2022 IRA. 10 GROENLANDIA Turismoak gora egin du nabarmen natura hauskor baten erdian Gero eta gehiago dira esperientzia berrien bila Artikoa beren turismo helmuga bilakatu dutenak. Ilulissat Groenlandiako hirugarren hiria da eta iazko udan 50.000 bisitari jaso zituen, berez duen biztanle kopurua baino hamar aldiz gehiago. Turismoak klima aldaketarekiko kezka areagotu egin da. Turistak paisaia paregabeaz gozatzen. (Odd ANDERSEN | AFP PHOTO) AFP Mundu osotik etorritako gero eta turista gehiago pilatu dira aurtengo udan Groenlandian, eta «zerbait desberdina» bilatzen dutela diote jada berotze orokorrak mehatxupean duen izotzezko irla bisitatzeko argudio gisara. «Amestera eramaten zaituen lurraldea da», esan dio AFPri Yves Gleyze 60 urteko frantziarrak, jada oso masifikatuta dauden bideetatik kanpo deskubrimendu berriak egiteko gogotsu. Ilulissat da Danimarkako lurralde autonomo honetako hirugarren hiria, eta bertako aireportutik ateratzean bisitariek edertasun gordineko paisaia aurkitzen dute, apenas begetaziorik gabeko arroka grisa bertatik bertara eta kontrastean icebergen panoramika harrigarria apur bat urrunago. Alboko fiordotik ihes eginda, izotz puska ikaragarriak etengabe apurtzen dira itsaso geldian, noizean behin baleek ere beren burua agertzen duten bitartean. Postaletako irudiak diruditen horiek 50.000 pertsona erakarri zituzten 2021ean, kostaldeko hiriak duen biztanle kopurua baino hamar aldiz gehiago. Hori bai, erdiek baino gehiagok geldiune txiki bat besterik ez dute egiten Artikoa ezagutzeko itsas-bidaien osagarri moduan. Gainera, kopuru hori asko haziko dela pentsa daiteke, bi urte barru nazioarteko aireportua irekiko baita. Palle Jeremiassen hiriko alkatearentzat hazkunde hori diru aldetik zorte kolpe bat izango da, eta ongietorria alde horretatik, baina era berean erronka gehigarri bat suposatuko du aldaketa klimatikoaren efektuei dagokienez. Azken 40 urteetan, Artikoa munduko batez bestekoa baino ia lau aldiz azkarrago berotu da, gaia aztertu duen azken ikerketaren arabera. «Egunero ikus ditzakegu aldaketa klimatikoaren eraginak: icebergak txikiagoak dira eta glaziarrak atzera egiten ari dira», azaldu du alkateak, permafrostaren urtzearekin ere oso kezkatuta, hainbat azpiegitura eta etxebizitzaren egonkortasuna arriskuan ipin baititzake. Bisitariek horrenbeste estimatzen dituzten paisaia bikainak zimeltzen ari dira eta erronka bertako ekosistema babestea da bisitari horiei atea itxi behar izan gabe. «Itsasontzi turistikoen kopurua mugatu nahi dugu», dio zinegotziak, oso kutsakorrak direla gogoratuz. Komunitatea eta ingurumena errespetatzeko, «gehienez ontzi bat eguneko eta mila turista ontziko» jartzen du muga modura. Berriki hiru gurutzaontzi iritsi omen ziren egun berean, 6.000 turista guztira, gehiegizko kopurua alkatearen esanetan, hiriak ezin dituelako ongi kudeatu eta ezin dutelako ziurtatu gune babestuak errespetatuko direnik, batez ere fiordoan. Islandiaren adibidea, non turismoak nabarmen gora egin duen azken bi hamarkadetan, egin behar ez denaren adibidea da, bere esanetan. «Ez dugu Islandia bezalakoak izan nahi. Ez dugu masa-turismorik nahi. Turismoa kontrolatu nahi dugu, hori da aurkitu beharreko gakoa», dio. Ohitura berriak Groenlandiaren etorkizuna itsasoari lotuta dago. Izan ere, lurraldeak Danimarkatik independizatu nahi du, nahiz eta horrek Kopenhageren dirulaguntzei uko egitea suposatu; gaur-gaurkoz bere aurrekontuaren herena litzateke hori, gutxi gorabehera. Ilulissaten, esaterako, non hiru biztanletik bat arrantzatik bizi den –irlako diru iturri nagusia–, aldaketa klimatikoa ondorio larriak eragiten ari da eguneroko bizitzan. «Ni gaztea nintzenean izotz gogorra zegoen, gainean lasai ibil zintezke», dio Lars Noasen marinelak Disko Bay badiako iceberg arrastoen artean nabigatzen duen bitartean. «Orain izotza jada ez da hain gogorra, ezin duzu ezertarako