2022 IRA. 10 Iraila Amaia Nausia Pimoulier Iraila da haurrentzat eskolara itzultzeko garaia; nagikeriaz, zalantzaz eta ilusioz betetako zurrunbiloan murgiltzen dira eskolako lehenengo egunetan. Nire alabek nahiago dituzte uda eta oporrak, eta ez dute eskolara itzultzeko inongo gogorik. Lagunak eskolatik kanpo ikusten dituzte eta gauza berriak ikasteko irrikak ez dizkie konpentsatzen esnatze goiztiarrak, asperdurak eta betebeharrak. Hala ere, ostegun goizean, eskolako lehenengo egunean lagundu behar izan nienean, aurpegi ona jarri nuen eta bide osoa abesten joan ginen positibotasun pixka bat transmititu nahian. Alabak tuntunak balira bezala! Ni ere ez naiz inozoa, nahiago dut oporretan egon eta, normalean, fakturak ordaintzen dituen obligazio gisa bizi dut lana. Aitortzen dut nire lanak oso eremu politak ere badituela eta, askotan, maila intelektualean ere asetzen nauela. Baina, jakina, abuztuaren 29an lanera itzuli nintzenean, ez nuen saltoka eta kantuan egin lanerako bidea. Irail honetan, gainera, beste lan karga bat gehitu dut: nire ohiko lanean jarraitzeaz gain, unibertsitatean klaseak emanen ditut. Astelehenean hasi nituen klaseak Historia Modernoko irakasle elkartu gisa Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Pozik, ilusioz beterik eta beldurtua ere abiatu nuen unibertsitaterako bidea. Ez nuen alabek bezala goizean negar egin, baina ez zen izan gogo faltagatik. Nire iruzurgilearen sindromeari aurre egin behar izan nion astelehenean eta beste hainbat konturi. Gauza batzuez ohartu naiz egun hauetan eta zerrendatu egin ditut: 1. Susmatzen nuena berretsi dut: unibertsitateko saio bakar bat prestatzeak lan handia eskatzen du eta poztasun gutxi ekarri. Gaia oraindik ez kontrolatzeak segurtasun falta izugarria eragiten du, batez ere unibertsitateko irakasle baten maila zein izan beharko litzatekeen oso barneratuta duzunean. Idealizatuta ere bai, esanen nuke. Ikasle garaian, nire unibertsitateko Historia irakasle gehienak, gizonezkoak, oso jakintsuak zirela iruditzen zitzaidan, ni orain naizena baino gehiago, oso helduak gainera, bateon bat ni orain baino gazteagoa izan zitekeen arren! Nire buruari gogorarazi behar izan diot egun hauetan badudala bai formakuntza bai esperientzia nahikoa eta ez naizela haiek zirena baino gutxiago. Ai ene, iruzurgilearen sindromea delakoaren zama zein handia den! 2. Historiako beste irakasleak laguntzeko oso prest agertu diren arren, hilabete eskasean inoiz eman ez den irakasgai bat zerotik prestatu behar izatea nahiko etsigarria da, putakeria handia dela ez esatearren. Orduak behar dira saio bakar bat prestatzeko, pentsa ikasgai osorako. Baina hori ere banekien. 3. Nire jardunaldiaren zati bat besterik ez bada ere, Historia irakasteko aukera izatea benetako gozamena da! Nire pasioa den horri denbora eskaini ahal izatea zer luxua den, eta gainera horregatik ordainsari bat jasotzea (beste iritzi artikulu baterako utzi beharko ditut irakasle elkartuen lan baldintza miserableak, baina tira). Goizero ezin sinetsi nabil, amets bat egia bihurtu den sentsazioa dut. Baina, hirugarren puntuak azken susmo bat baieztatzera narama… 4. Kontuz, autoesplotazioaren tranpa oso arriskutsua baita gure bokazioarekin zerikusia duen lan bat egiten dugunean. Horrenbeste gustuko dugun zerbaitetan lanean gaudelarik, kapitalismoak badaki horri ere nola etekina atera. Eta hor nabil, oporretan, gauetan, asteburuetan lanean, saio zoragarriak prestatu nahian, ikasleei Historiarengatik sentitzen dudan pasioa transmititu nahian eta autoesplotazioaren tranpan murgilduta. Esaten nuen, bada, nik ez nuela nahi iraila iristea. Nire alabek arrazoi osoa dute! • La trampa de la autoexplotaci��n es muy peligrosa cuando realizamos un trabajo relacionado con nuestra vocaci��n