2022 ABU. 27 Psikofarmakoen diktadurapean Itziar Elizondo - @itziarelizondo Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea Psikofarmakoen diktadurapean bizi gara aspaldi. Pandemiak, beste hainbat gauzatan bezala, agerian utzi du osasun sistema publikoak osasun mentalarekin duen utzikeria. Psikologoak eskasak dira eta protokoloak, batez ere, antsietatearen edo depresioaren aurkako pilulak errezetatzera mugatzen dira. EAEn, esaterako, 100.000 biztanleko 6,74 psikologo kliniko baino ez ditugu batez beste, Europar Batasuneko 18tik urrun. Dena den, problema ereduan datza, eta hura indarrean dago mundu zabalean. Arazoa zenbateraino den larria Jamies Daviesen liburuan egiazta dezakegu (“Sedados. Cómo el capitalismo moderno creó la crisis de salud mental”, Capitan Swing, 2022); gaztelaniara itzuli berria da. Antropologo soziala eta psikoterapeuta izanik, Daviesek ez dauka zalantzarik: merkatuaren beharrekin bateragarria izan dadin, sufrimendua psikofarmakoen bidez baretzen dugu. Negozioaren zifrak izugarriak dira. Espainiak, esaterako, urtero 23.000 milioi euro gastatzen ditu psikofarmakoetan, eta horien abusuak eragindako etxeko edo trafiko istripuen ondorioz ordaindu behar dituen pentsioetan. Sistema eraikita dago enpresa gutxi batzuk aberasteko, eta ez pertsonen arazoei errotik aurre egiteko. Gainera, formula horrek ez du arrakastarik izan, gero eta jende gehiago pilulen mendean baitago, urteak daramatzate botikak kontsumitzen beren egoera konpondu gabe. Farmazia industriarentzat negozio biribila, alegia; eta, bidez batez, sendabide naturalen enpresentzat ere bai, kontsumo filosofia berbera erabiltzen dutelako. 2008tik lasai bizitzeko baldintza materialak kaskartu direnez Lehen Mundua deitu duten honetan –&discHyphen;lanari eta etxebizitzari dagokienez, kasu– gakoa ez dago norbanakoetan, gizarte kapitalistan baizik. Daviesen ustez, «sedatutako pertsona bat alienatuta dago, sufrimendua berezko zerbait dela interpretatzen du, ez kolektiboa. Medikazioak komunitatea suntsitzen du, eta gure parekoekin minari buruz hitz egingo bagenu, ohikoa dela konturatuko ginateke». Beraz, batetik medikalizazioa sekulako negozioa da, eta bestetik ez du arazoa konpontzen. Hori gutxi ez eta, Daviesen ustez beste nonbait dago estrategia horren muina. Sufritzen duen norbanakoak sistema zalantzan jar dezake, eta horixe da kapitalismoari axola zaiona. Justu medikalizazioarekin ekidin daitekeena. «Aldaketa sozial eta politiko handiak sufrimenduari esker gertatu dira. Emakumeen askapena edo Black Lives Matter mugimendua, bi adibide jartzearren. Eta gauza bera gerta liteke pandemiaren ondoren sentitzen ari garen minarekin. Baina ez da nahikoa ondoeza egotea aldaketa bat gertatzeko, aldaketa hori modu kolektiboan bideratu behar da». •