erabili. Ezin duzu lehen bezala txakurrek tiratako lera bat hartu eta arrantza egitera joan». Azken bi hamarkadetan, Groenlandiako izotz geruza mardulak 4,7 bilioi tona galdu ditu, bere horretan itsas maila 1,2 zentimetro igoz, Artikoa ikertzen dabiltzan ikerlari daniarrek kalkulatu dutenez. Izotzaren desagertzeak arrantzaleengan eragina du. Onerako zein txarrerako. «Izotzaren baldintzak aldatzen ari dira», dio Sascha Schiott Groenlandiako Baliabide Naturalen Institutuko ikerlariak. «Fiordo nagusia iceberg eta izotz bloke erraldoiez itxita egon ohi zen, eta arrantzaleek ezin izaten zuten bertatik nabigatu», eta egun posible da. Arrantza ontziak urte osoan atera daitezke orain eta horrek arrantzaren gorakada ekarri du. Era berean, arrainen tamaina txikitzen ari da gehiegizko arrantzaren eraginez. Hiriko portuan bere kanaberak prestatzen ari den Ejner arrantzale zailduaren ustez, errua termometroarena da. «Klima beroegia da orain eta arrainak oso txikiak dira». GROENLANDIARRAK, HONDARRA ERAUZI ETA ESPORTATZEAREN ALDE Groenlandiarren hiru laurdenek izotz geruzak urtzean uzten duen hondarra erauzi eta esportatzea babesten dute. Horixe da irlako mila biztanleren artean McGill Unibertsitateak zuzendutako ikerlari talde batek egindako inkestaren emaitza. Ikerketa “Nature Sustainability” aldizkarian argitaratu dute. Gehiengoak Groenlandiako agintariek hondarraren erauzketa eta esportazioak irlako ingurumenean eta ekonomian izango lituzkeen ondorioak aztertzea nahi du. Gainera, hondarra nork erauzi beharko lukeen galdetuta, gehienek bertakoen esku geratzea nahiko lukete, kanpoko kolaborazioa baztertuz. Aldaketa klimatikoaren ondorioz, hondar eta legar kopuru handiak ari dira pilatzen Groenlandiako kostaldean, eta mundu mailan elementu horien eskaera asko ari da igotzen azkenaldian. Horregatik, eskaera horri aurre egiteko aukera izan liteke Groenlandiatik esportatzea, eta horrek irlari aukera ekonomiko berriak irekiko lizkioke. Aipatutako ikerketa egin den arte, ordea, inork ez zuen ezagutzen bertako biztanleen iritzia gai horretan. «Dezente harritu ninduen hondarraren esplotazioak horrelako babes maila duela ikusteak», onartu du Mette Bendixen McGill Unibertsitateko Geografia Departamentuko irakasle laguntzaile eta ikerketaren egile nagusiak. «Lan honek argi erakusten du nola gero eta globalizatuagoa dagoen Artikoko biztanleria indigena horrek erabakitze prozesuetan parte hartu nahi duen, eta behar duen, Artikoko komunitateak bertan izaten ari diren aldaketetara moldatzeko moduak eztabaidatzen direnean». Groenlandian aurrez egin izan diren meatzaritza jarduerek ez dute beti kontuan izan bertako biztanleen iritzia lehen esplorazioa faseetan, eta askotan bertako komunitateen kontrako jarrera sutsuarekin egin dute topo. Orain artean, meatzaritzaren eraginaz egin izan diren ikerketak kanpo efektu negatiboen eta albo ondorioen ingurukoak izan dira, eta oso kasu gutxitan hartu ahal izan dute hitza Groenlandiako biztanleek erabakitze prozesuetan. Egileen arabera, ikerketa hau adibide ona da ikusteko Groenlandiak nola baliatu ahalko lukeen aldaketa klimatikoa bere mesedetan eta aukera hori sakonago aztertzeko dagoen babes maila indartsua erakusten du. Etorkizunean, ikerketa desberdinek Artikoan klimara moldatzeko hartzen diren erabakien ondorio ekonomiko, sozioekologiko eta psikosozialak ulertzen saiatu beharko dute, lurraldeko politika eta planifikazioa gidatzeko, eta balio kulturalak, ezagutza lokalak eta biztanleen parte-hartzea prozesu osoan kontuan hartzen direla ziurtatzeko. Palle Jeremiassen, Ilulissat hiriko alkatea: «Ez dugu Islandia bezalakoak izan nahi. Ez dugu masa-turismorik nahi. Turismoa kontrolatu nahi dugu, hori da gakoa» Laila Sandgreen irakaslea da Ilulissaten turismoaren aukerak jorratzen ari den herritar bat, nahiz eta agintariek kezka agertu duten turismo horren albo ondorioengatik