2022 URR. 08 Elkarrizketa Martin Aramendi Arana Bertso epailea «Epaitzeko irizpideak eta epaileok beti bertsolarien atzetik goaz» Bertsoa epaitzea ez da erraza. Baina txapelketa izatekotan, norbaitek banatu behar ditu puntuak, ahalik eta justuen. Horretan aritzen dira bertso epaileak. Prestakuntza sakona eta jarraitua dago epaile bakoitzaren atzean. Amagoia Mujika Bertsoa zenbakitan kabiaraztea ez da samurra. Bertsoa epaitzea ez da erraza, baina txapelketak horixe eskatzen du, puntuak banatzea eta puntu gehien onenari ematea. Martin Aramendik ondo ezagutzen du prozesua, kasik 25 urte daramatza-eta epailetzaren inguruan. Aurten epaileen arduradun lanetan dabil. Nolakoa da epaileentzat txapelketa sasoia? Garai bizia. Foku nagusia bertsolariengan jarrita dago, baina txapelketa garaian emaitza ere garrantzitsua da eta hori epaileok ematen dugu. Txapelketan, gainera, entzule bakoitza da epailea eta zorrotza, gainera. Saio ostean epaia denen ahotan egoten da. Gutxi aipatzen bada, seinale ona. Tentsio handiko momentuak izaten dira, baina garai polita da. Kasik 25 urte daramatzazu epailetzaren inguruan. Nola garatu da? Aldaketa nagusia irizpideetan izan dela esango nuke. Gu hasi ginenean oso adierazpide sinpleak ziren, baina balio zuten orduko bertsolaritza epaitzeko. Esan behar da irizpideak eta epaileok beti bertsolarien atzetik goazela. Bertsolariek horretan ere koska kentzen digute. Orduko irizpideak oso sinpleak ziren eta mugarria izan zen Joxerra Gartziaren tesia –“Gaur egungo bertsolarien baliabide poetiko-erretorikoak. 1999”–. 2001eko txapelketarako tesi horretan oinarritutako irizpideak prestatu zituen Bertsozale Elkarteak. Harrezkero ukitu batzuk besterik ez zaizkie egin. Tesi horretan bertsoa komunikazio ekintzatzat hartzen da eta horren inguruan daude zehaztuta irizpide guztiak. Bertsoa komunikazio ekintza da. Hori da abiapuntua. Bai, hori da oinarria, eta epaileok bertsoa entzuten dugunean, hori da baloratzen dugun lehen gauza; nola gauzatu den komunikazio ekintza hori, etenik egon ote den... Gero, betiko irizpideak daude: neurria, errima, gaiarekiko koherentzia, zuzentasuna... Beti hartzen da kontuan bertsoa ahozko komunikazioa dela eta ahozko hizkeraren ezaugarriak izan behar dituela: baliabide poetiko erretorikoak, doinua, kantaera... dena hartzen da kontuan. Hori dena zaku batean sartu, epaile bakoitzaren galbahetik pasatu eta zenbaki bihurtzen dugu bertso bakoitza. Zaila. Bai, baina jardutearen poderioz eta ariketa hori egitearen poderioz, ohitu egiten zara. Ni ez naiz ari epaile txapelketa honetan, baina epaile txipean jarriz gero, gai naiz bertso bat entzun eta zenbaki bat jartzeko bertso horri. Bertsolaritza euskararen gainean josten da. Azken urteotan majo aldatu da euskara. Euskara mailak behera egin du kalean, ezta? Kontuan izan behar da txapelketa nagusian dabiltzan bertsolari guztiek euskara maila oso ona dutela. Beste gauza bat da bertsotan eta bat-batean euskara maila hori islatzeko gai izatea. Bertsoa bat-bateko ekintza da eta horrek baldintzatu egiten du. Baina niretzat, eta epaile gehienentzat seguruen, larriagoa da euskararen zuzentasunari loturiko akats bat poto bat baino. Poto bat ondo sartuta badago, komunikazio ekintzari kalte egiten ez badio... ez da larria. Egia da zigortu egiten dela eta nahikoa da epaile bakoitzak puntu bat kentzea azken emaitzan dezente sumatzeko. Baina euskararen aldetik egiten diren akats horiek krakatekoa eragiten dute eta komunikazio ekintzari eragiten diote, eten egiten dute. Gero epaile bakoitza desberdina da eta bakoitzak bere sentsibilitate maila dauka akats horien aurrean. Kalean bezala oholtzan, gero eta ohikoagoak dira beste hizkuntzetatik ekarritakoak. Bai, hori gero eta gehiago ikusten da. Uste dut alderdi hori gehiago zaindu beharko genukeela, bai guk, bai bertsolariek. 