2022 IRA. 24 BTN 2022 BERTSOAREN SOKA TENKATUTA, HITZEN AKROBAZIEN ZAIN Badator 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Getxon hasiko da gaur eta sokaren beste muturra, Iruñean, abenduaren 18an. Tarte horretan 42 ahots, kasik 1.400 bertso, gozamena, urduritasuna, ezusteko gozoak eta erorialdi mikatzagoak kabituko dira. Hitzaren kirol nazionalak altxatzen duen olatu handiena da txapelketarena, lau urtean behingo aparraldi gozoa. Aurtengoa bost urteren ondotik dator, pandemiaren kolpearen ostean plazaren osasuna bizkortzeko zain egon baitira. Bertsozaleen artean igartzen da gogoa, sarreren salmenta oso bizi joan da. Parte hartuko duten bertsolarietako batzuk. Idoia ZABALETA|FOKU (Idoia ZABALETA | FOKU) Amagoia Mujika Nerea Erbitik eta bere taldeak prestatu dute aurtengorako sintonia. Duela egun batzuk Amasa-Villabonan izandako ekitaldian zuzenean jo zuten doinua eta dagoeneko sumatu zen hemendik eta abenduaren 18ra bitartean nola piztuko dituen bertsolariak eta bertsozaleak. Nola doinua entzun orduko tenkatuko den soka, hitzaren akrobatek pausoan, saltoka edo txirinbueltaka pasatzeko ariketaz ariketa, bakoitzak nahi duenetik eta ahal duenetik. Txapelketaren lehen txanpan, 36 bertsolari lehiatuko dira, herrialdeetako txapelketetatik sailkatutakoak. Horietatik herenak berriak dira, lehen aldiz arituko dira Txapelketa Nagusian. 16 gipuzkoar, 10 bizkaitar, bost nafar, bi arabar eta hiru lapurtar abiatuko dira lehen fasean. Finalaurrekoetan sartuko dira sokara 2017ko bost finalista: Unai Agirre, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendi. 2017an finalean aritutako Igor Elortzak eta Aitor Sarriegik agur esan diote txapelketari. Beraz, aurtengo finala derrigorrean izango da berria parte hartzaileetan. Nerea Erbitik eta bere taldeak egin dute sintonia: Idoia ZABALETA | FOKU Hamabost bertsolari berri eta hamabost emakume. Txapelketak zein kolore ekarri ditzakeen begitandu daiteke datuei erreparatuta. Belaunaldi berri baten etorrera ikusiko da eta emakumeen ahotsaren ozenagotzea. Kristina Mardaras izan zen Txapelketa Nagusian kantatu zuen lehen emakumea, 1986an. 1993ko txapelketan bi emakume izan ziren eta geroztik gora egin du kopuruak. 2009, 2013 eta 2017ko txapelketetan hamahiru emakume aritu dira. Aurten, koska bat gora, hamabost izango dira. Bizkaiko eta Nafarroako azken txapeldunak emakumeak izan dira, Nerea Ibarzabal eta Saioa Alkaiza hurrenez hurren. Inorentzat harriz betetako motxila izateko asmorik gabe, ez da apartean uzteko datua. Txapelketaren berritasunak asko izan daitezke. Batzuk talde antolatzaileak marraztutakoak; gehienak, bertsolarien jardunak eta bertso bakoitzak ekarritakoak. Bigarren parte horretakoak ezin daitezke aurreikusi, horixe inprobisazioaren xarma. Antolaketari begira, berritasun nabarienetakoa finalaren toki aldaketa izan da, Barakaldoko BECetik Iruñeko Nafarroa Arenara. Bertan prestatuko dute 13.000 lagunentzako tokia eta oso esanguratsua izan da sarreren salmentak izan duen erritmoa. Bertsozalea grinatsu dago. Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña 2001eko finalean. Jon URBE | FOKU Ganbarako lana Beste berritasunetako bat, saioen aurreko eta ondorengo tertulietarako gaia emango duena, kartzelako ariketaren izen aldaketa da: aurrerantzean, «ganbarako» ariketa izango da. Fernando Artola Bordarik asmatu zuen txapelketako kartzelako lana 1960ko hamarkadako txapelketan, 1935 eta 1936koetan bakarka gai bera emanda bertsolarien denbora aukerak berdintze aldera. Ordura arte gaia jarri eta bertsolari guztiek txandaka kantatzen zioten gai berdinari. Horrek desoreka handia sortzen zuen, azkenak kantatzerako denbora tarte handia baitzegoen. 