzaileak garen aldetik, geure indarguneak ditugula sinetsita, datorrenari aurre eginez, banaketa justuago baten aldeko aldarri eta ekinez paradigma berri bat eraiki dezakegu. •