80ko eta 90eko hamarkadetan forma gehiago zaintzen zuten bertsolariek, oro har, eta garrantzia handia ematen zioten. Gaur egun edukiak garrantzia handiagoa dauka eta horrek eragina dauka erabiltzen den hizkeran, erriman... Bertsolari batzuk badira errima estua erabiltzen dutenak, baina azken urteotan joera da errima hori zabaltzera jotzea. Hori dator edukiari garrantzia handia ematen zaiolako. Bertsolariari eskatzen zaio gai guztiei buruzko iritzi jantzia eta originala izatea. Eta bertso guztietan harritzea, eta hori ezinezkoa da. Bat ona nahi dugu eta hurrengoa hobea, eta askotan ez gara konturatzen hori oso zaila dela. Epaile taldea askotarikoa da, anitza, publikoa adinakoa. Garrantzitsua da aniztasun hori. Epaile taldean jende asko gaude, lanbide askotarikoa, adin desberdinetakoa... aniztasun hori badago. Gure prestakuntza saioetan atzematen da hori; ez daukagu ibilbide bera, formakuntza bera, zaletasun berak... Baldintza jakinik ba al da epailea izateko? Bertsozalea izatea, noski. Orain epaile gabiltzanok ikastaro bat egin dugu eta trebatze saio ugari. Finean, saio horietan erakutsi behar duzu gai zarela bertsoa puntuatzeko eta puntuazio hori arrazoitzeko. (Jon URBE / FOKU) Trebakuntza saioak aipatu dituzu. Aldaketa gertatu da hor, azken urteotan epaileak etengabeko formakuntzan ari zarete eta. Bai, hori da. 2017an egin genuen pausoa. Konturatu ginen inertziaz funtzionatzen genuela. Gipuzkoako txapelketa etortzen zen, eta Gipuzkoako taldea hasten zen lanean; Euskal Herriko Txapelketa etortzen zen, eta Euskal Herriko taldea hasten zen. Eta ikusten genuen formakuntza iraunkorra behar genuela. Talde bat osatu eta Moodle plataforma digital bat sortu genuen norberak etxetik lan egiteko. Epaileek etxean bakarka lan egitea ere oso garrantzitsua da. Gero, saio presentzialak egiten ditugu, baita saio tematikoak ere; umorea, generoa... hainbat gairen inguruko ikastaro txiki bat jasotzen dugu eta gero ikuspuntu horretatik bertsoak entzun eta eztabaidatu. Trebatze saio horiek oso interesgarriak dira. Bertsolari bati baino gehiagori entzun izan diot txapelketak duen onena aldez aurreko prestakuntza dela eta epaileen kasuan ere nik, behintzat, hori nabarmenduko nuke. Prestakuntza saio horietan ikusten dugu besteek zeri erreparatu dioten, nola argudiatu duten... Ikaskuntza garrantzitsua eta polita da agian guri alde egin diguten hainbat detaile beste kideen ahotan entzutea. Hainbat gairen inguruko ikastaroak aipatu dituzu. Badira politikoki zuzenaren marra gero eta zurrunagoa ote den esaten dutenak. Bai, eztabaida hori hor dago. Berez politikoki zuzenaren marra ez dago irizpideetan jasota; hori ez dago idatzita. Baina nik uste dut denok daukagula presente eta behin hori barneratzen duzunean, zaila dela hori gabe epaitzea. Kasuak eta kasuak daude, epaile batzuek besteek baino azal finagoa daukate... baina ez da helburua denok berdin epaitzea. Denok ez dugu berdin epaitzen, denok ez dugu bertsoa berdin bizi eta desberdintasun horiek epaian islatuta egotea normala da eta horrela izan behar du, gainera. Aurten epaileen prestakuntza saioetan bertsolariek ere parte hartu dute. Saio bat egin genuen bi bertsolarirekin: Unai Iturriaga eta Eli Pagola. Askotan aipatu izan dugu akaso batzuetan bertsolariak esan nahi duen hori ez dugula harrapatzen edo ihes egiten digula. Interesgarria iruditu zitzaigun bi bertsolari ekarri, gaiak bertan jarri, zuzenean bertsotan aritu eta zuzenean epaitzea. Eta ondoren, beti egiten dugun ariketa: epaia argudiatu eta eztabaidatu. Eta bertsolarien iritzia ere entzun genuen, epaia haiek nola bizi zuten ikusteko. Oso-oso interesgarria izan zen, emaitza ederra eman zuen ariketak eta errepikatzeko modukoa izan da, inongo zalantzarik gabe. Txapelketak iraun bitartean epaileak elkartzen