2022 IRA. 03 Tramite huts bat Itzea Urkizu Arsuaga Ez zait lo egitea gustatzen. Nire inguruan gehiengoak ohera sartzeko momentua plazerez bizi duen bitartean, niretzat hurrengo egunsentira iristeko tramite hutsa da gaueroko errituala. Zubi ikusezina, gaua, bakartia. Pentsamenduei mugarik gabe ugaltzen eta elkar lotzen uzten diena, epaietatik aske batzuetan, eta juzgu denak dantzan jarrita beste askotan. Gaua da gure biografia emozionalera txangoak egiteko ate bat, eta nik zabalik izaten dut ia iluntzero, nire maindirepea paradisu bilakatuz aspaldiko kezkei eta betiko beldurrei. Alegia, nik ere berez gustura egiten dudala lo, loa kentzen didan ezer ez daukadanetan. Izan liteke hipokondria, eta obulazio garaian nagoen bakoitzean bularra berrehun bat aldiz autoesploratzeko beharra. Edo maite dudan jendea bat-batean galtzeak lekarkidakeen samina irudikatzea. Ikasturte honetan –ere– zenbat asmo handinahi zapuztuko zaizkidan aurreikustea. Tapakiarekin sabela estali eta eroso jarri orduko, herenegun goizean administrazioan egitekoak ginen eta azkenean egin ez genuen harekin gogoratzea. Edo, gisa honetako zutabe bat idazteko hari-mutur baten arrantzan hasi eta, arrakastarik gabe, ezinegona biderkatzea zerbait argitaratuko delako zure sinadurapean, eta, gutxienez, duina izatea nahi zenukeelako; esango dute bestela. Denok dugulako egorik nonbait, eta ondorioz nik ere bai. Zer unibertsala den ahaztua izateko beldurra eta, neurri berean, nola desio dugun guztiok noizbait norbait gurekin akordatzeko zerbait txukun samar egin-esan-sortu-lortu dugula sinestea; lurra zapaltzeko dugun modua zenbaitetan berezia dela sentitzea. Kanpo-onespen horren bilaketak gure buru-osasuna tantaka-tantaka zulatzen digun arren. Egoak bai baitu errealitatea distortsionatzeko ahalmentxoa. Eta, horrela, guk jarrai dezakegu, denboratan, ustez gure ongizate propioarentzat gauzak egiten, egiazki besteek gugatik pentsatzea nahi genukeena eraikitzen ari garen bitartean. Nola azaldu, bestela, opor-garaian erremediorik gabe ozeanoak edo kontinenteak edo biak hegazkinez zeharkatzeko geure buruari sortu diogun obligazioa, ezpada, hein batean, uda-hondarreko bilkuretan gure abuztua beste zenbaiten abuztu sinpleegia baino interesgarriagoa izan dela sentitzeko. Nola esplikatu, bestela, lehenengo aldiarekin nahikoa izanda ere, bigarrenez egin zenuela, behinola, Behobia-Donostia lasterketa, sentitzen zenuelako halako presio bat bizimodu kirolzalearekin jarraitzen zenuela demostratzeko. Nola onartu genitalak erabat depilatzeko mandatua, alde batera utziz ohekidearen ustezko gustu sexualaren atzean dagoen pornografia-eredu indarkeriazkoa –eta pederastia, emakumeok ileak ditugu aluan!–, ezpada goitik behera betetzeko gizonezko zenbaitek diseinatutako emakume txortagarriaren paradigma eta, beraz, haien onespenpean desiratua sentitzeko. Gaur arraunaz idaztera nentorren, Kontxaz eta ligaz. Arraunlari emakumeek, dena irabazita ere, ezer irabazi ez duten gizonezkoen aldean jasotzen duten txalo-kopuru eskasaz; mindutako ohoretxoez. Baina, zer den egoa: segituan bistaratzen du loa kentzen digun hura. • El miedo a ser olvidado qué es lo universal y, en la misma medida, cómo deseamos que todos creamos que alguna vez hemos conseguido algo para que alguien se acuerde de nosotros...