GAUR8 - mila leiho zabalik

Jantzi txamarra!


Iritsi da udazkena, hasi da ikasturtea eta konturatzerako, inguruan, eztulka, muki jarioarekin, sabeleko minez eta komunetik urrundu ezinik daukat jendea. Urteroko kontua da, ohituta beharko nuke, baina uda parteko hiruzpalau hilabeteko burbuilatik irtetea kosta egiten zait. Lasai: maiatzera arte badaukat astia moldatzen joateko.

Egoera zailenetatik ere zerbait ona atera daitekeela esan ohi da. Eta jada ahaztu samar daukagun covid-19aren pandemiak hainbat irakaspen utzi dizkigu. Esaterako, birusen hedapenari buruz asko ikasi dugu –edo ikasteko aukera izan du, behintzat, interesa erakutsi duenak–, nahiz eta ikasitako hori praktikan jartzea asko kostatzen zaigun heriotzaren mehatxua gertu sumatzen ez badugu.

Covida bezalaxe, badakigu hotzeria, gripea eta antzeko gaixotasunak sortzen dituzten birusak airetik hedatzen direla batez ere, eztul eta doministikuen ondorioz, eta garbitasunak ere garrantzia duela, birusa gainazalen batean badago, eskuekin ukitu eta eskua ahora edo sudurrera eramanez gero. Pandemia garaian hedapen modu horiei buruz hainbat ikerketa egin dira eta ñabardurak egon daitezkeen arren, esan dezagun, oro har, horrela dela.

Horregatik, grazia egin zidan gogoratzeak, umea nintzela, zenbat aldiz entzungo ote nuen inguruko helduen agindua: «Jantzi jertsea/txamarra, bestela hoztu egingo zara-eta». Oraindik orain, gurasoek haurrei zuzendutako agindu ohikoenetako bat izaten da.

Eta, hara non, sarean arakatzen nenbilela, hotzak birusen infekzio ahalmenean duen eraginaz, beste hainbat ikerketaren berri izan dudan. Antza denez, eta erabat frogatzea zaila den arren, gerta liteke hotz edo busti egoeretan birusek infektibitate handiagoa izatea. Beraz, eta zientziak besterik deskubritu artean, hobe amonari kasu egitea. •