dira puntuazioak errepasatzeko? Ez, epaitzen ari direnak ez, baina gu arduradunok, bai. Puntuazioak begiratu eta gauza zenbait markatzen ditugu; zerbait berezia gertatu bada, gaiak bertsoaldiak baldintzatu baditu, tarte handia egon bada epaile baten puntuaziotik beste batenera... Lau puntuko aldea badago, adibidez, markatu egiten dugu. Eta markatzen ditugun gauza horiek txapelketa ondorengo gure trebatze saioetan aztertu egiten ditugu. Nabarmendu nahi nuke bertsolariek bat-batean jarduten dutela eta guk ere, epaileok, bat-batean jarduten dugula. Aipatu dugun irizpide zerrenda horren galbahetik pasatu eta unean bertan bihurtu behar dugu bertsoa puntu. Agian, zailena hori da, bat-batean entzun, puntuatu eta hurrengo bertsora pasatzea. Beti ez da erraza; gerta daiteke bertso baten puntuazioarekin bueltaka geratzea. Baina komeni da puntuatu, ahaztu eta hurrengora pasatzea. Kontzentrazio mailari eustea eta kontzentrazio maila horrekin puntuatzea ondoren datozen bertso guztiak. (Jon URBE / FOKU) Epaile lana eskertua baino gehiago da egurtua. Eta, hala ere, ez da epailerik falta, ezta? Egia esan, garai eskasagoak izan ditugu, baina azken hamar urteotan Gipuzkoan eta Bizkaian talde sendoa dago. Bai, badu zerbait epailetzak. Behin hor sartzen denak eta gustura dabilenak eutsi egiten dio. Eta ez da diruagatik: gasolina ordaintzeko ematen du justu. Eta saio bat askoz gehiago gozatzen duzu entzule bezala epaile bezala baino. Baina bitxia da: jendea lotu egiten da epailetzara. Gozatu egiten da epaitzen? Bai, gozatzen da. Nahiz eta sekulako tentsioa eta ardura izan, gozatzeko tartea izaten da. Gozatzen da, batez ere, saioa ona doanean eta bertsolari bat edo bi nabarmen goitik ari direnean. Kasu horietan epaia errazagoa da; jende guztiak buruan dituen bi horiek agertuko dira puntuazioan goiko partean eta ez dago arazorik. Okerragoa da saioa lau-laua izaten denean eta nor gailenduko den ikusten ez denean. Epaile talde handia dago eta txapelketa nagusirako batzuk aukeratu behar dira. Hori ere ez da samurra izango. Ez, epaileen ardura dugunontzat lan okerrena hori da. Epaile taldean, guztira, 40 bat epaile izaten dira; horietatik, 30 inguru prest-prest txapelketa nagusian aritzeko. Horietatik 21 aukeratu behar izan ditugu. Eta Mikel Beaumont eta biok ordezkoak gara. Hemen ere ikusten da garapena. Gogoan dut 1997 eta 2001eko txapelketetan zazpi epaile aritzen zirela txapelketa osoan. Eta gizonezkoak ziren nagusi. Geroztik hasi ginen epaile taldea aldatzen fasetik fasera. Batetik, gogorra da asteburuero epaitzen aritzea eta, bestetik, epaile taldea handitu ahala jende gehiagori aukera ematea egoki ikusi zen. Hala ere, nahiz eta trebatze saioetan parte hartu eta gaitasuna eta gogoa izan, epaile askok kanpoan geratu behar izan du. Hori da gogorrena, aukeraketa hori egitea. Lurraldetasuna, generoa, adina... hartzen ditugu kontuan aukeraketa hori egiteko. Aurten, lehen fasean lau gizonezko eta hiru emakumezko ari dira epaitzen. Eta bigarren fasetik aurrera, emakume gehiago izango dira gizonak baino. Finaleko taldean ere emakume gehiago izango dira epaile taldean. Ezustekoak ere izango dira. Bai, gertatzen dira. Saio baten erdian komunerako larrialdi bat izatea epaileren batek, saiora justu-justuan iristea... Lehengoan aipatzen aritu ginen lau epaile auto berean etorri zirela saiora eta istripuren bat edo gertatuz gero, ia nola konponduko ote ginen. Tira, zerbait pentsatuko genuen; ordezkoak deitu eta, bestela, epaile gutxiagorekin aritu eta formula matematikoren bat baliatu azken emaitza parekatzeko... Gertatzen dira ezustekoak, baina ez askotan. «El bertso es una acción de comunicación. Los jueces, cuando escuchamos el bertso, lo primero que valoramos es cómo se ha llevado a cabo esa acción comunicativa. Luego vienen los demás criterios»