60 urtez «kartzela» deitu izan zaio txapelketan bertsolariak bakarka gai beraren aurrean probatzeko lanari. Ariketak bere horretan jarraituko du, baina Bertsozale Elkarteak izen berria jarri dio: ganbara. «Ganbarak goxotasuna, isiltasuna, aurre-lana… iradokitzen ditu. Etxean dagoen gela bat da, baina aldi berean aparte. Garuna edo logelari ere deitzen zaio ganbara. Garai bateko baserri lanetan, ganbaran edo ganerrean artoa aletu bitartean bertsotan egiten zen bertan eta zenbait bertsolariren entrenamendu edo lan-leku ere bada. Oroitzapen politekin lotu izan da normalean», azaldu dute Bertsozale Elkartetik. Gaiak ere berriak izango dira noski, gai-jartzaile talde zabal eta askotarikoak neurri-neurrira 2022ko Txapelketa Nagusiarentzat brodatutakoak, asko hausnartutakoak, gaurkotasunak blaitutakoak eta zartatutakoak. Hamalau lagun ari dira aurtengorako gaiak atontzen, bederatzi emakume eta bost gizon. Bertsolarietan bezala, gai-jartzaileetan ere belaunaldi desberdinak korapilatzen dira. Gai-jartzaile horietako batzuk gai-emaile arituko dira saioetan. Baina nabaria da atzetik taldeko lana dagoela horretan ere. Bertsolari Txapelketa Nagusia orkestra baten antzekoa da, bakoitza bere tresnarekin, denak dira beharrezko azken doinua gozagarria gerta dadin. Aulkiak paratzen dituztenak ere ezinbestekoak dira. Getxon jarriko da makineria martxan. Hor estreinatuko dituzte aurtengo petoak boluntarioek. 2017ko finaleko une bat. Luis JAUREGIALTZO | FOKU 42 bertsolari 42 bertsolari arituko dira txapelketan. 36 abiatuko dira lehen fasean, herrialdeetako txapelketetatik sailkatutakoak. Sei bertsolariz osatutako sei talde egingo dira eta saio bakarrera lehiatuko dira. Talde bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da hurrengo fasera; puntu gehien batzen dituztenekin osatuko da finalaurrekoetara igaroko den taldea. 25 urteko aldea 25 urteko aldea dago parte hartzaile gazteenaren eta zaharrenaren artean. Gazteena, Gorka Pagonabarra, 2000. urtean jaioa. Zaharrenak, Unai Agirre eta Aitor Mendiluze, 1975ekoak. Batezbestekoa, 35 urte 35 urte, hori da parte hartzaileen batezbestekoa. Lehen faseari erreparatuta, 33 urtekoa da. Hamabost bertsolarirentzat lehenengo txapelketa nagusia da. Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluzerentzat, zazpigarrena. Lujanbio finalista izan da 1997tik gaur arteko txapelketa guztietan. %35,7 emakumeak %35,7 dira emakumeak parte hartzaileen artean, guztira 15 izango dira, horietako bat egungo txapelduna eta aurtengo lehen finalista. 2017ko txapelketan emakumeak %30 izan ziren. Bizkaiko eta Nafarroako azken txapeldunak emakumeak izan dira. 13.000 lagun Nafarroa Arenan Abenduaren 18an Iruñeko Nafarroa Arenan 13.000 lagunentzako tokia paratuko dute, lehendabizikoz finala bertan izango baita. Finalak Donostian errotuta egon ziren 1935-2001 urte bitartean. 2005ean Barakaldoko BECera egin zuen salto. Eta, aurten, Iruñera. Ganbarako lana Kartzelako lana «ganbarako» lana izango da aurrerantzean. 60 urtez «kartzela» deitu izan zaio txapelketan bertsolariak bakarka gai beraren aurrean probatzeko lanari. Ariketak bere horretan jarraituko du baina Bertsozale Elkarteak izen berria jarri dio: ganbara. «Ganbarak goxotasuna, isiltasuna, aurre-lana iradokitzen ditu. Etxean dagoen gela bat da, baina aldi berean aparte». 1.396 bertso 1.396 bertso puntuagarri entzungo ditugu Bertsolari Txapelketa Nagusian, dena espero bezala joaten bada. Lehen txandan, hamabosna bertso josi beharko dituzte; lehen finalaurrekoetan, hamasei; bigarren finalaurrekoan, hamalau. Finalean, 25 bertso guztiek eta buruz burukora iristen diren bi bertsolariek, beste hamarna.